Amagoia MUJIKA
DONOSTIA
Entrevue
FELIX ZUBIA
DONOSTIA OSPITALEKO MEDIKUA

«Ahalik kalte gehien egiteko birusa diseinatzen hasita, horrelako zerbait litzateke»

Zainketa Intentsiboen Unitateko medikua da. Lehen lerroan ari da artean erabat ezagutzen ez duten eta ertz zorrotzak dituen koronabirusaren kontra. Larritasun mailetan gorena kudeatzen du egunero, oso beldurtuta iristen diren pazienteak artatuz.

Inoiz ezagutu duen olatu bortitzena da koronabirusarena; kolpetik etorri delako eta gogor jo duelako. Olatua jaisten ari delako animatuta dago, baina arrastaka dakar azken asteotako neke fisiko eta emozionala. Eta aurrera begira ere galderak pilatzen zaizkio.

Nola zaude?

Orokorrean osasun langile guztiak momentu arraro samar batean gaudela uste dut. Orain dela hamabost bat egun geldiezina zen pazienteen iritsiera, etengabean kasuak eta kasuak zetozen, bai larrialdietara, bai ospitaleratzeko geletara eta bai zainketa intentsiboetara. Hori gelditu zaigu eta orain lehen etorritako paziente horien egonaldiak ditugu. Alde batetik animatuago gaude, lehengo egoera oso gogorra zelako. Lehenengo altak ere eman ditugu zainketa intentsiboetan. Beste aldetik, nekatuta gaude; bai neke fisikoa, ordu asko sartzen ditugulako, eta baita neke emozionala ere. Egoera gogorrak bizitzen ari gara eta horrek beti erasaten du.

Mediku bezala antzeko egoerarik bizi al duzu lehenago?

Hain gogorra eta hain kolpetik nik ez dut inoiz bizi izan. Egia da 2009an A Gripea izan zela. Orduan bazirudien ez zela ezer gertatuko baina guk, zainketa intentsiboetan, 40 pazientetik gora izan genituen eta heriotza batzuk ere ikusi genituen. Baina ez zen hain kolpekoa izan. Orain zainketa intentsiboetara egun batean sei, hurrena zortzi, hurrena sei, larrialdiak beteta, ospitalea betetzen… hain kolpetik ez dut sekula ikusi.

Emozionalki hori kudeatzea ez da samurra izango.

Oso gogorra da. Heriotza asko ikusi ditugu, asko bakardadean, familiaren laguntzarik gabe. Denok estresatuta gaude, ondo babestu behar dugu, mugimendu asko daude inguruan…

Eta pazienteen beldurra nola kudeatu?

Oso zaila da hori kudeatzea. Normalean etxean eta ondo dagoenak ez du ezer berezia ikusten. Baina ospitaleratzen denak, beldurra du. Eta ospitaletik zainketa intentsiboetara etortzen dena, are ikaratuago dago. Oso-oso beldurtuta dagoen jendea ikusi dugu, ‘hil egingo naiz?’ etengabe galdetzen. Guk beti esaten diegu beraiengatik ahal den guztia egingo dugula, gure baliabide guztiak jarriko ditugula bere alde eta norbait intubatzeak ez duela esan nahi hil egingo denik. Alderantziz, sendatzeko aukera bat eskaintzen ari garela. Baina oso egoera gogorra da.

Beldurraren oinarrian ezjakintasuna edo informazio jarioa, biak egon daitezke.

Bizi garen gizarte honen ezaugarria hiperinformazioa da. Etengabe albisteak sortu behar dira, aldiro albiste berriak eman, denok nahi dugu albistea ematen lehenak izan… Eta, era berean, aurrean erabat ezezaguna zaigun zerbait daukagu. Erabateko ziurtasunak ematea oso zaila da, zer gertatuko den aurreikustea zaila da eta aldi berean sekulako zalaparta dago. Horrek antsietate handia sortzen du gizartean.

Olatua etorri da. Espero zenuten bezalako izan al da?

Etorri da eta orain jaisten ari da. Ez dakigu zenbat denborakoa izango den, ez dakigu ospitaleratuta daudenek zenbat denbora beharko duten sendatzeko eta ez dakigu isolamendua altxatzen denean zer pasatuko den.

Baina, egia esan, ez dakigu zer espero genuen ere. Gaur ikusita esan daiteke mundu mailako edo kalkulu txar bat edo ezkutaketa bat izan dela. Krisia Txinan hasi zenean, bazirudien kutsakortasuna nahiko baxua zela; pertsona batek bi kasu berri sortzen zituela. Beraz, kasuak ezagututa eta kasu positibo horien isolamendua eginda, bazirudien posible izango zela krisia kontrolatzea. Hori zen Osasun Mundu Erakundeak eman zuen gomendioa.

