Andoni ARABAOLAZA
TRAIL

Eli Anne Dvergsdal, ezusteanagertu den izar berria

Norvegiarrak eta Kilian Jornetek Zegama-Aizkorri mendi maratoia irabazi dute. Beroak ez du errekor berririk ezartzen utzi.

Atzoko Zegama-Aizkorri mendi maratoiari izenburua jartzeko orduan zalantzak izan ditugu. Lehen aukera honakoa zen: “Kilian Jorneten mitoa handitu da”. Bigarrena: “Beroak errekor berriak zapuztu ditu”. Eta hirugarrena, “Emakumeen artean Eli Anne Dvergsdaleren ezustekoa”.

Azkenean, hirugarren hori hautatu dugu; izan ere, ez genuen faboritoen artean kokatzen. Debutantea zen eta trail munduan ia-ia hasiberria. Alabaina, aurrerantzean kontuan hartzeko korrikalaria dela erakutsi zuen Zegamako lasterketan. 42 kilometro eta 2.736 metroko goranzko desnibela duen ibilbidean erabateko nagusitasuna erakutsi zuen. Erritmo oso egokian jardun zen une oro, eta, zaila badirudi ere, burua hotz mantendu eta ateratzen zituen aldeak ondo baino hobeto kudeatzen jakin zuen.

Hori gutxi ez, eta gizonezkoekin alderatuta duela pare bat urte Maite Maiorak ezarritako errekorretik (4:34:22) gertu ibili zen. Norvegiar gazteak 4:36:06ko denbora egin zuen: «Lehen aldia nuen Zegaman, eta onartu behar dut ibilbide ia osoan zegoen ikusle andanak harritu nauela. Nahiz eta bero izugarria egin, oso gustura jardun dut. Pozarren nago garaipenarekin eta eginiko lasterketarekin».

Bigarren sailkatua 11 minutu eta 24 segundora helmugaratu zen: Elisa Desco. Hirugarrena Amandine Ferrato izan zen, eta bosgarrena eta lehen euskal korrikalaria, Oihana Kortazar; irabazlearengandik 16 minutu eta 10 segundora.

Bederatzigarrena

Aukeratutako izenburua lehen aukerarekin lotuko dugu; izan ere, Kilian Jorneten izena ezin dugu azpimarratu gabe utzi. Zegamak antolatutako hamar ekitalditan izan da, eta dagoeneko bederatzi irabazi ditu; azkena, atzokoa. Dvergsdal suediarrak bezala, katalanak nagusitasun osoa erakutsi zuen. Faboritoen artean zeuden beste lehiakideak goitik behera menderatu zituen. Horrek ez zuen inor ustekabean harrapatu, eta horregatik ez dugu izenburu hori aukeratu.

Zalantza bakarra honako galderaren erantzuna zen: ezarriko ote du errekor berria? Bada, ezin izan zuen xede hori lortu. Eta horren errua bigarren balizko izenburuan aipatutakoak du: beroak. Stian Angermundek 2017. urtean sinatu zuen marka: 3:45:08. Lasterketa nola zihoan ikusita, bazirudien katalana gertu ibiliko zela edo berria ezarriko zuela. Baina beroak eten zuen progresioa, eta Zegaman 3:52:47 denbora egin zuen: «Beroak lasterketa osoa gogortu du. Hori dela-eta, 42 kilometroak ondo kudeatu beharra zegoen. Oso azkar atera gara, eta une batzuetan duela bi urte ezarritako errekorraren partzialak txikitzen ari ginen. Aizkorrin lehena nintzen, eta amaiera arte ondo neurtu ditut indarrak».

Bigarren sailkatuari, Bartolomiej Przedwojeswki poloniarrari, 2 minutu eta 39 segundo atera zizkion, eta hirugarrenari, Thibaut Baronian frantziarrari, 3 minutu eta 33 segundo. Euskal korrikalariei dagokienez, “ezustekoa” eman zuena Ander Iñarra izan zen. Denen ahotan Aritz Egea zegoen, baina beroak kalte egin zion urretxuarrari. Lezoarra, berriz, hamargarren postuan helmugaratu zen, Jornetengandik ia 20 minutura. Azkenik, gogoratu behar dugu aurtengo ekitaldiak Golden Trail Series zirkuitu pribatua zabaldu duela. Horren helburua: trail arloko korrikalari profesionalak bultzatzea. Hori dela-eta ikusi ahal izan ziren Zegamako irteera puntuan izen handiko lasterkariak. Horiek guztiek herrikoiekin 42 kilometroak partekatu zituzten; denera, 500 korrikalari izan ziren. Eta beste urte batez, ikusleen “berotasunak” ez zuen hutsik egin.