GARA
GASTEIZ

Kaleratze mehatxuen aurrean, industria plana eskatu dute Celsa Atlantic enpresan

Celsa Atlantic-Laminaciones Arreguiko zuzendaritzak plantillaren %10 kaleratzeko asmoa jakinarazi dio enpresa batzordeari eta honek enplegua bermatzea eta enpresaren etorkizuna epe ertain eta luzerako ziurtatzeko industria plana eskatu du.

Langileen ordezkaritzak plazaratutako oharrean azaltzen denez, Laminaciones Arreguik Araban dituen bi lantegiak (Gasteizen eta Urbinan) lan etete prozeduretan daude 2016tik. «Hamarnaka kaleratze, zigor, berronartze eta kaleratze berriren ostean, 2016an gatazka negoziazioaren bidetik bideratzea lortu zen», gogoratu zuen. Baina azken asteotan norabide aldaketa bat izan dela adierazi du enpresa batzordeak. «Duela egun gutxi enpresak langile bat kaleratu zuen, 52.d artikulua aplikatuta (absentismoagatik kaleratua). Orain langile gehiagorekin gauza bera egingo dutela mehatxatu dute, eta, gainera, gutxienez bakarkako hamar kaleratze objektibo planteatzen dituzte». Onartezina eta etikarik gabeko jokabidea dela esan ostean, kaleratze hauen aurrean alternatibak daudela dio eta «ahal dugun guztia egingo dugu gauza daitezen, enplegu suntsiketa saihesteko xedearekin». Aldi berean, lantegien aldeko apustu sendoa egin dezala eskatzen dio zuzendaritzari.

Bitartean, geldirik ez direla geratuko eta mobilizazioei ekingo dietela iragarri dute. «Akats larria litzateke 2012ko egoerara itzultzea», nabarmendu zuen enpresa batzordeak.