Maddi TXINTXURRETA
USURBIL

Erraustegiaren kontra eta tokiko erantzunen alde egin dute Usurbilen

Usurbilgo Udalak «SOS Usurbil, erraustegia gelditu» lelopean deitutako manifestazioak ehunka herritarren erantzuna jaso zuen atzo arratsaldean. Udalak nabarmendu zuenez, erraustegia martxan jarrita ez da posible «justizia klimatikoa» lortzea.

Zubietako erraustegiaren eragin eremuan bete-betean dago Usurbil, eta, errauste plantari jada kea dariola, milaka usurbildarrek eta Gipuzkoako gainontzeko herrietatik etorritakoek erraustegia gelditzeko eskatu zuten atzo arratsaldean, Usurbilgo Udalak deitutako manifestazio jendetsuan. NAIZen kontaketaren arabera, 800 lagun inguru izan ziren protestan parte hartu zutenak. Eragile ugarik bat egin zuten protestarekin, tartean, hainbat sindikatu, eragile sozial eta ekologista biltzen dituen Larreko Mahaiak.

Arratsaldeko zazpietan hasi zuten protesta, udaletxe pareko Joxe Martin Sagardia plazatik. Udaletxeko fatxadaren parean, “Herritarron borondatea errespetatu, erraustegirik ez!” pankarta ageri zen zintzilik, xingola beltzaren ondoan. Manifestariak Gipuzkoako Aldundiko arduradunei eta EAJ-PSE gobernu taldeari zuzendutako aldarriak oihukatu zituzten, eta, etengabe, “Ez, ez, ez, errausketarik ez!”.

Protestaren amaieran, agerraldia egin zuten Usurbilgo Udaleko EH Bilduko ordezkariek. «Kezkatuta» daudela nabarmendu zuen Agurtzane Solabarrieta alkateak. Izan ere, erraustegiak «teknologia aurreratuena izanagatik ere», adituek diote «ezinezkoa» dela isuriko dituen substantzia guztiak neurtzea, tartean, nabarmendu zuen, «dioxinak, uranioa eta metal astunak».

Bestalde, Eneko Goia Donostiako alkatearen eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren jarrera kritikatu zuen, klima larrialdiaren gaia pil-pilean dagoen honetan –Madrilgo goi bilerari erreferentzia eginez–, «zuriketa berdea» egotzita. «Markel Olano jauna, herritarren osasunarekin jolastea ez da zilegi», esan zuen.

«Ez dago justizia klimatiko posiblerik erraustegiarekin. Ez dago justizia klimatiko posiblerik egun indarrean dugun hondakinen kudeaketa eredu honekin», azpimarratu zuen, eta, bestalde, Greta Thunberg ekintzaileak asteon esandako hitzak ekarrita, «historiako aldaketa garrantzitsu bakoitza herritik» datorrela xehatu zuen, eta herritarren elkartasuna «ezinbestekoa» dela esan. «Arazo globalei tokiko konponbideak eman behar dizkiegu, balio feministetan sakonduz, bizitzak, eta ez kapitala, erdigunean jarriz».

Desobedientzia erraustegiari

Manifestazioa hasi baino lehenago, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak prentsaurrekoa eman zuen Usurbilgo Potxoenea kultur etxean, plataforma «fase berri» batean sartu dela iragarri eta aurrerantzean hartuko dituzten neurriak argitzeko.

Hala, Gipuzkoako udaletako arduradunei galdegin zieten «erraustegiarekin ez kolaboratzeko» urratsak emateko. «Gure udalek zorroztasunez hartu behar dute konpromisoa beraiek bildutako hondakinik Zubietako erraustegira ez bidaltzeko. Eskaera garbia da: udalez udal, eta, batez ere hondakinak ongi bereizita jasotzen direnetan, ez eraman gure hondakinak erraustera».

Bestalde, nabarmendu zuten ez dutela etsiko erraustegiaren aurkako borrokan eta, kontrara, Zero Zabor eta ekonomia zirkularraren alde egingo dutela.