«Nire buruari iazkoa kasualitatea ez zela izan erakutsi nahi nion»
Kantxan bezala, solaserako orduan ere izugarrizko patxada hartu du Arbizuko aurrelariak. Hala, finalaren atariko egunak kudeatzen ere ederki ikasi du. Bere buruarengan erabateko konfiantza irabazi du azken urteotan eta Jokin Altunaren sasoi onak, beldurra baino, «errespetua» eragiten dio. Izan ere, bera burua txapela defendatzeko moduan ikusten duela nabarmentzen du behin eta berriro.

Arbizun 1.000 biztanle inguru bizi dira egun. Bada, igandean, horietako 300 baino gehiago Iruñean izango dira, euren bizilaguna hauspotzen. «Egun egokia izan daiteke lapurtzera etortzeko», dio irriz.
Finalak iazko osagai berak ditu pilotari eta pilotalekuaren aldetik, baina ezberdina ematen du...
Bai, ezberdina izango da. Azkenean partida denak dira ezberdinak, baina nik uste partida honetara bai bera eta bai ni, iazkoarekin alderatuta, egoera ezberdinean heltzen garela. Partida ezberdina izango da, partida zaila baina oso polita.
Zure kasuari erreparatuta, iaz baino distira gutxiagorekin heltzen zara agian?
Denetik izan dut. Aurrenekoa kenduta, agian ez dut izan oso partida konpleto bat; hura bai, hura sentsazio oso onekin amaitu nuen. Finalerdietan sentsazio onak izan ditut, baina iaz bezalako partida oso bat ez dut egin. Baina bestela gustura nago egindako txapelketarekin edo egiten ari naizen txapelketarekin; ustez partida guztietan zerbait berria ikasi edo egin behar izan dut, sufritu egin behar izan dut buruz, fisikoki... Eta nik uste ongi nagoela, ondo heltzen naizela finalera, gogoz.
Arazo gehiago, baina berriz finalean. Hori ere bada zerbait...
Oso positiboa da, gogo handia nuen final hau berriz jokatzeko , berriz ere lau eta erdiko finala jokatzeko. Niretzat txapelketa garrantzitsua zen; zaila da finala jokatzea, baina nahi nuen ahalik eta urrutien heltzea txapelketa honetan, erakustea, edo, nire buruari erakustea, iazkoa ez zela kasualitatea izan. Txapelketa gogorra izan da fisikoki eta buruz, eta egia esan sentsazio onekin eta gustura iristen naiz finalera.
Oraindik zerbait frogatu beharra sentitzen zenuen?
Frogatu ez, banekien zaila izango zela eta ez nuen presiorik iaz txapeldun izateagatik, baina bai aldi berean nahi nuela finalean egon. Argi dago txapelketa guztietan nahi dugula ahalik eta urrutien heltzea, borroka horretan egotea... Errebalida bat moduan hartu dut.
Hain fin egon gabe finalera heltzeak erakusten du beste zerbait ere baduzula...
Nik uste horrek balio handia duela edo hala ematen diot nik. Iaz gauzak errazago irteten zitzaizkidan, oso joko puntu onean harrapatu ninduen txapelketak. Aurten ere nik uste ongi nagoela txispaz eta hankaz, eta defendatzerako garaian ere ongi. Igual iaz sentsazioa nuen gauzak errazago egiten nituela, baina aurtengoari balio handia ematen diot, partida oso zailetan aurrera egiteko gai izan bainaiz. Aurreneko partida izan zen konpletoena, tentsio ikaragarriarekin joan nintzen frontoira, baina oso ongi irten zitzaidan. Unairen [Laso] eta Eriken [Jaka] aurkako partida horiek aurrera sufrituz atera izanari balio handia ematen diot
Gogortu egin da Joseba Ezkurdia?
Nik uste ikasi dudala azkenean momentu gogorretan, klabeetan, aurrera ateratzen, lasai egoten edo nire buruarekin konfiantza izaten. Egia esan, horretan asko ikasi dut, badakit momentu txarrak eta onak egongo direla, baina behintzat garbi daukat nire jokoa zein den, zer egin nahi dudan ia momentu guztietan, eta horrek konfiantza ematen dit.
