Roglic, jaun eta jabe erlojupekoan
Esloveniarrak sekulako tarteak ireki ditu Pauen eta lider jarri da Valverde eta Lopezen aurretik. Quintanak huts nabarmena egin du.

Primoz Roglicek sekulako erakustaldia eman zuen Vueltako hamargarren etapan, 36 kilometroko erlojupekoa Jurançon eta Pau artean. Jumbo Visma taldeko esloveniarra goitik behera nagusitu zen erlojuaren aurkako proban eta hasiera-hasieratik ikusi zen alde oso handiak aterako zituela sailkapen nagusiko aurkariekiko.
Azkenean, Roglicek 47 minutu eta bost segundoan bete zuen ibilbidea, eta 1:38ko aldea atera zion Alejandro Valverderi. Movistar taldeko murtziarra izan zen beste faboritoen artean "ongien" aritu zen txirrindularia, eta sailkapen nagusian bigarren ipini da orain, 1:52ra.
«Denbora ez dago horren gaizki, galera nahiko logikoa da. Bagenekien Roglic zela faborito eta bere lana ongi egin badu ez dago ezer esaterik. Nik uste eguna salbatu dudala eta erlojupeko nahiko txukuna egin dudala», adierazi zuen munduko txapeldun beteranoak helmuga igaro bezain laster.
Hirugarren postuan Miguel Angel Lopez dago orain, 2:11ra, etapan bi minutuko atzerapena pilatu eta gero –juxtu helmugan harrapatu zuen Roglicek–. «Minutu eta 40 segundo inguru galtzea sartzen zen nire aurreikuspenetan, baina azkenean gehixeago izan da», azaldu zuen Astanako kolonbiarrak.
Bazirudien azken 10 kilometroetan harrapatu eta alde egingo ziola Roglicek, baina azken zati lauan oso lan ona egin zuen Lopezek. Hala ere, berak aipatu zuenez, ez zen prestatutako taktika izan. «Hasierako igoera gogorrean estutu egin dut, niretzat ibilbide egokia zelakoan, baina denbora galdu dut. Eta amaieran, aldiz, eustea lortu dut. Orokorrean pozik geratu naiz egindakoarekin, aurten erlojupekoak bereziki lantzen ibili garelako, gainera».
Eta Nairo Quintana, liderraren maillot gorriarekin irten zen beste kolonbiarra, oso ahul ibili zen hasieratik: hiru minutu pasatxo galdu zituen eta laugarren posturaino jaitsi zen. «Bi minutu inguru galtzea espero nuen, baina ez dut egun ona izan. Porrota onartu egin behar da eta hemendik aurrera lan egingo dugu egoerari buelta emateko».
Movistarreko liderra zein den galdetuta –aurrez Valverde haserre samar agertu zen beti galdera hori egiten diotelako–, Quintanak bi aukera dituztela azpimarratu zuen. «Garrantzitsua taldeak Vuelta irabaztea da, berdin du norekin. Bi aukera ditugu eta biak baliatzen saiatu behar gara».
Azkenik, espezialista petoen arteko borrokan, Patrick Bevin (CCC) izan zen onena, Zeelanda Berrikoa, etapan bigarren postua lortuz Roglicengandik 25 segundora. Eta hirugarrena Remi Cavagna frantziarra izan zen (Deceuninck) 27ra.
Gaur, Euskal Herriko lehen etapa
Vuelta Euskal Herrira iritsiko da gaur, Donapaleun abiatu eta Urdazubin amaituko den hamaikagarren etaparekin. Guztira 180 kilometroko ibilbidea izango du etapak eta inguruotan gertatu ohi denez, profila oso gorabeheratsua da, ihesaldientzat egokia baina sailkapen nagusiko faboritoak ere tentuz ibiltzera behartuko dituena.
Ofizialki, mendate puntuagarriak hiru bakarrik dira: Oskitz (77. kilometroan igoko den hirugarren mailako mendatea, 4,9 km luze eta batez besteko %6,1eko pendiza); Izpegi (123. kilometroan, bigarren mailakoa, 7,2 km eta %7,1); eta Otxondo (142. kilometroan, hirugarren maila, 7,6 km luze eta %4,7). Baina igoerak askoz gehiago dira eta oso gogorrak.
Lasterketa Otxondotik Dantxarinera jaitsiko da, helmuga puntutik lehen aldiz pasa eta azken 20 kilometroko zirkuituari itzulia emateko, berriz ere Dantxarinean amaituz. Azken txanpa horretan ez dago mendate aipagarririk, baina errepideak baditu zenbait gorabehera.
Lasterketa ikustera bertaratu nahi dutenek jakin dezatela etapa 12.51n hasiko dela Donapaleun, Mauletik 14.30 aldera igaroko dela, Donibane Garazitik 15.30 aldera, Erratzutik 16.15 inguruan, Saratik 17.15 aldera eta amaiera 17.30 inguruan dago aurreikusia.A.A.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
