Maite UBIRIA
Baiona

LIZEOAREN ERREFORMAREN ZAIN, BAXOA EUSKARAZ EGITEKO ALDARRIA AHOAN

Lizeoaren erreformak arrangura berriak piztu ditu bai irakasleen artean bai euskaraz ikasi nahi dutenen artean ere. Lehenek, baxoa azterketari traba egin gabe, protesta deitu zuten. Bigarrenek, urtero bezala, goi ikasketak egiteko aukera zabaltzen duen proba osorik euskaraz egin nahi dutela argi utzi zuten Baionako Bernat Etxepare lizeoaren atarian.

Nafarroa Behereko, Zuberoako eta Lapurdiko lizeoetan beren azken ikasturtea –terminale delakoa– amaitu berri duten milaka ikaslek goi ikasketetara pasatu aurreko baxoa azterketari hasiera eman zioten atzo. Hiru egunez iraganen den azterketa, ohiturari jarraikiz, ikasle orok egin beharreko filosofiako probarekin abiatu zen, goizean goiz. Arratsaldean, berriz, sail orokorra edo sail teknologikoa hautatu zuten ikasleek frantsesezko azterketari egin zioten aurre; letrak hautatu zituztenek, berriz, literaturako proba egin zuten. Asteazkenean, finean, ekonomia eta gizarte saileko ikasleek zein literatura sailekoek zientziako azterketa pasatuko dute, hiru eguneko azterketa eta urduritasun maratoiari bukaera emanez. Pirinio Atlantikoetako departamenduan 7.168 ikaslek pasatuko dute baxoa aurten. Erdiak hiru euskal lurraldetako ikasleak dira, denetara 3.500 bat inguru.

Lizeoaren erreforma heldu den urtetik goiti indarrean sartuko bada ere, aurten hiru sailetako sistemaren arabera iraganen da baxoa. Departamenduko zenbakiak aintzat hartuta –horiek dira datu ofizial bakarrak–, sail orokorrak hartuko ditu azterketa egile gehien: 4.055 orotara (2.000 inguru Euskal Herrian). Sail orokorraren baitan dauden aukerak aztertuz gero, zientzia izan da, aurten ere, ikasle gehien erakarri duen aukera (2.228 ikasle departamenduan, mila pasatxo Euskal Herrian). Horren ondotik ekonomia eta gizartea agertzen da (1.301 ikasle departamenduan, erdiak Euskal Herrian), eta, azkenik, 526 ikaslek (250 inguruk Iparraldean) literatura aukeratu dute.

Aipatutakoak dira frantses Estatu mailan antolatutako azterketak utzitako zenbakiak. Horrez gain, lizeoaren erreformak sorturiko ika-mikak, alde batetik, eta euskarak –eta oro har gutxitutako hizkuntzek– hezkuntza sisteman izanen duten aitortza urriak, bestetik, markatu dute aurtengo baxoa gurean. Horren erakusle, Bigarren Hezkuntzako irakasleen sindikatuek greba deitu zuten atzo Jean-Michel Blanquer ministroak bultzaturiko erreforma arbuiatzeko. Hezkuntza Ministerioak emandako aginduek, hori bai, grebaren eragina murriztu zuten. Izan ere, azterketa zentroetan zaintza lanak ziurtatzeko nahitaez irakasle kopuru jakin bat izatea bermatzeko erabakia ezarri zuen Parisko Gobernuak. Edonola ere, hainbat lizeotan sindikatuek protesta ekimenak bultzatu zituzten. Kasu gehienetan, azterketa egunaren paisaian aztarna gehiegi utzi gabe.

Kezka zaharrak eta aukera berriak

Lizeoaren erreformak kezka berriak eragin dizkie, bestalde, gutxitutako hizkuntzek frantses hezkuntza sisteman izaten duten tratamendua dela-eta dagoeneko buruhauste franko zituzten Seaskako zein sare elebiduneko ikasleei. Horren adierazle, iragan hamarkadan abiatutako protestari jarraipena emanez, baxoa osorik euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko protesta burutu zuten atzo Bernat Etxepare lizeoan.

Iaz, Rene Cassin lizeoaren aurrean egin zuten ekimena. Aurten, berriz, Seaskako lizeoa azterketa gune gisa aukeratu dutela baliaturik, bertako atarian egin zuten protesta atzo eguerdian. Fatxadan ezarritako pankarta erraldoiaren azpian, hamarnaka gaztek eskola euskalduntze prozesuan ezinbesteko tresna dela aldarrikatu zuten.

«Gure eskola denbora osoa euskaraz pasatu ostean ez dugu normala atzematen baxoa frantsesez egin behar izatea», azaldu zigun, tixerta berdea soinean, elkarretaratzean parte hartu zuen Aña Iriart gazteak. Ekonomia eta gizarte azpisaila hautatu ondoren baxo orokorra pasatu beharra duen ikasleak historia eta geografiako proba eginen du gaur, euskaraz. Atzo, filosofiako azterketaren baitan pausaturiko galderei frantsesez erantzun behar izatea «arrotz» egin zitzaiola aitortu zigun.

Egiari zor, filosofiako proba berez ere bada ariketa berezia. Horren adibide, ikasgelatik haratago gizarteari dagozkien eztabaidak izan zituzten atzo hizpide ikasleek filosofiako azterketan. Sailez sail galderak ezberdinak badira ere, «morala politika eredu onena den» edo «ardurak hartzeak bizitzan askatasunari uko egitea dakarren» bezalako galderak erantzun behar izan zituzten. Itaun sorta horretan, frantses Errepublikak euskararen inguruan agertzen duen jokabideari buruz gogoeta egiteko aukera eskaintzen zuen galdera bat ere bazen: «Pertsonen arteko anaitasunaren ikuspuntutik, kultur aniztasuna oztopo al da?».

Zalantza filosofikoaren aurrean erantzun pedagogikoa hobetsita, Iban Thicoipe Bernat Etxepare lizeoko zuzendaria argi mintzatu zen atzokoan: «Hamabost urte badira lortu genuela historia eta geografiako azterketa euskaraz egitea, zortzi urte badira matematikako proba euskaraz egiten dela. Bada, gure ustez, ez da arazorik gainerako ikasgaiak ere euskaraz egiteko, hala badakite bai ikuskaritzak bai ministerioak». Lizeoaren erreforman euskarari eskainiko zaion tokia argitu gabe den honetan, Thicoipek proposatu zuen «fisika eta biologiako proba heldu den kurtsotik bertatik euskaraz egitea». Bide batez, «denborari ihes egitea posible ote da?» filosofiako azterketako galderari erantzuteko bide alternatiboa jarri zuen mahai gainean...