Andoni TOLOSA “MORAU”
BERROGEIALDIRAKO TELESAILAK

Musikazaleentzat

Utzidazue, oraingo honetan, telesail bat aholkatzen. “Treme” du izena eta 2010. urtean estreinatu zuen HBO kateak. David Simon eta Eric Overmyerrek sortu zuten eta lau denboraldi burutu zituen, 36 atal ditu guztira eta “Katrina” ondorengo New Orleanseko hiritarrak ditu ardatz. Kontakizunak, berriz, haien egunerokoa azaltzen du, nola egiten dioten aurre urakanak utzitako hondamendiari eta saiatzen diren, era berean, beren bizitza berreskuratzen edo berreraikitzen.

Hiru ardatz ditu tramak, alde batetik musika, bestetik janaria, eta azkenik, hiria berreraikitzeko politikak eta haiei lotutako ustelkeriak, negozioak, eragiten dituen ezinegonak eta sortzen diren gatazkak. Baina esan daiteke, hiruren artean musika dela hiria eta bertako biztanleak kohesionatzen dituen eragile nagusia, porlana, metafora berreraikitzailea erabiliz. Alde horretatik, ikusgarria da, zenbat musika eta zein ederra agertzen den kapitulu bakoitzean, eta nolatan bihurtzen den, soinu banda soilaz harantzago, kontakizuna josten duen hari nagusia.