Azkue, gorazarrea euskalgintzako erraldoiari Lekeition
Euskaltzaindiko lehen euskaltzainburua izan zen Resurreccion Maria Azkue. Andres Urrutia egungo euskaltzainburuaren hitzetan, «euskal kulturaren erraldoia, euskal kulturarako zin-zinezko tsunamia».
Euskaltzaindiak gorazarre egin nahi izan dio akademiak izan zuen lehen euskaltzainburuari, eta, xede horrekin, Lekeitioko Andre Mariaren Jasokundearen basilikan bildu ziren atzo bai euskaltzainak bai Lekeitioko Udaleko ordezkariak. Bide batez, Euskaltzaindiak urteko azken osoko bilkura egin zuen herriko udaletxean. Omenaldian, Azkuek eginiko ekarpenak goraipatu zituen Andres Urrutia euskaltzainburuak: «Azkue, argi esan dezadan, euskal kulturaren erraldoia da, euskal kulturarako zin-zinezko tsunamia, egungo berbak erabiliz».
Azkuerekin batera beste lekeitiar euskaltzale batzuk ere gogoratu zituen euskaltzainburuak bere berbaldian. «Gomutan ditut, askoren artean, Aita Kandido Basabe eta Amantzi Urriolabeitia gerra aurrekoen artean, eta harrezkeroko Eusebio Erkiaga euskaltzain osoa eta Miren Agur Meabe eta Xabier Erdozia euskaltzain urgazleak. Horiek izan ziren eta badira egun ere Azkuek hasitako euskaltzainen katearen katebegi preziatuak», nabarmendu zuen.
Aldarrikapen batekin itxi zuen bere hitzartzea Urrutiak: «Azkueren hilobia aurrean dugula, hura gogoan hartu, eta, beste behin ere, euskaltzain edota herritar modura, berriztatu dezagun gure zina, euskara eta euskal kulturaren alde eta mesederako, XXI. mende honetan euskaldun izaten jarraitu nahi dugulako, ehun urte lehenago Azkuek eta lehen euskaltzainek jarririko goiburuari eutsiz: ‘Ekin eta jarrai!’».
Atzo gogoratu zutenez, Azkueren lan argitaratuak katalogatu eta digitalizatu zituen iaz Euskaltzaindiak, Bizkaiko Aldundiaren babesarekin eta Jakin Fundazioaren laguntzaz. Guztira 922 idazlan katalogatu eta digitalizatu zituzten (lehena 1888koa eta azkena 1951koa).
Atzoko Lekeitioko ekitaldian, euskaltzainekin batera, Koldo Goitia alkateak, Itxaro Mentxaka mezzosopranoak eta Bingen Zupiria EAEko Kultura sailburuak ere parte hartu zuten.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
