A.A.
PILOTA

Harrapatu eta pasatu

Irribarria eta Rezusta 11-18 eta 19-21 galtzen joanda ere, neurketari buelta emateko gai izan dira.

IRRIBARRIA-REZUSTA 22

EZKURDIA-MARTIJA 21


Iker Irribarriak eta Beñat Rezustak 22-21 menderatu zituzten Joseba Ezkurdia eta Julen Martija Eibarko Astelena pilotalekuan San Andres egunez jokatu zen neurketan. 11-18 eta 19-21 galtzen joan ziren arren, azken txanpan nagusitu, eta ia galduta zuten partida bati buelta emateko gai izan zira.

Aurreko igandean Bergaran jasotako porrota oraindik gogoan, Irribarria eta Rezusta oso serio jokatzen hasi ziren. Pilota bizia atera zuten eta Martija oso atzean izan zuten lehen tantoetan. Horrela, 3-0 aurreratu ziren markagailuan.

Baina urdinek beraien pilota atera zutenean partida aldatu egin zen. Mugitzeko zailagoa zenez, gorriek ez zuten lortzen Ezkurdiari pilota kentzea, eta arbizuarrak sekulako lana egin zuen airez, bai Martijari pilota zailak kentzen, baita errematean tantoak egiten ere.

Alde horretatik, eta ostiralean Amezketan gertatu zen gisan, bi aurrelariak oso zehatz aritu ziren errematean eta tanto eder mordoa utzi zuten jarraitzaileen gozamenerako. Irribarriak 13 egin zituen jokoan eta beste bat sakez; Ezkurdiak ere 13 jokoan eta sakez bi gehiago.

Baina parekotasuna Ezkurdiak apurtu zuen neurketaren erdialdera. Aurrelari nafarra dena asmatzen hasi zen, tantoak bata bestearen atzetik egiten, eta urdinak zuzenean joan ziren 11-10etik 11-18ra, zortzi tanto segidan eginez.

Ez zuten fedea galdu

Partida oso zaila jarri zitzaien gorriei, baina serio jarraitu zuten lanean, eta beraien pilotarekin agintzen jarraitu zuten. Ezkurdiak atzean lan bikaina egin zuen, bost tanto ere egin zituen errebotera joz edo pilota ederki baztertuz, eta Irribarria ere oso fin aritu zen errematean.

Markagailuan hurbiltzen joan ziren apurka-apurka, eta azkenean 21-21ekora iritsi ziren. Neurketa azken tantoak erabaki zuen eta hori Irribarriak egin zuen pilota txokoan utzita.

«Garaipen garrantzitsua da guretzat, lehen jardunaldiko arantza ateratzeko eta konfiantza hartzeko. Erdialdean txakalaldi bat izan dugu, deseroso ibili gara beraien pilotarekin, baina amaieran Beñatek sekulako lana egin du eta nik ere asmatu egin dut errematean arriskatu dudanean», azaldu zuen Iker Irribarriak amaieran.