Baina ikusi da proportzio hori bat-seikoa dela. Alegia, pertsona batek sei kutsatu ditzake eta sintomarik gabeko jende asko dago. Orduan, estrategiak ezin du izan sintomak dituztenak bakarrik isolatzea, ze beste kutsatu askok alde egiten dute kontrol horretatik eta birusa izugarri zabaltzen da. Ez dut uste Txinako datuak eta informazioak guztiz fidagarriak direnik. Ez da normala ematen dituzten datuekin eta zenbakiekin herrialde oso bat ixtea eta denak etxean sartzea. Hor badago informazio eta estrategia aldetik mundu mailako akats bat. Hurrengo hilabeteetan ezagutuko da, baina dagoeneko badaude datuak erakusten dutenak jende askok oharkabean pasatu duela eta horiek izan direla gehiago zabaldu dutenak.

Orain arreta guztia asintomatikoen gainean jarria dagoela dirudi.

Bai, eta arazoa da ez dakigula zein diren. Ez dakigu nork duen birusa eta nork kutsatu dezakeen. Orain arte neurri unibertsalak hartu dira, denok etxean. Normaltasunera bueltatzeko, birusa dutenak isolatu behar dira. Sintomak dituztenak isolatzea erraza da, baina sintomarik ez dutenak detektatu behar dira. Hori zail samarra da eta kostatu egingo da.

Iceberg baten irudia erakusgarria da: azpian daude sintomarik gabeko guztiak, ikusten ez direnak eta goiko zatia baino askoz gehiago direnak; horren gaineko zatian daude sintoma arinak dituztenak; eta portzentaje aldetik askoz gutxiago dira puntan daudenak, larrien daudenak. Hartara, jende asko kutsatzen bada behean, puntan ere jende gehiago egongo da kopuruz.

Badirudi proportzionalki asko direla asintomatikoak.

Seguru ez dakigu, baina badira ikerketak esaten dutenak hamarretik zortzi direla asintomatikoak. Ez dakigu seguru, datu horiek joango dira zehazten datozen hilabeteetan. Baina erdiak izanda ere, asko da. Horregatik da hain zaila kontrolatzen koronabirusa.

Herritar bezala zaila egiten da barneratzea birus bat hilgarria dela batzuentzat eta sintomarik gabea beste batzuentzat.

Hor dago gakoa. Gaitz honen arrisku handienetakoa hori da; batzuek konturatu gabe pasatu dutela, beste batzuek nahiko arin, batzuek ospitaleratuta eta beste batzuek zainketa intentsiboetan. Eta ondo jakin gabe zergatik. Erronka handiena hori da. Pentsatzen jarrita, zer birus mota diseinatu beharko litzateke munduan zehar erraz zabaltzeko eta ahalik eta kalte handiena egiteko? Ba horrelako zerbait izango litzateke. Zailtasun guztiak dituen birusa hau da.

Zer ikasi duzue oraingoz koronabirusari buruz?

Izugarri kutsakorra dela, kutsatutako askok ez dutela sintomarik izaten, denbora oso gutxian izugarri zabaltzen dela eta kontrolatzen zaila dela.

Bestetik, ikasi dugu ezezagunaren aurrean aritzea oso zaila dela, datu eta estatistika guztiak oso kontuz irakurri behar direla, antolakuntza batek salbatu dezakeela eta denok osasun agente garela. Edozein pertsona osasun eragile aktiboa da; hau ez da erizainen, medikuen edo administrazioaren kontua bakarrik. Pertsona bakoitza osasun eragile da horrelako egoera batean.

Eta pertsona bezala gauza asko ikasi ditugu, edo ikasi beharko genituzkeen behintzat. Bizitzan gauza garrantzitsuak zeintzuk diren oso argi geratu beharko zitzaigun.

Asko aipatzen da maskaren erabilera orokorra bultzatuko ote den.

