Andoni ARABAOLAZA
IZOTZ

«Mission to Mars», Helmcken Falls-eko izar berria

Timm Emmet-ek eta Klemen Premrl-ek Kanadako kobazulo horren bide gogorrena zabaldu berri dute. Protagonisten arabera, WI13 zailtasuna du. Erori handia duen 40 metroko marra da, eta azken hiru mugimenduak gogorrenak dira; hots, bidearen giltza.

Kanadan dauden Helmcken Falls izeneko ur-jauzia neguan bitxia da oso. “Iturri” berezi horretatik jaisten den ur emariak zurrunbiloa sortzen du, eta zipriztinak koba baten paretan itsatsi eta izotz edo antzigar zutabetxoak pilatzen ditu. Lasai asko esan genezake ikuskizun ederra dela. Baina izotz eskaladan jarduten dutenek ikuspegi horri beste eite bat gehitzen diote: eskaladarena.

Hain justu, hamarraldi bat bete da Will Gadd eta Tim Emmetek koba horren izotz formak lehen aldiz ikusi zituztenetik. Gaddek behin azaldu zigunez, ikusi eta segituan erabat harrapatuta geratu zen. Izotz kandelatxo horietan torlojuak ezin direnez jarri, protagonistok bide berriak zabaltzerakoan paraboltak sartu zituzten. Izotz horri “spray” deitu zioten. Ohiko WI (water ice) eskala erabili zuten. Baina beste alderdi batzuekin alderatuta, zailtasunak erabat gora egin zuen: WI10. Garai haietan munduko beste txoko batzuetan WI7+ zen gogorrena.

Bada, orain dela aste batzuk Emmetek berak beste goi mailako espezialista batekin soka gerrira lotu zuen. Hain zuzen ere, Klemen Premrl-ekin. Eta sokada honek kobazulo horretan zegoen zailtasunaren langa gehiago altxatu du.

“Mission to Mars” bide berria ekipatu eta gero, WI13 maila proposatu dute. Hots, Helmcken Falls-etako gorena.

Emmetek berak onartu du eskalada berezi horrekin ez dela aspertzen: «Klemen eta biok berriro itzuli ginen. Eta bide berri erakargarria bezain bikaina eskalatu genuen. Horri ‘Nadurra Durra’ deitu diogu, eta WI12 mailakoa da. Oso tentea da, eta eskaladaren azken metroetan zailtasun gogorrenak pilatzen dira. Koba honi makina bat bisita egin dizkiogu, eta hango bideekin oraindik erabat gozatzen dugu. Inguru bakarra da, eta eskalada horrek trebetasun handia (fitness ere bai) eskatzen du. Baina oraindik denbora bagenuenez, bide horri aldaera bat sortu genion».

Eta sormen-lan berriak “Mission to Mars” izena hartu du. Proposamenak, berriz, WI13 maila hartu du. Hots, kobazuloko zailena, eta, jakina, izotz eskaladan inoiz egin den gogorrena.

Berezia

“Mission to Mars”-i dagokionez, aurreratu behar da 40 metro dituela. Emmetek adierazi du proposamen berriak erori handia duela: «Tentea izateaz gain, oso desplomatua da; 30 metro, gutxi gorabehera. Makina bat saiakera eskatu dizkigu, baina, azkenean, Klemenek eta biok hura kateatzea erdietsi dugu.

»Egun berezi hori joan den 9an izan zen. Helmckenen dauden marra guztietatik gogorrena iruditu zaigu. Ziur aski, erori oso handia duelako. Hori da gure proposamena, eta zain gaude ea beste kide batzuk bertaratzen diren ‘Mission to Mars’ probatzera».

Hori guztia esan eta gero, Emmetek gehitu du azken hiru mugimenduek buruhauste handiak eman dizkietela: «Zalantzarik gabe bidearen giltza hor dago. Oso ohituta gaude eskalada estilo horrekin, baina azken hiru mugimenduek lan eskerga eman digute.

»Bazirudien ezinezkoak zirela hauek gainditzea, baina oso motibatuta geunden, eta den-dena emateko prest ginen».

Proposatutako zailtasunaren inguruan eskalatzaile honek azpimarratu du zalantzarik gabe kobako zailena dela: «Will eta biok Helmckeneko leku zoragarri honetan eskalatzen hasi ginenetik, zailtasunari garrantzia eman diogu. Gogoan dut oraindik ‘Spray On’ kateatu genuen eguna. WI10 maila eman genion, eta kolektibo guztia zur eta lur utzi genuen.

»Zailtasunari dagokionez, egundoko iraultza izan zen. Ondoren, W11 (‘Wolverine’) eta W12 (‘Interstellar Spice’ edo ‘Nadurra Durra’) iritsi ziren. Orain WI13-ri ateak zabaldu dizkiogu».