23/07/2019

Reportage
 
HENDAIAKO UDALAK LEGARRALDEA EROSI DU LABORANTZARAKO LURRAK MANTENTZEKO

Lapurdiko kostaldean laborantzako lurrak gero eta urriagoak dira, eraikitzaileen presioa tarteko, lur eremuak urbanizatzeko joera gailentzen delako. Egoerari aurre egiteko urrats esanguratsua egin berri du Hendaiako Herriko Etxeak Legarraldeko eremua erosita.

Arantxa MANTEROLA
0721_eh_hendaia

Egun, orotara, 50-60 hektarea ditu Hendaiak landa-lur gisa izendatuak eta soilik hiru ustiatzaile laborantza jardueran. Legarraldeko jabeek beren 20 hektareako saila (horietatik 8 Urruñako udalerrian daude) salgai jarri zutenean, Udalak lurrak erostea deliberatu zuen.

Ez zen, ordea, bat-bateko erabakia izan, ezta eztabaidarik gabe hartutakoa ere. «Aurreko legealdian Battit Sallaberri auzapezaren gidaritzapean zegoen udalak eremua urbanizagarri gisa izendatua zuen eta, hortaz, bertan etxebizitza andana eraikitzea ahalbidetzen zuen. Alta, Hirigintza Plangintza berritu delarik, lur horiek landa-lur gisa izendatu dira berriro. Gobernuan gauden taldeen artean ikuspegi desberdinak zeuden; batzuek zati bat eraikigarri mantendu nahi zuten. Biharko Hendaia taldetik, berriz, hasieratik defenditu genuen atzera laborantza eremu gisa izendatzea», adierazi dio Udaleko Garapen Ekonomikoaren arduradun Iker Elizaldek GARAri.

«Are, horretan geratu gabe, bertan laborariak instalatzen ahalegindu beharko ginatekeela genioen. Eta hala, Legarraldea salgai jarri zenean, lurrak erosi eta zentzu horretan proiektu bat bultzatzea planteatu genuen, aurrez adostutako gobernu programan halakorik jasota ez izan arren», gaineratu du hautetsi abertzaleak.

Oposizioko hautetsiek ez zuten ekimena babestu, besteak beste, Urruñako bi laborarik erosteko asmoa azaldu zutelako eta herri erakunde bat tartean sartzea ez zutelako bidezko ikusten. Laborantzako lurren salmenta kontrolatzen duen Safer egitura ofizialak erosteko interesa agertu zutenen proiektuak aztertu zituen eta, azkenean, Hendaiako Udalarena hobetsi zuen abenduan.

Safer izan da halaber Udalak lurrak nori alokatuko dizkion erabaki duena. Hamabost ustiatzailek egin zuten eskaria eta horietatik lau hautatu ditu berriki: jada laborantzan zebilen bat, bere jarduera garatzeko, eta hiru laborari berri. Baratzezaintza ekologikoan arituko dira bi, euskal txerriaren eta oilaskoaren hazkuntza ekologikoan beste bat eta, garagarraren ekoizpenean laugarrena. Elizalde pozik da, «finean, Udalak finkatutako irizpideak jarraitu direlako, hau da, tokiko laborariak izatea; ekoitzitako produktuak inguruan bertan saldu eta kontsumituko direnak; laborantza herrikoia, ingurumena zaintzen duena, eta nekazaritza eredu intentsiboa eta ustiapen makroak ekiditeko, ustiapen partekatua izango duena. Finean, elikadura burujabetzaren bidean urratsak egiteko ere baliagarria izango dena».

Lur garbia ez erabili

Ez hori bakarrik, horrelako proiektuak plantan jartzeak ere badu beste balio erantsi bat Udalean Garapen Ekonomikoaren ardura duenaren ustetan, «zer-nolako eredu ekonomikoa nahi dugun, zer motatako enpleguak sortuko dituen eta lurrari zer erabilera emango diogun hausnartzeko ariketa biziki interesgarria» izan delako. Etengabeko ariketa izatea nahiko luke hautetsi abertzaleak eta ez zerbait puntuala: «Bestela ez luke zentzu handirik, batik bat bistakoa denean garapen ekonomikoa bultzatzeko ikuspegi oso liberala dagoela eta erabili gabeko lurrak okupatzea lehenesten dela oraindik. Gure aburuz, egun hutsik dauden eraikinak edo orubeak ongi aztertu eta haiek berreskuratu beharko lirateke lur berria erabili ordez, are eta gutxiago landa-lurrak direnean».

Legarraldeko proiektua posible izan bada, «testuingurua aldatu» delako izan dela irizten dio: «Duela 10 urte halako egitasmo bat gauzatzea ezinezkoa zen. Entseatu ginen, baina orduan ez zegoen gaur egun gai hauekiko, hots, kostaldean tokiko ekoizpenak eta bere eremua galdu duen laborantza berreskuratzen ahalegintzeko egun dagoen sentsibilizazio maila. Ildo horretan, bilakaera positiboa izan da. Legarraldearekin frogatu dugu borondate politikoa dagoenean, posible dela».

 

Salneurria hamar aldiz handiagoa izan zitekeen

Kostaldeko lurren inguruan dagoen irrika salerosketako prezioetan islatzen da garbiki. Legarraldea eremuaren kasuan, 500.000 euroan erosi du Hendaiako Herriko Etxeak: «Salneurri horrek ez dirudi oso garestia 20 hektareako eremu batentzat, baina bertan nekazaritza jarduera bat hasi nahi duen laborari batentzat –eta baita laurentzat ere–, zinez, ezinezkoa suertatzen da», gogorarazi du Iker Elizaldek.

Hirigintza Plangintza berriari esker, laborantzara bideratutako lurzoruaren izendapena berreskuratu du orain. Aurrez urbanizagarri gisa zegoenez, Hendaian geratzen den landa-lur eremu handiena den honen prezioa merkatuan «hamar aldiz biderkatuko» litzatekeela nabarmendu du hautetsi abertzaleak.A. M.