Haritz LARRAÑAGA
Surfa

Euskal Surf Zirkuitua: Mundakan lehiatuko dira aurtengo txapeldunak

Orruako lehiaketa bertan behera geratu ostean, Mundakako txapelketa erabakigarria bilakatu da. Lehiakide gehiago izango da eta sariak ere handiagoak izango dira. Olatu handietako itxaronaldi epea ireki da.

Aurten Mundakako txapelketak ohi baino garrantzi handiagoa izango du; izan ere, Euskal Surf Zirkuituko azkenengo proba izateaz gain, bi probaren balioa izango du, Orruan egitekoa zen azken-aurreko proba bertan behera geratu baitzen. Ondorioz, sariak ere bikoitzak izango dira.

Bestalde, joan den asteburuan Ereagan (Getxo) egin behar zuten Euskalsurf Bodyboard Zirkuituko hirugarren proba atzeratu egin zuten itsasoaren baldintza eskasengatik eta, ondorioz, datorren astean egingo dute txapelketa. Horren ostean, surf modalitatean bezala, aurtengo itzuliko azken txapelketa Mundakan egingo dute abenduan.

Zirkuitua egokitzen

Euskal Surf Zirkuituko hirugarren proba zen Getarian dagoen Orrua urautsian egin behar zutena, baina eguraldiagatik bertan behera uztea erabaki zuten. Azaroko lehen bi asteburuetako batean behar bezalako baldintzak izango balira, Orruako eskuin olatu ederrarekin gozatu ahal izango lukete Bizkaiko eta Gipuzkoako lehiakideek, baina olatuak izan ziren arren, haizeak mendebaldetik gogor jo zuen eta uhinak narrastu zituen.

Deban eta Sopelan egin zituzten lehen lehiaketen ostean, jada Orruan parte hartzeko lehiakideen zerrenda mugatua zen, soilik mutilen rankingeko lehen 33 lehiakideek eta nesken rankingeko lehen 6 lehiakideek har zezaketen parte.

Orruako txapelketa bera ere, iragazki bat zen Mundakarako lehiakide zerrenda murrizteko, baina txapelketa bertan behera geratu zenez, Orruan parte har zezaketen lehiakide gehienek Mundakan ere parte hartu ahal izango dute. Gainerakoak, ordezkoen zerrendan sartuko dira eta rankingeko postuen arabera libre gera daitezkeen plazak betetzeko aukera izango dute.

Gonbidapen «wildcard»-ak

Bost gonbidapen wildcard banatuko ditu Euskal Herriko Federazioak; hiru, mutilen artean banatzeko, eta beste bi, nesken kategorian. Mutilen kasuan, Mundakako surf elkarteari eman diote gonbidapen wildcard bat; beraz, elkarteko bazkideetako batek etxean lehiatzeko aukera izango du.

Mundakan lehiatu ahal izateko banatuko diren beste lau wildcardak iazko Gazte Zirkuituko irabazleentzat izango dira. Nesken zein mutilen modalitatean Sub 14 eta Sub 18 kategorietan txapela irabazi zutenek Mundakan lehiatzeko aukera izango dute.

Gerta daiteke, Sub 14 edo Sub 18 kategorietako iazko irabazleak Open kategorian ere lehiatzea, eta aurten eskuratutako emaitzei esker Mundakan parte har dezaketen lehiakideen artean egotea. Kasu horretan, postua, ordezkoen zerrenda hartuta, dagokion lehiakidearentzat izango litzateke.

Edozein kasutan, nahiz eta Mundakan lehiatu ahal izateko beharrezko postua eskuratu, lehiakide guztiek izen ematea dagokien epean eta moduan egin beharko dute, beste edozein txapelketatan parte hartzeko egiten duten bezala.

Mundakako txapelketak izango duen beste bereizgarrietako bat diru sariak izango dira. Mutilen zein nesken kategorian, irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu; 700 euro, bigarren lehiakideak; 400 euro, hirugarren lehiakideak eta 300, laugarren lehiakideak.

Galea lurmuturra eta Sorginetxe

Neguko itsaskiekin batera olatu handietako txapelketen itxaronaldi epea ere zabaldu da; Getxoko Punta Galeako lehiaketa eta Debako Sorginetxeko lehiaketa, Euskal Herriko Surf Federazioak antolatzen dituen txapelketak.

Joan den azaroaren 4an alerta horia piztu zuten Sorginetxeko txapelketa egiteko, baina azkenean ez zuten argi berdea piztu itsaskia uste baino narrasagoa izan zelako. Hala ere, negua hasi baino ez da egin, eta martxoaren 31ra bitartean, itsaski indartsu bat sartzen bada txapelketak egin ahal izango dira.