Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surf

XIX. eta XX. mende hasierako idazleak, surfaren lehen lekukotzak

Mark Twainek 1872an deskribatu zuen hawaiiarrek surfa nola egiten zuten. Bera ere ausartu zen, eta geroago baita beste idazle esanguratsu batzuk ere, Jack London eta Agatha Christie kasu. Hona hemen idazle ospetsu horiek idatzitako zenbait testigantza.

«Jatorriz bertakoek soilik menderatzen dute ongi surf egiteko artea», esan zuen Mark Twain idazle famatuak. Surfa soilik hawaiiarrek egin zezaketen zerbait zela pentsatzen zuten Mendebaldeko bisitari zuriek sasoi hartan. Hala ere, XIX. mendeko eta XX. mende hasierako idazle esanguratsu batzuk ausartu ziren surf egiten eta beren testigantzak idatzi zituzten, gainera.

Idazle gisa gertaerak deskribatzeko zuten gaitasuna surfean izan zuten esperientzia kontatzeko baliatu zuten Mark Twain, Jack London eta Agatha Christie idazle ezagunek, besteak beste. Misterioen erreginak 1922. urtean Hegoafrikan eta Hawaiin surf egin zuenekoa kontatu genuen beste batean orrialdeotan. Gaurkoan, Mark Twain eta Jack Londonen txanda da.

Mark Twain baldar

Hawaiiko erresuma oraindik Kamehameha dinastiaren menpe zegoenean izan zen Mark Twain, jatorri eskoziarreko idazle estatubatuarra, Hawaiin. 1872an izan zuen esperientzia bere egunerokoan gorde, eta handik denbora batera “Innocents abroad” izeneko liburu autobiografikoan argitaratu zuen.

Horrela deskribatu zuen Twainek lehen aldiz hawaiiarrak surf egiten ikusi zituenekoa: «Leku batean bertako jendez osatutako talde handi bat topatu genuen, biluzik zeuden, sexu eta adin guztietako pertsonak olatu artean surf egiten. Hirurehun edo laurehun yardara itsasoratzen ziren (taula labur batekin), eta gero urautsian itxaroten zuten; une egokian ohol gainean jarriko zituen aparrarekin bat egiten zuten eta zutik jartzen ziren. Tximista batek ere ez luke izango ilea altxatzeko abiadura handiagorik».

Twainek saiakera egitea erabaki zuen: «Surf-borroka egiten saiatu nintzen gero, baina huts egin nuen. Taula leku eta momentu egokian kokatu nuen, baina konexioa galdu nuen. Taulak segundoko hiru laurdenetan jo zuen itsasertza, eta nik ere abiada berarekin jo nuen hondoa; pare bat upel ur gainean biraka izan nituen jarraian».

Twainen lekukoa Jack Londonek hartu zuen. Horrela, 1907an, jada hawaiiar uharteak AEBetako uharte zirenean, idazle kaliforniarrak, bere bi mastako belaontzian Ozeano Barea zeharkatzen ari zenean, geldialdia egin zuen Honolulun eta Waikikiko hondartzan bertan haurrak surf egiten ikusi zituen. “The crusie of the Snarck” liburuan kontatzen du bere esperientzia.

Bitxia da surflari hawaiiarrei begira egin zuen deskribapena: «Bat-batean, ke lerro bat zerura igotzen den lekuan, itsasoko jainkoa bezala altxatzen da zurrunbilo artean eta gandorraren gainaldean, gailurretik, maldan behera agertzen da gizon baten buru iluna. Bere sorbalda beltzak, bularraldea, aldakak, gorputz-adarrak... lehenago ikusezina zena gizaki bat da orain, zutik, oso-osorik, mugimendu basati baten erdian, baina ez du borroka egiten, munstro ahaltsu horiek mendean hartu ditu eta haien gainean da, lasai, oinak erretzen dituzten aparren gainean, belaunetara iristen da erretzen duen gatza eta gainontzeko gorputz atal guztiak airean ditu, libre. Hegan egiten du, hegan. Merkurio bat da. Merkurio marroi bat».

Haurrei begiratuta, surfak erraza zirudien, eta begiratuz ikasi zuena probatzeko ordua iritsi zela pentsatu zuen Londonek. Taula bat hartu eta saiakera egin zuen, baina ohartu zen ez zela uste bezain erraza, «erabateko porrota» izan zuela aitortu baitzuen.

Jack London, aditua

Lehen saiakeraren ostean, irakasle on bat izan zuen Londonek: Alexander Hume Ford iparramerikarra, 1908an Waikikiko hondartzan Outrigger Canoe Club sortu zuen laguna. Hark eman zizkion aholkuak.

