BEGIRADA

Agindutakoak aginduta ere, ordua aldatzen jarraitzen dugu Europar Batasunean

2018ko uztailaren 5ean Europar Batzordeak ordu aldaketari buruzko galdeketa abiatu zuen. EBko 4,6 milioi herritarrek parte hartu zuten eta gehiengo handi bat, ia hamarretik zortzi, ordutegi bakarraren alde agertu zen. Emaitza ikusita, Europar Batzordeko presidente Jean Claude Juncker ohiturari amaiera data jartzera ausartu zen: 2019. urtea. Alabaina, nonbait estatuak ez dira ados jartzeko gai izan: urtea badoa eta herritarrok erlojuaren orratzak aurrera edo atzera mugitzen jarraitzen dugu.