27/07/2019

Reportage
aPERITIFa...
«Bisitariek ere gure irizpide eta balioak jarraitzen dituzte Patxan» . Lili Iriart (Gazte asanblada)
Haritz LARRAÑAGA|BAIONA
0727_eh_lili

Ez da Patxa plazatik gehiegi urruntzen Lili Iriart, izan ere, Baionako bestek duten gauza hoberena «ohiko eredutik harago, eremu hau gauzatzea da». Atseden gabe egiten du lan Iriartek bost egunez, baina «beti irriz, ongi pasatzen baita».

Duela bost urte gazte asanbladan sartu eta Zizpa gaztetxean lan egiten hasi zen, eta ordutik, urtero besta eta engaiamendua uztartu behar izaten ditu jaietan. Goizean txosna eta ingurua garbitzen hasten du eguna, eta hortik aurrerakoa kudeatzeko, «estrategikoa» izan behar dela dio. Biharamunean izango dituen zereginen arabera luzatzen du besta gauean. Ordea, «igandean ez da estrategiarik, azken eguna da, beraz, hor lasai besta egiten dugu», azaldu du Iriartek.

Azken urteetan izan diren aldaketa eta aurrerapausoak nabarmentzen ditu Baionako Gazte Asanblako kideak: «Hastapenean diru gutxiago genuen, baliabide tekniko gutxiago ere bai, eta zailagoa zen baldintza horietan lan egitea, baina pixkanaka hobetu dugu, eta eskaintza hobea ere egiten dugu». Horri esker, urtez urte Patxa plazara gero eta jende gehiago gerturatzen dela dio Iriartek, «baita frantses giroko jendea ere».

Iriarten iritziz, gainerako eremuetan baino giro hobea izaten da Patxa plazan, zeren «bisitariek gure eremuko balio eta irizpideak jarraitzen dituzte eta errespetuz jokatzen dute». Liskarrik izaten ez den eremu bat dela nabarmendu ostean, zergatiaz hausnartu eta irriz jakinarazi digu arrazoia: «Agian, jende ona bakarrik erakartzen dugu».

Anitz maite ditu Iriartek Baionako bestak, eta ez die alde txarrik ikusten, baina eguraldiari beldur diola aitortzen du; izan ere, «hori ez dago gure esku eta aurreikuspenak hankaz gora jar ditzake». Edonola ere, haize edo euria egin, etorkizunean ere «gure balioak eta presentzia handitu eta hiriko beste guneetara hedatzeko» lanean jarraituko dutela jakinarazi du Gazte Asanbladako kideak.