Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Dei Auzitegiak 500 euroko isuna ezarri dio Peio Irigoien preso ohiari

Fijait fitxategiak ezarritako neurriak ez betetzeagatik Peio Irigoien errudun dela jakinarazi zuen atzo Paueko Dei Auzitegiak eta 500 euroko isuna ordaintzera zigortu du Beskoitzeko (Lapurdi) preso ohia.

Erabaki horren aurrean, Parisko Kasazio Gortean helegitea jarriko duela azaldu zuen Maritxu Paulus-Basurco abokatuak, bere iritziz, akusatua «errugabea» delako, eta «Fijait fitxategiak Europako legediaren eta frantziar Konstituzioaren kontrakoak direlako». Bestalde, auzi beragatik Baionako epaitegian martxoaren 31rako zuen deialdia bertan behera gera daitekeela azaldu zuen Paulus-Basurcok, «jada zigorra ezarri baitio Irigoieni Paueko Auzitegiak».

Edonola ere, Baionako Auzitegiari dagokio hastapeneko auziak jarraituko duen edo ez argitzea. Izan ere, Baionako Auzitegian epaitu zuten lehenik Irigoien eta, Fijait neurriak betetzen ez zituenez, hamar hilabeteko epea eman zion epaileak bere egoera «erregulatu» zezan. Ondorioz, helegitea jarri zuen defentsak Dei Auzitegian, eta errekurtso horren erantzuna izan zen atzo Paueko Auzitegiak kaleratu zuen erabakia.

150 pertsona Fijait fitxategian

Estatu frantseseko zortzi espetxetan diren 37 euskal presoetatik ia guztiak Fijait fitxategietan daude, baita azken hamar urteetan ETArekin lotura zutelakoan Estatu frantsesean epaitu dituztenak ere. Guztira, 150 preso eta preso ohi daude fitxategian.