Eta hori nola ikasten da?
Zure burua kontrolatzen ikasi beharra daukazu. Nik azkeneko elkarrizketetan esan nuen laguntza jaso nuela nire burua kontrolatzen ikasteko, lasaitzen ikasteko, eta ikasi dut. Nik uste urteak pasa eta partidak jokatuta ikasten duzula, ondoko jendeak ere asko laguntzen dizula, asko erakusten dizula. Momentu guztietatik ikasten duzu.
Laguntza hori jasotzen jarraitzen duzu?
Azkenaldian ez naiz egon, baina, orain, egia da bereziki landu ez badut ere, entrenamendu fisikoetan bai Rubenekin [Yarza], bai Carlosekin [Chocarro, Anaitasunako kapitaina], bai Juanekin [Martinez de Irujo] asko hitz egiten dugula partidak pixka bat prestatzeko, zer egoera desberdin egongo diren aztertzeko… Egia esan, orain asko hitz egitekoak gara, ohitura hori hartu dugu; nire barrenak askatu eta beraiek pentsatzen dutena entzun. Niretzat oso garrantzitsua da. Gainera, Carlos eskubaloiko jokalaria da, badaki kirolean presio askorekin jokatzen dela, momentu txarrak egoten direla... Rubenek ere palan jokatzen du eta badaki zertaz doan hau... Horrelako inguru batek asko laguntzen du.
Lehen dena zuretzat gordetzen zenuen?
Bai, asko, ia dena. Egia esan ez naiz etxean edo neskarekin soltatzen den horietakoa, baina egia da orain lehen baino gehiago soltatzen naizela eta pilotaz gehiago hitz egiten dugula.
Baduzu une txar horietarako trukoren bat?
Saiatzen naiz hurrengo tantoan zer egin nahi dudan pentsatzen kontzentratzea. Lehen erabat desberdina zen, momentu txarrak heltzen zirenean nire buruari pentsamendu negatiboak botatzen hasten nintzen, ez nion gauza onik esaten nire buruari; nire buruari harriak botatzen aritzen nintzen. Orain saiatzen naiz nire burua lasaitzen, tantoak nola jokatu nahi ditudan pentsatzen. Hori aldatu da.
Lasoren aurkako partidan 13-21 galtzen ari zinela, publikotik «Unai lo tiene hecho» entzuteak piztu omen zintuen...
Bai, horrek txispa eman zidan. Ez dakit hori behar izatea ona edo txarra den pixka bat espabilatzeko, baina entzun nuen hori eta amorrazioa eman zidan, eta, eskerrak, esnatu egin nintzen! Izaera edo amorrazio horrekin agresiboago jokatu nuen, gauzak hobeto egin nituen, eta partida zail bati buelta eman nion. Bera ere beldurtu egin zen eta hutsak egin zituen, baina nik uste presioaren gauza izan zela hori. Niretzat oso partida garrantzitsua izan zen.
Lehengo Ezkurdiak agian ez zuen partida hori edo Jakaren aurkakoa aurrera aterako, baina 28 urte ditut egun. Ez naiz izan kolpetik halako booma izan duen pilotari horietako bat, baina orain askoz pilotari konpletoagoa naiz. Oso une onean nago eta disfrutatzen ari naiz.
Entzun duzu Irujoren gero eta antz handiago hartzen ari zarela?
Askotan entzun dut, baina Irujorekin konparatzea ezinezkoa da. Nahiko nuke, baina ezin da. Juanek egin duena ikaragarria izan da; Aimarrekin batera aro bat markatu du. Gauzak diren bezala, orain berak asko laguntzen dit, asko erakusten dit, eta niretzat plazer bat da Juan bezalako pilotari bat lagun izatea eta erakusten aritzea. Ea gauza asko ikasten dizkiodan.
Finalera bueltatuta, ez dakit hitza beldurra den, baina Jokinek ematen du halako zerbait?
