Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Hiru emakume

Charlotte Bronteren “Jane Eyre”-n (1847) rol marjinala betetzen duen Bertha Mason “Rochester anderea”-ren istorioa kontatzeko helburuarekin idatzi zuen Jean Rhysek “Wide Sargasso Sea” (1966; Itzul. “Sargazo itsaso zabala”, 2005). Egile ingelesaren nobelan, senarraren familia-etxe handian teilatupeko gelan itxita bizi den emakume eroa da Rochester anderea. Lanean zehar behin ere ez zaigu azaltzen zein den haren istorioa, soilik duen buru-gaixotasunak bere jatorri kreolearekin lotura izan dezakeela. Rhys-en nobelan, berriz, Antoinette Cosway, Bertha Masonen “alter ego”-a, da protagonista eta Karibeko uharteetako batean jaiotzen denetik gizon ingeles batekin ezkondu eta Karibea uzten duen arteko epea azaltzen zaigu bertan. Azken horri egozten dio nobelak protagonistaren buru-galtzea. Bronteren lanean piztia exotiko moduan azaltzen den emakumea kolonialismoak sustaturiko genero eta arraza bereizketaren biktima da Rhysenean.

Genero ikuspegitik bere garairako nobela apurtzailea izan zen “Jane Eyre”, baina bere garaikoa ere bada testua: ingeles inperialismoaren ajeak nabarmenak dira kontatzen duen istorioan. “Sargazo itsaso zabala”-ri buruz gauza bera esan daiteke. Rochester andereari hitza emanda kolonialismoaren dinamiketako batzuei buelta ematen die nobelak, baina ez du sistema osoa erabat desegiten. Izan ere, Berthak/Antoinettek hitz egin dezan beste norbait isilarazten du Rhysek: kolonizatua, hots, Antoinetteren neskame beltza. Akaso, egunen batean norbaitek kontatuko du emakume beltzaren istorioa.