GARA
GASTEIZ

Krisian handiagoa den militarizazioaren aurka

Emakumeok Gerraren Aurka eta Armiarma talde feminista antimilitaristak deituta, elkarretaratzea bana egin zuten atzo Bilbon eta Gasteizen, Bakearen eta Armagabetzearen aldeko Emakumeen Nazioarteko Egunean. Lorpenak ospatzeaz gain, osasun krisi honetan gertatzen ari den militarizazioaren indartzea salatu zuten.

Bizkaiko hiriburuan 09.30ean elkartu ziren, Arriaga plazan; Arabakoan, 12.30ean, Andre Mari Zuriaren plazan, bietan beharrezko segurtasun neurriak hartuz: maskarak jantziz eta elkarren arteko distantziak zainduz. Andra.eus webguneak jaso zuenez, emakumeek gerraren aurkako borroketan lortutako hainbat garaipen ospatu zituzten, eta gerrei eta horiek posible egiten dituzten industriei –«adibidez, gure herriko arma industria»– aurre egiten jarraitzen duten milaka emakumeren lana nabarmendu zuten.

Bestalde, bizitzen ari garen osasun krisiak zein zaurgarriak garen eta jendarte eredua birpentsatzeko zer premia dugun agerian jarri duela azpimarratu zuten. «Botereak kale eta hedabideetan militarren presentzia areagotu izanak alertan jarri gaitu, jendartea are gehiago militarizatzeko arriskuaren aurrean», adierazi zuten.

«Armadak soluzioaren parte direla sinetsarazi nahi digute. Segurtasun ‘uniformatua’ saldu nahi digute. Militarren irudiak erakusten dizkigute egoitzak, aireportuak, tren geltokiak desinfektatzen, inongo txalorik jaso gabe eta sarri modu prekarioan lehenagotik lan hori egiten zutenak eta etorkizunean egiten jarraituko dutenak ahantziz», azpimarratu zuten.

Erantsi zutenez, beldurrak, baliabide faltak, murrizketek gehiago kaltetzen dituzte emakumeak eta munduko toki ugaritako gerretatik eskapo egin duten pertsonak.

Gerra, «adierazle bortitzena»

«Antimilitaristak eta feministak gara, eta hiltzen gaituzten armada eta armen aurrean, bizitza eta zaintzak erdian jartzeko premia berresten dugu, gerrak indarkeria patriarkalaren adierazgarririk bortitzena direla ulertzen baitugu», azaldu zuten.

«Gure feminismoek bizitza jartzen dute erdian. Pertsona guztientzako bizitza duin bat. Horregatik, gerren kontra daude erabat. Sarri emakumeen gorputza helburu eta sari bihurtzen duten gerren aurka».

Gerrak sistema kapitalistaren zutoin garrantzitsuetako bat ere badirela ohartarazi zuten. «Jendearen zati handi baten indiferentziarekin egiten diren gerrak. Urrunak eta arrotzak egiten zaizkielako, baina, zeharka bada ere, onura jasotzen dute».

Jendarte eredua birpentsatzeko deia egin zuten, eredu hori izan baita egoera larri hau ekarri duena. «Jendartea desarmatu behar dugu», aldarrikatu zuten, «gerra hemen hasten da».