Maider IANTZI GOIENETXE
DONOSTIA
Entrevue
JABI ASURMENDI
UDALBILTZAKO LEHENDAKARI BERRIA ETA ARAKALDOKO ALKATEA

«Jendeak hasierako Udalbiltza du gogoan, baina ez da hori»

Ingeniaritza Informatikoa ikasi zuen eta irakaslea da. Arakaldo eta Andoain artean bueltaka ibiltzen da, Gipuzkoako herri honetan baitago Udalbiltzaren lantokia. Bizkaiko herririk txikienean bizi da (160 biztanle ditu) eta bizilagunen txirrina jotzen du, etxean bezala. 2011n, berdinketa gertatu, eta txanpon baten bidez erabaki zuten alkatetza, EAJren alde. 2015etik EH Bilduko Jabi Asurmendi da alkatea.

Udalbiltzak 20. urteurrena ospatu zuen larunbatean Durangon. Batzar nagusian, parte hartu dutenak omendu zituzten eta emandako guztia eskertu zieten, kontuan hartuta, gainera, batzuk auzipetu egin zituztela Udalbiltzan aritzeagatik. Zuzendaritza batzordea berritu zuten, eta Luis Intxauspe Hernaniko alkate izan zenak makila pasatu zion Jabi Asurmendi Arakaldoko alkateari. Ekitaldiaren bezperan GARAra bisitan etorri zen lehendakari berria.

Zer moduz doa «1.000 baietz» kanpaina?

1.000 hautetsien langa gainditu dugu. 1.065 gaude. Oso pozik gaude. Kanpainarekin jarraitzen dugu, Udalbiltzaren printzipioekin edo filosofiarekin bat datozen hautetsi guztiak atxikitzeko.

Aniztasuna lortu duzue?

Hori zailagoa da. Onartu behar da gehiengoa EH Baikoa edo EH Bildukoa dela. Gero badaude hainbat independente, eta besteren bat EAJ edo Geroa Baikoa da. Zenbat eta pluralagoa eta zabalagoa izan, orduan eta hobeto.

Lizarra-Garaziren garaian sortu zen Udalbiltza. Hagitz urrun ikusten dugu, ezta?

Egia da, bai. Nik 20 urte nituen sortu zenean, gaur egun 40 ditut. Gauza asko gertatu da eta sorrera hori duela asko izan zela ematen du. Jendeak orduko Udalbiltza du gogoan, baina gaurko Udalbiltza ez da hori. Egoera aldatu da eta Udalbiltza euskal gizartearen beharretara egokitzen joan da. Funtsezko ardatzek hor jarraitzen dute: kohesioa, tokiko garapena, eremuen arteko elkartasuna, saretzea… Baina gauza batzuk guztiz aldatu dira eta garai batean lantzen ziren ildoak ez dira gaur egun lantzen direnak.

Nola transmitituko diozue hori jendeari?

Zaila da transmititzea, gaur egun agian Udalbiltza ez dagoelako oso gizarteratua. Ez dakit jendartearengana heltzen den Udalbiltzak egiten duen guztia. Sare sozialen eta hedabideen bidez egiten da ahalegina.

Zeintzuk dira dituzuen eginkizun nagusiak?

Lan ildo nagusiak, kohesioaz eta saretzeaz gain, elikadura burujabetza, energia burujabetza, turismo jasangarria eta ekonomia eraldatzailea dira.

Sei proiektu nagusi dituzue zehaztuta. Aipatuko ditugu labur-labur?

Hartu-eman Esperientzien Bankuan udalerriek egin dituzten proiektu eraldatzaileak jasotzen dira, eredu izateko edo beste udalerri batzuek hortik edan ahal izateko. Ikerbiltzak unibertsitatearen jakintza eta udalerrien lana elkartzen ditu. Adibidez, energia burujabetzaren inguruko ikerketa bat egiten ari dira Aiaraldean eta Aezkoan. Hurbiltzen proiektuan senidetzeak egiten dira herrien artean. Lurgida turismo gida bat da, lehen sektorean eta turismo jasangarrian oinarritua. Euskal Herriko ondare materiagabea jasotzen du eta ibilbide ugari proposatzen ditu. Etxalde batzuekin autokarabana eta camperrekin bertan lo egiteko aukera adostu da eta, bide batez, bertako produktuak dastatzeko eta ekoizleak ezagutzeko aukera. Datorren udaberrirako prest egongo dela espero dugu.

Hauspoa proiektuarekin ekonomia sozial eraldatzailea garatzen ari zarete.

Koop 57 eta Olatukoop-ekin ari gara. Gaindegiarekin egindako ikerketa batean, ikusi genuen Pirinio kontinentaletik Pirinio penintsularrera, hortik ekialdera, Arabako mendialdera eta Enkarterrietara, hala marrazten dela eskualde desorekatuen mapa, despopulazioari eta egoera sozioekonomikoari begira. Erabaki zen Euskal Herriari irribarre bat marraztea, justu eskualde horiek dauden eremuan, ekonomia eraldatzailean oinarritzen diren proiektuak lagunduz. Historiaren memoria gunea ere sortzen ari gara.

Esker ona azaldu nahi duzu.

Udalbiltzako Partzuergoko kideak (ia 80 udalerri) eskertu nahi ditut, langileak, hautetsiak, gurekin lan egiten duten eragileak... Udalbiltza jendartearen beharren arabera egokitzen joan da eta orain ere hori egin behar du. Proiektuen bidez nazioa eraiki nahi dugu, nazio mailako arazoei nazio mailan erantzun, eta horretarako guztiak behar ditugu, herritarrak, hautetsiak, udalerriak... Atxikitzeko deia egiten diegu, beraz.