«Irekita obrengatik», arkeologoek saritua

Gasteizko Santa Maria Katedrala Fundazioak 2019ko Europako Arkeologia Ondarearen Saria jaso zuen astelehenean katedralaren atarian. Arkeologoen Europako Elkarteak banatutako saria da honakoa. Erakunde hau 70 herrialde ezberdinetako 2.500 kidek osatzen dute. 1999tik banatzen du Ondarearen Saria –hemendik aurrera bi kategoriatan, instituzionala eta bakarkakoa– eta aurten, lehenengo aldiz saritu ditu katedral batean egindako lan arkeologiko eta zaharberritzekoak. Azken 20 urteetan, 1.800.000 bisitari inguruk katedrala «modu irekian» zaharberritzeko proiektua bisitatzeko aukera baloratu dute. Fundazioak dio horrek «onura ekonomiko garrantzitsuak ekarri» dituela «tokiko komunitatera, azpiegituretara eta merkataritzara». Arkeologoen Europako Elkarteak “Irekita obrengatik” goiburua azpimarratu du saria banatzerakoan, Santa Maria katedraleko obretan hasi baitziren aurrenekoz lelo hau erabiltzen: «Ondarea eta ondarearekin erlazionatutako proiektuak lantzeko era berria eta hunkigarria da, dimentsio publikoa eta balioa lehen lerroan jartzen dituelako, eta Europako eta mundu osoko ondarearen komunitateari onurak ekartzen dizkiolako». Munduko beste proiektu batzuen inspirazioa izan da. Santa Maria Katedrala Fundazioa 1999an sortu zuten Arabako Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Arabako Gotzaindegiak, katedrala zaharberritzeko eta hau balioan jartzeko ardurarekin.