Errespetua, momentu oso onean dago, gauzak oso erraz ari da egiten, txisparekin. Partida oso zaila izango da. Baina ni ere gogotsu nago, lehiatzeko ondo ikusten dut nire burua.
Bere dohain bat nabarmendu beharko bazenu?
Bueno, Jokin oso pilotari konpletoa da, baina nik berak daukan moldatzeko gaitasuna nabarmenduko nuke. Aurkari baten aurka edo beste baten aurka jokatu oso ondo egokitzen da; jokatzeko era aldatu behar badu, oso ongi egiten du. Defendatu asko egiten du, eta erasoan zer esanik ez, baina partida baten barruan gauza bat egiten hasten bada eta ez bazaio ondo ateratzen, ahalmen izugarria dauka segituan jokatzeko era aldatzeko.
Ia bat-batean enpresako beteranoetako bat bihurtu zara. Nabaritzen al da?
Erantzukizun berezirik ez dut sentitzen. Hemen bakoitzak bere lana egiten du, gauzak ahalik eta egokien egiten saiatzen da, baina, bai, 28 urte ditut eta beteranoetako bat naiz. Ea urte askoan horrela den. Enpresek egun duten filosofiarekin gauza aldatu egin da; goian ez bazaude, ez da lehen bezala profesionaletan egoteko aukera asko zenituela.
Aspen esne mamitan zabiltzate oraintxe txapelketetan. Bolada kontua aipatzen da, baina zerbait ariko zarete ondo egiten, ezta?
Bai, nik uste zortea eta boladak badaudela, baina giro polita dago lanerako, oso ona, entrenamenduetara oso gustura joaten gara, elkarrekin gustura entrenatzen dugu. Giro oso ona dago eta nik uste hor Jokinek [Etxaniz] duela kulpa oso handia. Berak entrenamendu denak antolatzen dizkigu eta nik uste asko balio duela; pilotari bakoitza ama ezberdinekoa da, oso ezberdinak gara, eta berak oso ondo ulertzen gaitu, psikologo bat dirudi, entrenamenduetan jartzen duen giroa… Ez dakit nola azaldu, baina berak kulpa handia du Aspen dagoen giro horretan.
Lau eta erdiko txapelduna izanda ere, udan partida gutxi jokatu dituzu. Hori izan da arantzatxoa?
Bai, pena ematen dit. Uda ilusioarekin hasi nuen, sanferminetako lau eta erdikoa oso partida gogorra, ona, egin genuen Jokinek [Altuna] eta nik. Gero sanferminetako binakako torneoa irabazi nuen, abuztuan Gasteizko finala jokatu nuen... Gustura ari nintzen jokatzen. Baina, gero, Gipuzkoako torneoak etortzen dira, Bizkaikoak gero... eta ni nafarra naiz eta lehentasuna besteek daukate. Azken bi urteetan gauza bera gertatu zait. Horrela tokatu da eta pena da. Ilusioarekin nengoen udan partida asko jokatzeko. Ez da horrela izan eta, egia esan, horrek buruari bueltak emanarazten dizkizu. Eta pixka bat badut arantza hori, baina lanean jarraitzen dugu. Ea hurrengoa hobea den.
Ezkurdia «saltzea» kostatu egiten da?
Enpresarekin hitz egin nuen eta esan zidaten torneoak Gipuzkoan eta Bizkaian zirela, Altuna eta Irribarria aurretik zeudela, aurten Jakak ere merezi zuela aukera bat, gero Elezkanok Bilbon… Ez dut uste saltzea kostatzen denik. Lehen agian bai, izan nuen aro bat gehiago kostatzen zena, ez bainuen aireko joko hori hainbeste dominatzen. Baina txapelak irabazi nituenetik gora egin dudala eta orain hori ez dela arazo uste dut. Baina pena da, abuztuan aurreneko 13 egunetan bost partida jokatu bainituen, oso erritmo onean, partida onak egiten, eta, bigaren hamabostaldian, oso partida gutxi, bi bakarrik. Horrek pena handia ematen dit.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
