Amagoia MUJIKA
AÑORGA
Entrevue
BEñAT GAZTELUMENDI ARANDIA
GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELDUNA

«Illunbek nik uste baino gauza gehiago mugitu zizkidan»

Amari eskaini zion aitak jantzitako txapela. Bertsozale Elkarteak Xabier Gaztelumendik, aitak, urteetan egindako lan isila eskertu nahi zuen. Baina argazki horretan amarik ez zen ageri, eta hori ez zitzaion justua iruditzen txapeldunari; aitak lan hori egin ahal izan baitu ama alboan izan duelako. Pili Arandia oraindik hunkituta irudikatzen dugu. Semeak justuaren eta injustuaren kontzientzia zorrotza dauka.

Ordu pare bat lo eginda, beti bezain adeitsu. Datozen egunetako loa zaila izango duela badaki, buruari kostatu egiten baitzaio finaletik jaitsi eta gelditzea.

Finala eta gero, kostatu egiten omen zaizu lo egitea.

Duela lau urte ospakizunetatik etxera joan, eta berriz final osoa ikusi nuen telebistan. Hurrengo eguneko elkarrizketetara lorik egin gabe azaldu nintzen. Atzo ez ginen berandu joan etxera, baina esna egon gara. Ordu pare bat lo egin ditut. Eta gaur ere badakit etxera joan eta buruari bueltaka hasiko naizela.

Zerk trabatzen dizu loa?

Alerta egoten naiz, oso aktibo. Nire buruarekin bertsotan aritzen naiz, kantatutakoa errepasatzen, elkarrizketei ere buelta asko ematen dizkiet… nire burua egurtu egiten dut. Ez naiz saioetatik pozik ateratzekoa inoiz izan eta uste dut gero eta gutxiago naizela gainera. Baina finaletik pozik atera nintzen.

Pozik beraz finalarekin?

Hasieran arraro samar egon nintzen. Zozketan zortzigarrena tokatu zitzaidan. Eskubian Ane Labaka neukan eta, ezkerrean, hutsune bat. Entzun ere oihartzun dezenterekin entzuten nuen, atzeko ateren bat irekita zegoen eta korronte bete-betean nengoen… hasieran finaletik nahiko kanpo bezala egon nintzen, gaizki ez, sufritzen ez nintzen ari, baina ez nintzen sartzen finaleko euforia edo berotasun horretan. Sentitzen nuen ondo ari nintzela, baina lehertu gabe. Hamarreko txikian egitera altxatu ziren Ane Labaka eta Beñat Lizaso. Aprobetxatu eta Ane Labakaren lekuan eseri nintzen, Oihana Iguaranen ondoan. Oihana oso baikor zegoen eta asko bultzatu ninduen. Ondo ari nintzela eta ahal zela hamarreko txikia positibotik heltzen saiatu behar ginela esan zidan. Gaia entzutean, keinu egin zidan Oihanak, ‘hau da gaia, hemen egingo dugu’ esanez bezala. Lehen bertsoa bota zuenean berriz egin zidan keinu, ‘segi’ esanez. Hor eman nion buelta finalari.

Zortzikote horretan, beraz, batzuek besteei tira egiten diote.

Bai, bakoitzak bere finala bizitzen du eta beteranoa izateak ez du esan nahi zentratuago egongo zarenik. Bakoitzak bere lekutik kantatzen du eta denok ez dugu momentu berdinetan aurkitzen gure lekua final batean. Atzo Oihana hasieratik oso kokatua zegoen eta niri berak heldu zidan. Berezkoa du hori. Gozamena izan zen. Ane Labaka berak ere eutsi zidan. Sentsazioa izan nuen une askotan bera aritu zitzaidala animoak ematen, aipamen baikorrak egiten… muturreko egoera horretan, zure burua zalantzan jartzen duzunean, ondokoaren komentario batek dena aldatzen du. Uste dut luxu bat izan zela finalean zehar Aneren ondoan egotea. Eta Oihanaren kasuan ere asmatu zuen une klabean zer esan, nola esan eta, gainera, bertsoari nondik heldu.

Kanturako zortzigarrena ez da toki ona?

Tira, nahiago dut zortzigarren izan lehenengoa baino. Uste dut denoi eragiten digula taldearen sentsazioa izateak eta zortzigarrena zarenean, ez daukazu taldearen sentsazioa. Bertsokide bat daukazu ondoan, baina taldea harago dago eta horrek eragiten dio finalari. Gero, bestalde, bakarkako lanerako denbora dezente neukan gorputzaldia aldatzeko, arnasa baretzeko. Horrek on egin zidala uste dut.

Hiru gailur nabarmen markatu zenituen; hamarreko txikia eta bakarkako bi lanak. Bakarkakoetan irribarrea sumatu genizun, egin nahi zenuena egiten ari zinenaren gozoa.

Bereziki ondo sentitu nintzen lehen bakarkakoan, asko gozatu nuen. Nik gaia entzuten dudanean hiru bukaerak pentsatzen ditut eta hortik hasten naiz. Egitura buruan izaten dut, hiru bukaera izaten ditut eta horrainoko bide guztia bat-batean joaten da. Atzo konturatzen nintzen segur aski bukaerak hobeak izan zitezkeela, baina kantuan ari nintzen bitartean irudiak etorri egiten zitzaizkidan, baita errimak ere, hitzak ondo etortzen ziren bata bestearekin. Finaletan ez da askotan gertatzen, baina atzo gozatu egin nuen. Uste dut eusteko ariketa bat egiten aritu nintzela bereziki hasieran. Illunbek nik uste baino gauza gehiago mugitu zizkidan. Une batean askatu egin nintzen eta askatu nintzenean emozioak normalean joaten diren baino muturrerago joan ziren; finaleko momentu txarrak bereziki txarrak izan ziren eta onak, bereziki onak.

