Mikel Ibarguren
Idazlea
JOPUNTUA

Groteskoa

Benetan. Azkenaldiko gertaerak teatro pieza esperpentiko baten modura bizi izan ditut. Francoren profanazioarekin (Alvarez Toledo aristokratak dixit) errealitatearen eta amesgaiztoaren arteko nebulosa moduko bat bizi behar izan dugu Tejero eta bere lagun arribistak viva Francoka, arriba Españaka ikustean. Naftalina usaina zerion No-Do bat begiratzea bezala izan da. Hori bai, koloretan.

Groteskoa ere «Bizitza», «Askatasuna» eta «Nazioa», letra larriz eta ordena horretan Espainia inperialaren nostalgikoek hauspotu duten oldarraldi aurreideologiko eta aurredemokratikoa. Le Pen ultraeskuindarraren praxia eta diskurtsoa txiki utziz. Groteskoa da ikustea oldarraldi hori inolako konplexurik gabe nola metabolizatzen duten politikoki feminismoaren, herri demokraziaren edo nazio ezberdinen aurka. Nola barneratu den politikaren agoran diskurtso fatxa, matxista eta atzerakoi hori.

Groteskoa da XXI. mendean tauromakiak, aste santuak, Legioaren desfileak, aktibitate zinegenetikoak, gizonen eta emazteen arteko ezkontzak edota etorkin «aprobetxategien» aurkako jarrerak hain ozen hedatzen uztea eta, aldiz, demokrazian sakondu nahi izatea kartzelarekin zigortzea.

“Una Grande y Libre” horren paroxismoa da. Errealitatea deitzen dugun horren distortsioaren adibidea da Rosa Diezen aipua ere. Kataluniako demokrata konstituzionalistak (erresistenteak, hauek) ahotan hartuta Albert Camusekin gogoratu da: «Erresistenteek azken hitza dute».

Dena da etengabeko deformazioa, galtzerdiari buelta ematea. Neofaxismoaren apologia erabatekoa.

Eta jarraituko dute teatrero hauek, beraien keinu histrionikoekin, esaten hau ez dela arazo politikoa. 155. artikulua ezarri behar dela. Eta ahal bada ilegalizatu ere bai. Eta esango dute Espainia dela dagoen eta demokraziarik garatuena, baina Franco hil zen arren frankismoa hemen dago, egunotan ikusi dugu.

Ez dut nik esan, Paul Preston historiagile britainiarrak baizik.

Badaezpada diot.