«Iparraldeko euskalgintzako elkarte nagusia zen Ikas 60ko eta 70eko hamarkadetan»
Ipar Euskal Herri osorako euskarazko ikasmateriala egiten duen pedagogia zerbitzua da Ikas. 1959an sortu zenetik gaur arte elkartearen izaera aldatzen joan bada ere, izenak aditzera ematen duen bezala euskara eta ikaskuntza bat eginda aitzinatzea izan du xede. 60 urte egin ditu aurten elkarteak, eta hori ospatzeko harrera ekitaldia eta bazkaria antolatu zituzten duela aste batzuk Uztaritzeko Lapurdi gelan.

Pedagogia da Ikas elkartearen lana laburbiltzen duen hitza, baina horren atzean askotariko beharrak badirela azaldu du Aines Dufauk. Euskarazko ikastresnak egitea, mediatekaren eta webgunearen bitartez kultura zein irakaskuntzarako baliabideak eskaintzea, eta formakuntza saioak antolatzea dira zerbitzuaren hiru ardatzak.
Ikasek 60 urte bete ditu aurten. Nola sortu zen elkartea?
Ikas 1959an sortu zen, euskal irakaskuntzaren alde bozkatu zen Deixonne legearen ildotik. Eskualzaleen Biltzarrak Baionako Euskal Museoan antolatu bi eguneko pedagogia jardunaldien karietara, berrehun bat irakasle bildu ziren, sare publikokoak eta sare giristinokoak. Orduko hautetsien laguntzaz zuten elkartea sortu, hala nola Louis Dassance Uztaritzeko auzapezaren eta Michel Labeguerie Eskualzaleen Biltzarreko elkarteburuaren sostenguz.
Zein izan da sorreratik gaurdaino egin duen ibilbidea?
Ibilbide luzeari lau ezaupide ikusten dizkiot. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, Ikas Iparraldeko euskalgintzako elkarte nagusia zen. Sortu eta berehala, euskararen eta euskal kulturaren irakasteko lehen ikastresnak argitaratzeaz gain, mobilizazio franko antolatu zituen. UEU bera, Ikasek sortu zuen, Euskaltzaindiaren babesarekin. Manex Goihenetxe zen garai hartako langilea, eta haren ondoan eragile suharrik bazen, hala nola Piarres Xarriton. Bestalde, beste eskualdeetako militanteekin ari zen gure hizkuntzaren estatusaren hobetzeko.
1980ko urteetan, Erramun Baxokek “Euskaraz bizi” ikus-entzunezko metodoaren proiektua ekarri zuen. Euskal irakaskuntza hazten eta egituratzen hasi zen hamarkada horretan; alde batetik, 1969an sortu zen Seaska, eta bestetik, sail elebidunak sare publikoan eta sare giristinoan.
1997an Ikas berritu egin zen, Garapen Kontseiluan berriki ondu hizkuntza politika antolamenduaren eskeman oinarrituz. Txostenetan sinple zen egoera: Ikas Hezkunde Nazionaleko CRDP (Centre Régional de Documentation Pédagogique) erakundearen pareko izan behar zen euskarazko ikasmaterialgintzaren sorkuntzari zegokionez. Baina hizkuntza politikako finantzamendua bozkatzerakoan, Ikas obratzaile gisa ekarria izateko partez, orduko hautetsiek CRDP zuten izendatu, Estatuko ordezkariek hala eskaturik.
Ikasen eta erakunde publikoen arteko sokatirak bederatzi urte iraun zuen. 2010ean, Hezkunde Nazionalak Ikasen ebaluazioa eginarazi zuen eta ondorio nagusia hau izan zen: “Ikasen labela kalitatearena da”. Ondotik Euskararen Erakunde Publikoak eta Hezkunde Nazionalak Ikas zerbitzu publiko emaile gisa ezagutzen dute, eta orain dela hiru urtetik eginkizunak eta baliabideak hitzartzen ditugu.
Zenbat liburu argitaratzen dituzue? Zein irizpide baliatzen dituzue liburuen argitalpenari buruz erabakitzeko?
Urtean hogei bat titulu berri plazaratzen ditugu. Eta bakoitza euskarri mota bat baino gehiagoren bilduma da: ikasleen eskuliburuaz gain, entzungaiak, material osagarria eta irakasleen gida. Parte bat digitala da.
Argitalpen egitarauen finkatzeko, urtean bi aldiz biltzen dira lau hezkuntza sareetako irakasle ordezkariak (publikokoak, pribatukoak, ikastoletakoak eta AEK-koak), pedagogia arduradunak, Hezkunde Nazionaleko ikuskariak eta Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariak.
Bestalde, haur eta gazte literatura saila ere badugu. Obra klasikoen itzulpenaz gain, hemengo idazle zenbaiten obrak ere plazaratzen ditugu.
Hezkuntzan euskararen presentzia etengabe garatzen ari da. Eraginik badu zuen lanean?
Garapena lehen mailan da. Bigarren mailakoa hauskorragoa da, bereziki azken bost urte hauetan gertatu diren kolegioko eta lizeoko erreformen ondorioz, lurralde hizkuntzen kaltetan baitira. Ikasmaterialgintzaren balioaz dudarik ez dugu, Unescoren arabera, hizkuntzen bizirik atxikitzeko bederatzi faktore nagusietarik bat da.
1970eko hamarkadatik zein da harremana UEUrekin eta Euskaltzaindiarekin?
UEUrekin formakuntza saioak antolatu ditugu behiala, eta berriz ere iragan udan, Ikasen estilo liburuko gai zenbait. Arrakasta handikoak izan dira eta gisa horretako besterik egin nahi genuke, Iparraldeko euskal irakasleen faboretan. Euskaltzaindiarekin harreman jarraikian gaude beti; Ikasen ikastresnen hizkuntza gainbegiratzailea da.
Dokumentazio zentroa ere bazarete. Zer material duzue?
Denetarik badugu, 30.000 bat dokumentu, gehien-gehienak euskaraz. Parekorik ez da Ipar Euskal Herrian. Pedagogia gunea izanki, irakasleendako material egokia proposatu behar dugu; horretan dugu lehentasuna. Webgune aberatsa dugu, dokumentu pedagogiko anitzekin. Ikasen webgunearen parte bat pribatua da, bazkideentzat.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
