Amaia U. LASAGABASTER
REAL

«Denboraldi zaila» baina «ikasteko baliagarria» izaten ari da Nahikarirentzat

Koronabirusak ekarritakoa kontuan hartu barik ere, «denboraldi zaila eta arraroa» izaten ari da aurtengoa Nahikari Garciarentzat, kapitain zuri-urdinak atzo aitortu zuenez.

Izan ere, Realera heldu zenetik «zailena izan» daitekeela uste du, «kirol mailan zein pertsonalki. Lesio asko izan ditut, asko kostatu zait guztiz gustura egotea. Eta denboraldia ez da izan guztiz espero genuena. Baina gauza guztietatik ikasten da eta atera daitezke irakurketa positiboak eta ziur nago denboraldi honek ere ikasteko balio izango didala. Horrekin geratzen naiz».

Horrekin eta oraindik –lehiaketa amaitzeko aukera badago– lor daitekeenarekin; izan ere, denboraldia «pixka bat arraroa eta gorabeheratsua izan» den arren, ezin da txartzat jo. «Gure uneak izan ditugu –gogorarazi zuen–. Onena Superkopako finalera iristea izan zen, eginikoa lan polita izan zen. Hortik aurrera, hainbeste partidarekin, kosta egin zitzaigun. Hala ere, Liga eten zen unean egoera onean geunden laugarren postu hori lortzeko borrokatu ahal izateko. Orain arte egindakoaren balorazioa gorabeheratsu samarra izan da, baina oraindik aurretik erronka eta aukera politak izan ditzakegu eta hori da positiboena», azpimarratu zuen urnietarrak.