GARA
LLARGUES

Euskal selekzioa pozik itzuli da kluben arteko Europako Txapelketatik

Emandako itxurarekin pozik itzuli da llargues jokamoldeko euskal selekzioa kluben arteko Europako Txapelketatik.

Larunbatean jokatu zen Liga fasean bi emaitza desberdin lortu zituzten euskaldunek. Aurreneko partidan 6-0 galdu zuten Benidormen aurka, baina markagailuak ez du erakusten partiduan gertatu zena. Aurreneko hiru jokoetan 40-40 joan eta gero, joko guztiak Alacantekoentzat izan ziren ordu eta laurdeneko partidan.

Bigarren partida berdintsu hasi zen, lehen bi jokoak galduta, baina behin txapelketako lehen jokoa eginda, lasaitu eta txapelketa irabazteko faborito nagusia zen Kerksken talde belgikarrari 6-3 irabazi zioten. Hori bai, Kerksken taldeak Benidormi 6-3 irabazi zionez, euskal selekzioa finalerdietatik kanpo geratu zen.

Finalerdiak igande goizean jokatu ziren. Aurrenekoan Benidormek 6-4 menderatu zuen Kerksken, eta bigarrenean Parcent valentziarra 6-3 nagusitu zen Thieulan belgikarraren aurka. Finala Parcentek (Gaizka Iruretagoienak jokatzen du bertan) irabazi zuen, 6-3.