Arnaitz GORRITI
EMAKUMEEN EUSKAL KOPA

RPK Araski txapeldun, hirugarren urtez jarraian

Gasteiztarrek agindu zuten ia denbora gehienean, baina Lointek Gernikak partida berdintzekohirukoa izan zuen, nahiz eta sartu ez. Laura Quevedo hegalekoa izan zen finaleko jokalari onena.

RPK ARASKI 50

LOINTEK GERNIKA 47


Emakumeen Dia Liga astebete eskas barru hasiko da, eta prestaketa lanak zertan diren ikusteko hitzordu polita izan zuten atzo eguerdian Durangoko Landako kiroldegian RPK Araskik eta Lointek Gernika Bizkaiak Emakumeen Euskal Kopako finalean. Gasteiztarrek irabazi dute azken bi urteetan torneo hau eta atzo ere, hirugarren urtez jarraian, beste hainbeste egin ahal izan zuten, nahiz eta gernikarrek partida berdintzeko hirukoa alde izan. Alabaina, Gaby Oceteren hirukoa ez zen sartu.

Erritmo bizian hasi zen finala, Araski ia denbora gehienean buru zela. Horretan Laura Quevedo fitxaketa berriak zerikusi handia izan zuen, gasteiztarren lehen 11 puntuak sartu baitzituen. Quevedok azken denboraldietan ez du jokorik onena egin, baina duela lau urte Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina lortu zuen; alegia, talentua badu. Gernika Bizkaiak kostata erantzun zion Araskiren hasiera biziari, baina azkenean laurdena aurretik amaitu zuen, 13-15, Naiara Diez kapitainak azken segundoan sarturiko hiruko bati esker.

Barruko jokoa da berez bizkaitarren arma eraginkorrena, baina atzo kanpotik sekulako mina eman zuten. Belen Arrojok, Wojtak eta Juana Molinak hiruko jaurtiketak sartu zituzten eta bigarren laurdena hasteaz batera, Lointek Gernika Bizkaiak aldea zabaldu zuen. Araskik, hala ere, erantzuten jakin zuen; batetik, 2-3 zonakako defentsa ezarri zuen –harrigarria bada ere, hirukoak lagatzen dituen defentsa honek bizkaitarren etorria eten zuen– eta erasoan 8-0eko partziala lortu zuen Tamara Seda pibotak barruan egindako lanari eta Laura Quevedoren laugarren hirukoaren ostean.

Gernika Bizkaiak, aldiz, lau jokalari «txikirekin» erantzun zuen, Belen Arrojo hegal-pibot postuan kokatuz, jokoari bizitasun handiagoa eman nahian. Hala ere, Araskik aurrea hartu zion atsedenaldira bidean, Raquel Carrera 18 urteko pibot gaztearen saskiratze batek markagailua 32-29 utzi ondoren.

Erritmoa beherantz

Atsedenaldiko berriketaldiak on egin zion Gernika Bizkaiari, komeni zaion erritmora geldotu zuelako Euskal Kopako finalaren martxa, gauza askoren artean Laura Quevedo hegaleko madrildarraren etorria moztea lortu ondoren.

Alabaina, bizkaitarren puntuak ez zetozen nahi bezalako erritmoan, eta azkenean, azken laurdenera Araski markagailuan aurretik zela iritsi zen: 38-35.

Azken laurdenaren erdialdean Gernika 42-43 aurreratu zen, baina 6-0eko partziala lortu zuen Araskik Asurmendi eta Molinuevoren hirukoei esker.

Gernika 48-47 hurreratu zen, baina Tamara Sedak saskiratzea lortuta eta Quevedoren txapel garrantzitsu batekin Euskal Kopa Gasteiza eramatea erdietsi zuten berriro.

IDK Gipuzkoak Kraker, Toch Sarr eta Edwardsen nagusitasuna ezarri du

Emakumeen Euskal Kopako hirugarren posturako partida IDK Gipuzkoak eraman zuen, Galdakaoko Ibaizabali 55-77 irabazi ondoren. Hastear den Emakumeen Dia Ligan ikusiko da atzo Durangoko Landako kiroldegian jazo zena berresten den ala ez, baina kontua da Mehryn Kraker, Toch Sarr eta Ariel Edwardsek osatzen duen hirukoteak sekulako nagusitasuna ezarri zuela.

Azu Muguruzak zuzentzen dituen taldeek erreferente garbiak izan ohi dituzte, eta haien inguruan langile finak daude, Lara Gonzalez eta Ellen Nystrom, kasu. Atzo donostiarrek talde bien arteko maila ezberdintasuna garbi nabarmenarazi zuten. Atsedenaldiko emaitza 29-39 zen gipuzkoarren alde, baina galdakoztarren erreakzioaren beldur, IDK Gipuzkoak bere jokoan aurrera pauso bat eman zuen hirugarren laurdenean, eta 8-22ko partzial bati esker neurketa erabakita laga zuen.

Krakerrek eta Sarrek 17na puntu sartu zituzten; Edwards, Nystrom eta Laura Garcia ere 10 puntura iritsi ziren. A.G.