17/05/2019

Chronique
ZER
«Giza neurriko» abeltzaintza, lantoki eta lankide den natura errespetatzeko

Esnearen ekoizpenari begiratzea edo diru etekinetan arreta jartzea. Hor dago abeltzaintza iraunkor eta intentsiboaren arteko diferentzia. Natura bizirik mantentzearen aldeko hautua egin beharko luke gizarteak abeltzainen aburuz eta horregatik, non eta zer kontsumitzen dugun arreta jartzea eskatzen dute.

Ane URKIRI ANSOLA
0517_eko_abeltzaintza

«Gure bizi mailari eusteko bi Euskal Herri eta erdi beharko genituzke; beraz, norbaiti lapurtzen ari gara», zehaztu zuen Jakoba Errekondo ingeniariak.

«Kaletarrak nahiko galduta gaude», adierazi zuen Aitziber Sarobe biologoak abeltzaintzari buruzko mahai-inguruari hasiera emateko. Kontsumitzerako orduan egiten dugun hautuari buruz ari zen; ekologikoa, agroekologikoa edo intentsiboan lantzen diren modalitateetan arreta jartzen ote dugun zalantzan jarri zuen. Lehenago, Jon Murgiondo Aretxabaletako Etxezuri baserriko abeltzainak adierazi zuen jende oso gutxiri axola diola produktua zein modutan ekoitzia izan den, «arreta gutxi jartzen dute eta egin dugun aldaketaz ez dira jabetzen».

Murgiondotarrek, Jon eta Miren anai-arrebek, beraien gurasoek hasitako lanari duela gutxi heldu diote. Besteak beste, 300 ardi latxa dituzte, Idiazabal gazta egiteko. «Santomasetan hasi eta San Isidro bitartean aritzen gara gaztagintzan eta gaur azkena egin dugu; horregatik etorri ahal izan dugu hona».

Landarlan ingurumen elkarteak antolaturiko mintzaldia egin zuten asteazkenean Beasainen, eta bertara agertzeko aukera izan zuen baita Josebe Blanco abeltzainak ere, Antzuolako Pikunieta baserrikoak: «Nire bikotekideak eta haurrek baserri lanetan geratu ahal izan dutelako nago ni hemen».

Pikunietako familia honek 150 ardi latxa ditu eta urtean 12 mila litro esne ekoitzi eta 2 mila kilo gazta egiten ditu. Blancok garrantzi handia ematen dio ardien osasunari, eta horregatik ukuiluan oso egun gutxi igarotzen dutela nabarmendu zuen.

Nora bultzatzen gaituzte?

Jokin Aldazabal Euskadi Irratiko esatariak zuzendu zuen mahai-ingurua, eta pasadizo bat kontatu zuen, zeinetan abeltzain familia bat ohartzen zen zenbat eta modu ekologikoagoan ekoitzi, zenbat eta gehiago zaindu animalia zein ingurumena, orduan eta okerrago ateratzen zirela diru kontuak. Eta hortik etor daiteke Europan nekazari zein abeltzainek beren buruaz beste egitearen arrazoia.

Hain istorio latzarekin solasaldia hasita, Josebe Blancok adierazi zuen beraiek ekoizpen intentsiboa erabat baztertua dutela «koherentzia hutsagatik, tripak eta bihotzak agintzen digutelako, eta erantzukizun eta ardura sozialagatik».

«Giza neurriko» etxea dute, beraien lanaren jabe dira eta ohartarazi zuen natura beraien lantoki eta lankide dela, aldi berean. Natura bizi mantentzea, datozenentzako, izan zen mintzaldiko ondorio nagusia. Era berean, Sarobe biologoak adierazi zuen ingurumena kontuan hartu behar dela eta giza jarduera irizpideekin mugatu behar dela: «Bioaniztasuna ez da ebazten behar bezala eta naturak bere bidea hartu behar du».

Era berean, ez da ebazten administraziotik kontsumo arduratsuaren aldeko apustua. «Nora bultzatzen gaituzte, supermerkatuetara ala zuzeneko salmentara?», galdetu zuen Sarobek eta murgiondotarrak kexatu ziren lur onenak industriara bideratzen direla, beraien egunerokoa zailduz. «Gure bizi mailari eusteko bi Euskal Herri eta erdi beharko genituzke», zehaztu zuen Jakoba Errekondo ingeniari agronomoak. Beraz, «norbaiti lapurtzen ari gara».