Kontrola galdu zenuen une batzuetan.

Bai, une dezentetan. Uste dut talde bezala finala ondo bizitzeko kezka nuela eta ez zegozkidan ardura dezente hartu nituela saioan zehar. Sentsazio arraro bat izan nuen horregatik. Baina asmatu nuen hortik askatzen eta bertsotan egiten. Baina, bai, normalean egoten naizena baino mugituago egon nintzen.

Aita txapel-emailea izateak ere eragin zizun?

Uste nuen baino gehiago. Ez nuen presente eduki, baina bai. Aitari txapel-emaile izango zela esan ziotenean ariketa mental bat egin nuen eta bi gauzak bereizi nituen: ‘Alde batetik Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak aitari egingo dion aitortza dago, ondo merezia nire ustez. Eta beste aldetik dago nik biziko dudan finala eta nik egin dezakedana’. Nahi nuen azkena zen nire txapelak edo txapela ez janzteak aitaren omenaldi horri itzala egitea. Kezka hori baneukan. Ariketa hori teorikoki egin arren, gero han oholtzan zaudenean, emozioak muturrean daudenean, zaila da kudeatzen.

Txalo egiteko modua aldatu dela aipatu da txapelketan. Illunben sumatu zen hori.

Bertsolaritza momentu bitxi batean dagoela uste dut. Bertsoak oso nabarmenak eta oso onak direnean asko txalotzen da, baina momentu askotan sumatzen da ez dakigula zer txalotu behar den. Aldaketa momentuan gaude eta horrelakoetan zer txalotu eta zer ez txalotu zalantza sortzen da. Publikoaren gune bakoitzak bertsolaritza modu desberdinean ulertzen du eta horrelako plaza kolektiboan publiko guztiak bertso bera txalotzea ez da erraza… Finalean hori sumatu zela uste dut. Alde horretatik, interesgarria izan zen hori ikustea oholtzatik.

Eta finala bukatuta, txapelaren inguruko iritziak eta gustuak ere ugari.

Teorikoki aspalditik esaten den gauza bat da, baina finalean garbi ikusi zen bertsolaritzak daudela, bai oholtza gainean eta bai oholtzatik kanpo. Alde horretatik interesgarria da. Kezka pixka bat sortzen dit oraindik txapelketa dela balidazio sistema nagusia eta badirudiela txapelketan bertsokera bati ez bazaio autoritate bat ematen, bertsokera horrek ez duela balio. Bertsolaritzak zer gogoetatu dezente dauka hor. Txapelketa interesgarria da genero bezala, ez denaren ordezkari bezala.

Batzuen arabera, finalaren kronikaren izenburuak honakoa behar zuen: «Ez zen hain Alaia izan». Buruz burukorako kinielatan Alaia Martinen izena ozen entzuten zen.

Egia esan, nire kinielan Alaia eta Agin neuzkan. Nire burua baxuago epaitzen dut, kritikoagoa naiz, eta nire burua buruz burukotik kanpo ikusten nuen eta horretarako prestatzen ari nintzen. Bertsokideek esan zidaten ezetz, ni barruan ikusten nindutela. Alaia eta Agin puntu batera geratu ziren. Alde horretatik badaukat Alaiarekin injustizia historikoa ote dagoen sentipena. Eta Agin merezimendu osoarekin pasatu zen noski. Uste dut duela lau urte Illunbe erdiak nik irabaziko nuela uste zuela eta beste erdiak, Alaiak irabaziko zuela. Hor itzal bat egin niola sentitzen dut eta hori injustua izan zela neurri batean. Eta oraingoan kezka daukat buruz burukora pasatu ez izanak ea Alaiaren finalari norainoko itzala egingo dion. Eta ez bakarrik finalari. Uste dut Alaia Martin Gipuzkoako bertsolari onenetarikoa izan dela azken zortzi urteetan eta ez dakit merezi duen aitortza guztia jaso ote duen.

Bestetik, Aginek duela lau urte hirugarren egin zuen eta oso final ona egin zuen eta larunbatean ere bikain aritu zen momentu askotan. Nire txapelak ere itzala egingo dio Agini eta hori ez da justua. Baina Alaiarekin sentsazioa daukat ez dela gertatzen den lehen aldia eta horrekin badaukat pena bat.

Zure txapelak itzala nori egingo kezkatzen zara, beraz. Txapelketa honetan, orokorrean, zuk egin dezakezun itzalak asko kezkatu zaitu, ezta?

Txapelketan izena eman nuenean kezka handia sortzen zidan zenbat espazio okupatuko ote nuen. Azken txapelketetan txapelduna ez da atera izan, aurreko txapeldunak beste belaunaldi zaharragotakoak zirelako. Nire kasuan ikusten nuen Alaia eta Agin, nire belaunaldikoak, hor zeudela eta beraiekin aritu nahi nuela. Baina, era berean, banekien txapeldunaren itzala hor zegoela eta ez nuen zegokidan baino askoz espazio handiagoa okupatu nahi. Uste dut ez dudala egin eta horrekin pozik nago.