Jon ORMAZABAL
PILOTA

Sendotasunaren txapelak

Eurena oso ondo eginda, uste baino errazago irabazi zituzten Leire Etxanizek eta Miriam Arrillagak lau eta erdiko Master Cup txapelak.

Etengabe eta abiadura bizian hazten ari den kirol bat izanagatik, gainontzekoetan bezala, emakumeen esku pilotan ere, ideia bati ahalik eta fidelen izatea, norberaren dohainetan irmo agertzea izaten da une zailenetan aurrera egiteko biderik egokiena eta Barakaldon agertutako sendotasun horrek eraman zituen Leire Etxaniz, pilota goxoan, eta Miriam Arrillaga, mistoarekin, Emakume Master Cupeko kaiolako txapelak janztera. Garaipen honekin, Aginagakoak modalitate berriaren palmaresa estreinatu zuen; eta Etxebarrikoak, aldiz, pilota goxoarekin ia garaiezina dela erakutsi zuen, bere bosgarren txapela jantzi baitzuen, kaiolako bigarrena.

Hasierako eztandaren ostean, txapelketarentzat ere azterketa zen atzokoa eta garaian garaiko beharrei erantzuteko gaitasunaz harago, publikoarengan erakargarritasunik galdu ez duela frogatu zuen, Barakaldokoa bezalako pilotaleku bat goraino betez. Halako egun handietan maiz gertatu ohi den bezala, kirol alorrari dagokionez emozio pixka bat gehiago eskertuko litzateke eguna borobila izateko, baina pilotazaleek gogoz txalotzeko moduko tantoez gozatzeko aukera izan zuten, bai pilota mistoarekin eta bai goxoarekin.

Etxaniz, hasieratik

Pilota goxoarekin, asko espero zen azkeneko bi txapeldunen arteko estilo arteko talkan, baina Leire Etxaniz izan zen bere erritmoa ezartzeko gai izan zen pilotari bakarra, bere nortasunera leialen izan zen emakumea eta hasieratik hartu zuen partidaren aginte makila. Patri Espinarrek ez zuen eskubiarekin pilota nahi bezala astindu, kosta egin zitzaion angeluak topatzea eta, pilota gehitxo harrotuz, komeni ez zitzaion erritmoan kateatu zen (1-8).

Hala ere, Etxebarrikoak izan zuen une kritikorik, Patri Espinarrek sake errematean egindako jokaldi baten ostean bi ezbeharri egin behar izan zielako aurre. Hasteko, epaileak pilota bigarren botean eraman zuela adierazi zuen bestelakorik eman zuenean eta bestetik, min hartu zuen eskuin orkatilan (5-8). Hala ere, bikain erantzun zuen eta beste lau tanto egin zituen jarraian.

Arriskuak hartuz, saiatu zen Patri Espinar aldeak murrizten, baina Etxaniz oso eroso mugitu zen tantoak luzatu eta dejadaz edo bi paretaz tantoak amaitzen. Patri Espinarrek, ordea, eskuin eskua oso minduta, ezkerrez jokatzen amaitu zuen, ez zuen partidari buelta emateko modurik aurkitu (13-22).

Arrillagaren txapelketa bikaina

Pilota mistoko lehen finala askoz orekatu eta lehiatuagoa hasi zen, materialagatik, baita askoz azkarragoa izan ere. Hemen ere bi joko molde zituzten bi lehiakideek, kolpez indartsuagoa Arrillaga aginagarrak eta teknikoagoa Larrarte bidaniarrak. Lau berdinketaren ostean, ordea, bietan nagusienaren sendotasuna gailentzen joan zen, Arrillaga bizkarra erakusten hasi eta Larrateri ezinezkoa izan zitzaion tantoa aurrean nahastea.

Halere, esan beharra dago, pilota astintzeaz harago, Miriam Arrillagak oso pilotari osoa dela erakutsi zuela. Kantxan ederki mugitu zen eta tantoa amaitzen ere badakiela erakutsi. Partida borobila jokatu eta merezimendu osoz lortu zuen modalitate honetako lehen txapela.