Ane URKIRI ANSOLA
ERNAI

GAZTEAK MENDEKO EGINEZ DIRUA EGIN NAHI DUEN NEGOZIOA

GAZTEEK IDENTIFIKATUTA DUTE ARAZOA, ETA EZ DA GUTXI. APUSTU-MAKINAK NONAHI DAUDE ETA OHIKOA DA INGURUAN GAZTEAK IKUSTEA. DURANGON, EZKURDI PLAZAN, HAUSNARKETA SERIOA EGIN DUTE IGOR MELTXORREKIN. HONEN USTEZ, EZ DA KASUALITATEA ERABILTZAILE NAGUSIAK GAZTEAK IZATEA. 

Heroina dosiak eta apustu-etxeek oparitzen dituzten bonuak; konparazio hori jarri du mahai gainean Igor Meltxorrek. 52 hitzaldi eman ditu dagoeneko apustu-etxeen inguruan eta tinko esaten du «beti ezagutu dugun auzolanetik abiatuta» gazteek panorama beltz hori alda dezaketela. Arazoa jada errotuta baitago gure gizartean, «betidanik apustu herria izan den aitzakiapean». 

Gazteek pairatzen duten prekaritateari aurre egiteko “Bizitzak biziarazi” dinamikan, Ernai gazte antolakundearen eskutik, garrantzi handia hartu dute apustu-etxeek eta horiek gazteengan duten eraginak. Ekimen honek hiru fase izan ditu: ostegunean herri mailan egin ziren ekintzak; atzo, eskualde mailan; eta gaur ekitaldi nazionala hartuko du Gasteizek. Bada, horren harira, Igor Meltxorrengana jo dute Anoeta zein Durangoko gazteek.

«Gizartean, oro har, baina batez ere gazteengan eragiten duen arazo nagusietako bat delako erabaki dugu hitzaldi hau antolatzea», azaldu zuen Peio Zabarte gazteak Durangon. Eta Igor Meltxorrek arrazoia eman zion. Arrazoia eman bakarrik ez, 80ko hamarkadan heroinak belaunaldi batengan izan zuen eraginarekin ere alderatu baitzuen arazoa, desberdintasunak izan arren. Heroina poliziaren bitartez iritsi zen gazteengana, «apustu-etxeak, ordea, hemengo jendeak sartu ditu» eta arazo bikoitza dela ziurtatzen du. «Jokoa ez da errenta» lema erabiltzen du, «baina oso errentagarria da betiko jauntxoentzat eta gure artean ere baditugu jauntxoak». 

«Dosi, prekaritate, gazteria, negozio eta errealitate» hitzekin laburbiltzen du Meltxorrek hitzaldia. Dosiak, esan bezala, «ongi etorriko bonuak» dira eta «badakite, heroinarekin bezala, atzetik datozen guztiak erabiltzailearen kontura izango direla». Ludopaten %75 18 eta 26 urte arteko gazteak direla dio Meltxorrek −emakumeak %10 dira− eta eman dituen hitzaldi guztietan beti omen dago norbait arazoak dituen ezagun bati buruz mintzatzen dena, baina inoiz ez daki benetan lagun bati buruz ari den edo bera den arazoa duena. Heroinazale bat ez bezala, ludopata bat identifikatzea nekeza dela ohartarazten du: «Gertuko norbait izan behar da, mendekotasuna duenak izan ditzakeen jokamolde edo jarrerak identifikatzeko». 

Isolamendua

Askotan bakardadean jausten dira, gaur egungo teknologien bitartez etxetik apustu egin baitezakete. Ez dute lagunartean egon beharrik eta, beraz, ez dute albokoen begirada jasan beharrik. Eta horrek arazoa larriagotu dezake. Isolamendua lazgarria izan daitekeelako. Bi datu kezkagarri lotzen ere ausartu da Meltxor. Esan bezala, apustuak egiten dituztenen hiru laurdenak gazteak dira; bada, suizidioen %20k ludopatia gaitza dute atzean. «Ez dakit zergatik jarraitzen duen kontu honek tabu izaten», adierazi du haserre. 

Aldaketak gazteen ekintzetatik etorri behar duela dio −«Euskal Herrian beti egin den moduan»−, baina, era berean, konpon dezaketena oso detaile txikiak direla onartu du: «Adibidez, Azpeitian bi tabernak erabaki dute kirol-apustu makinak eta makina txanponjaleak kentzea. Hori niretzat garaipena da. Edo presio sozialaren eraginez Bilboko autobusek ez dute jada kasinoen publizitaterik jartzen».

Arazoa aspaldikoa dela ere onartu du, eta makina txanponjaleen aferarekin ere antzekotasunak aurkitu ditu. 2007an banatu ziren lizentziak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2.300 apustu-makina daude. «Germena jada barnean daukagu» eta arazotzat jotzea beharrezko ikusten du. Ez du onartzen arazoak gizartearen %0,2ri eragiten diola eta halako aitzakiarik; «heroinaren portzentajea ere halakoxea zen eta Donostia mundu mailan droga adikzio handiena zuen hiriburua zela zioten». 

Apustu-etxeek dirutza inbertitzen dute publizitatean, marketinean, opari-bonuetan... «Zeinek oparitzen du dirua trukean ezer jaso gabe?», bota du galdera Ezkerraldeko errealitatetik datorren Meltxorrek. Publizitatean 68 milioi gastatu zituzten enpresa hauek 2013an; 2018ko datuek adierazten dute 168 milioi euro gastatu zituztela. Eta bost urtean 86 milioi euro gehiago banatu dituzte bonuetan. «Hau da, ia 300 milioi euro inbertitu dituzte azken bost urteetan», laburtu du. Eta hau guztia inongo kontrol zorrotzik jarri gabe. «Orain bertan norbaitek imajina lezake Bacardi Baskonia deitzea saskibaloi taldea?». Horra hausnarketarako galdera.