Bai. Lehengora bueltatuz, asintomatikoak nola kontrolatu, hor dago gakoa. Esan behar den lehen gauza da maskarak ez direla norbera babesteko, guk besteak ez kutsatzeko baizik. Adibidez, ni asintomatikoa banaiz, besteak ez kutsatzeko erabili beharko nuke maskara. Babes neurri horiek ez dira geure buruarentzat, besteentzat baizik. Gero, maskarak erabiltzekotan homologatuak erabili beharko genituzke, eraginkorrak direla ziurtatuta daudenak. Etxean egindakoak eraginkorrak ote diren ez dago ziurtatua. Ondo egindako maskarak eta estandarizatuak beharko genituzke. Horrek izugarrizko bolumena eskatzen du. Ideia bezala ez da txarra, baina maskara bolumen hori ziurtatzea oso zaila da. Une honetan ez daude kopuru horiek ziurtatuta eta aurrera begira ere ez dakit nondik atera daitezkeen hainbeste milioi maskara. Gainera, maskararen erabilerak lasaitze orokor bat ekar dezake eta horrek ez luke eragin behar isolamendu neurrietan. Birusa batez ere tanta txikiz transmititzen da, eztularen bitartez, karkaxen bitartez eta ingurutik ingurura transmititzen da, hurbiltasun horretan. Horregatik, distantzia soziala, metro eta erdiko edo bi metroko distantzia, ezin da lasaitu. Neurri eraginkorrena pertsonen arteko distantzia da eta hori denbora puska batean mantendu egin beharko da.

Isolamendu orokorra egokia izan da.

Osasungintzaren aldetik bai eta funtzionatu egin duela esan daiteke. Beste gauza bat da ekonomian zer-nolako egoera sortu duen, nolako pobrezia ekarri duen… baina osasungintzako ikuspuntutik ikusten genuen olatua gero eta handiagoa zela eta hori isolamenduak geratu du zalantzarik gabe.

Mundu mailako krisia da. Bigarren olatua ere etor daiteke ezta?

Ez dakigu. Garbi dagoena da mundu guztian birusa desagertu ezean, olatu gehiago egongo direla eta gaur egun darabilgun mugimendu tasarekin, beste herrialdeetatik etor daiteke bueltan berriz. Gero ez dakigu neguan zer gertatuko den, beste olatu bat etor daitekeen edo ez. Garbi dagoena da adi egon beharko dugula.

Espero da udan jaistea.

Hori segurutzat jotzen da, birusak ez duelako beroa maite. Gainera, jende askok pasa baldin badu, espero da immunizazio tasa ere altua izatea. Garbi dagoena da behin pasatakoan gorputzak defentsak sortzen dituela eta defentsa horiek babesten dutela. Udan birusa ahuldu egingo da eta immunizazio tasak ere eragina izango du. Ez dakiguna da neguan pasa ez duten pertsona horiek arriskuan izango ote diren berriz pasatzeko.

Birusaren astindua desberdina den neurrian, errekuperazioa ere desberdina izango da.

Bai, oso maila desberdinei buruz ari gara. Pentsa, sintomarik ez duenak errekuperaziorik ez du. Gero, gehien-gehienek arin pasatu dute eta horien errekuperazioa samurra izango da. Larriago egon direnei, pneumonia bat pasatu dutenei, kostatu egingo zaie. Eta, azkenik, zainketa intentsiboetan egon direnak daude. Horrek esan nahi du sedazio osoa eta gorputz osoa geldirik egotea. Ondorioz, giharrak atrofiatzen dira, nerbioak kaltetu, indarra eta sentsibilitatea galdu… horrek errehabilitazioa eskatzen du, lanketa bat bizpahiru hilabetean gorputza bere onera bueltatzeko. Baina bakan batzuk dira azken horiek.

Zerbait baikorra esatearren, akaso jende asko immunizatuta dago, ez dakien arren.

Bai, hori da hurrengo asteetan egin beharreko lana; immunizatuta zenbat gauden eta zenbat ez ikustea. Hortik jakingo dugu zein arrisku dagoen luzera begira. Horrekin batera, isolamendua altxatzen joan beharko dugu pixkanaka, beharrezko diren neurriekin.

Zaila izango da asintomatiko guztiak identifikatzea.

Bai, oso zaila da. Baina laginak hartu daitezke, eremu zabal batean testak egin eta hortik taldeko emaitzak atera. Adibidez, osasun langile guztiei testak egin beharko litzaizkiguke eta badirudi egingo zaizkigula. Hortik zenbakiak atera behar dira.

Hau zenbakien birusa da.

Bai, zalantzarik gabe. Baina esaten dute gezurra esateko hiru modu daudela eta kontuz ibili beharko dugu: bata da gezurra esatea, bestea egia erdizka esatea eta, hirugarrena, estatistikak. Kontuz ibili behar da beti zenbakien interpretazioarekin.