21/06/2019

Lekuko energia berriztagarria eskaintzeko prest da Enargia

Uztailaren 1etik aurrera, kontagailu elektriko bat duen Ipar Euskal Herriko edozein biztanlek sortu berri den Enargia kooperatibak eskaintzen duen «lekuko energia berriztagarria» kontsumitu ahal izango du. Tarifak ohiko enpresek ezartzen dituzten berak izango dira.

Haritz LARRAÑAGA|AZKAINE
0620_eko_enargia

Kooperatiba berria aurkezteko Azkainen egin zuten prentsaurrekoan honela mintzatu zen Iban Lizarralde Enargiako lehendakaria: «Beste edozein hornitzailek bezala, 1.500 bezerori elektrizitatea eskaintzeko moduan gaude; alde bakarra da guk eskaintzen dugun energia %100 berriztagarria dela eta lekuko ekoizleek sortua dela».

Nagusiki Biarnoko enpresa hidroelektriko batek sortutako energiaz baliatzen da egun Enargia, baina etorkizunean Euskal Herrian sortzen den «energia berdea» biltzen duten I-Ener edo GoiEner bezalako enpresekin lan egiteko asmoa dutela azaldu zuten.

Lekuko eragileekin lanean

Hain zuzen ere, I-Ener elkartea izan zen Ipar Euskal Herrian energia berriztagarria sortzeko martxan jarri zuten lehen egitasmoa. 2014. urtean eguzki energia baliatzeko apustua egin zuten «modurik bideragarriena» zela iritzi ziotelako, eta jada, 15 zentral fotovoltaiko eraiki dituzte. Gainera, eguzki panel gehiago ezartzeko zein bestelako baliabide naturalak erabiliz energia ekoizteko egitasmoak martxan dituzte.

Aldiz, «I-Ener elkarteak egun eskaintzen duen energia kantitatea ez da nahikoa gure eskaerari erantzuteko», azaldu zuen Lizarraldek. GoiEner kooperatiba, berriz, Hego Euskal Herrian dagoenez, eskaintzen duen energia eskuratzeko zailtasunak daude, baina «aurrera begira bide hori jorratu nahi dugu, zeren I-Enerek pixkanaka gero eta energia gehiago ekoiztuko du, eta GoiEnerrekin lan egin ahal izateko egin beharreko urratsak egingo ditugu», argitu zuen Enargiako lehendakariak.

Burujabetza energetikoa

Laura Dubernet Enargiako marketin arduradunak, «energia hornitzaile nagusien tarifa berberak» eskainiko dituztela iragarri zuen. Dubernetek azaldu zuenez, «gure bezero izateko jarraitu beharreko urratsak oso errazak dira, soilik Enargia.eus webgunean dagoen formulario bat bete behar da, eta horren ostean, kontratu aldaketa guk geuk kudeatzen dugu; beraz, bezeroak ez du elektrizitate etenik izango, ezta teknikari baten bisitarik jasoko ere».

Enargia, lekuko energia berriztagarria eskainiko duen lehen kooperatiba da Estatu frantsesean, eta aurrera begira, gasa eskaintzeko asmoa ere badutela iragarri zuen kooperatibako lehendakariak, «prozedura bera baita». Edonola ere, «oraindik zehaztasunak emateko goiz» dela ohartarazi zuen Lizarraldek.

Energia sortzen denetik bezeroei helarazten zaien arte hiru eremu bereizten dira eta enpresa berberak ezin du bi eremutan lan egin. Energia sortzea eta hornitzea «eremu irekiak» dira, baina energia garraiatzea soilik Estatuko enpresei dagokie. Ondorioz, lekuko energia sortzeko I-Ener elkartea sortu zen, eta orain, eskuratutako energia berriztagarria eskaintzeko pausoa eman du Enargiak. Azken helburua, Lizarralderen hitzetan, «burujabetza energetikoa baita».