«Kendu taula horretatik», esan zion Fordek. «Bota ezazu! Taularen aurrealdeak beherantz jotzen bazaitu tripak aterako dizkizu eta. Hartu nire taula. Gizon baten tamaina du».

Hortik aurrera hobeto moldatu zen London: «Ordu erdiren buruan neure kabuz aritzeko gai izan nintzen. Behin eta berriz egin nuen eta Fordek txalo egiten zidan aldi bakoitzean eta aholkuak ematen zizkidan. Adibidez, taulan hain aurrean ez jartzeko esan zidan. Baina, antza, oso aurrean jarri nintzen, eta itsasertzera iristean taula hondoratu egin zen, kolpean geratu eta arrisku-salto bat eman zuen, gure arteko harremana ere bat-batean hautsi zuen une berean. Patata frijitu bat bezala bota ninduen airean eta erorketan olatu azpian hondoratu nintzen. Konturatu nintzen Fordegatik ez balitz, benetan tripak atera izango zizkidala, desmuntatu egingo ninduela. Fordek dioenez, arrisku hori kirol honen parte da...».

Eta honela jarraitzen du idatziak: «Beste arriskua tripak besteei ateratzea da eta esperientzia hori izateko zorian ere izan nintzen. Esan beharra dago suizidioa baino okerragoa dela homizidioa. Fordek salbatu ninduen hiltzaile bat izatetik. ‘Zure hankak lemak direla pentsatu behar duzu’, esan zidan, ‘elkarrekin mantendu eta haiekin gidatu taula’. Minutu batzuk geroago olatu baten gainean hondartzara bidean nindoan, eta, bat-batean, ura gerriraino iristen zen eremuan emakume bat agertu zen, pare-parean».

Londonen umorea agerian geratzen da pasadizo honetan: «Nola gelditu behar nuen azpian nuen olatua? Emakume hark jada hila zirudien. Taulak 75 libra pisatzen zuen, nik 165. Pisu gehigarriak orduko hamabost miliako abiadura zuen. Taula eta biok jaurtigai bat osatzen genuen. Fisikarien esku uzten dut talka horren indarra asmatzea. Eta gero, nire aingeru guardakoa oroitu nuen, Ford; ‘zure hankak zuzendu’, entzun nuen nire burmuinean. Hankekin gidatu nuen, nire indar guztiarekin. Taulak alde batera jo zuen. Gauza asko gertatu ziren momentu berean. Olatuak bultzada txiki bat eman zidan, nahikoa erortzeko, eta ondorioz uraren kontrako kolpe bortitz bat hartu nuen. Burua atera nuen arnasa hartzeko. Han zegoen emakumea, nire aurrean. Heroi bat bezala sentitu nintzen. Bizia salbatu nion. Eta berak nire kontura barre egin zuen...».

Olatu handietan ibiltzen direnek beti errepikatzen duten ikasgai nagusia ere ongi ikasi zuen Londonek: «Ikasi nuen surfeko metodoaren eta borrokaren oinarria zera zela, erresistentziarik eza. Kolpekatzen zaituen kolpea saihestu. Aurpegian lehertuko zaizun olatuaren aurrean hondoratu zaitez, zapaldu nahi zaituen zurrunbiloa zure gainetik pasa dadin. Ez izan zurrun. Lasaitu. Amore eman txikitzen ari zaizun olatuaren aurrean. Ez saiatu zurrunbiloaren kontra borroka egiten. Egiten baduzu, itotzeko arriskua duzu, zu baino indartsuagoa da eta. Itsas azalera iritsiko zara».

Londonen aholkuak

Kontuan hartu behar da garai hartan surflariek ez zutela txikotarik; beraz, erortzen baziren taula galtzen zuten. Londonek ez zuen laguntza eskatzeko asmorik: «Surf egiten ikasi nahi duenak igerilari ona izan behar du eta ur azpian ibiltzeko gai izan behar du. Horren ostean, gutxieneko indarra eta sen ona nahikoa dira. Batzuetan taula eta surflaria banandu egiten dira, eta bien artean metro askoko distantzia egon daiteke. Surflariak bakarrik zaindu behar du bere burua. Ez du axola inguruan zenbat surflari dauden, surflariak haien laguntzarik gabe irteteko gain izan behar du».

Eguzki erredurengatik egun bat ohean eman behar izan zuen Londonek, baina ez zuen etsitzeko asmorik. «Bihar, itsasoan izango naiz ur zoragarri horretan, eta zutik ibiliko naiz... eta bihar lortzen ez badut, etzi egingo dut edo hurrengo egunean. Baina gauza bat ziurra da, ‘Snark’ belaontzia ez da Honolulutik aterako ni ere olatuen abiaduran zutik jarri eta eguzkiak erretako azal iluneko merkurio bilakatu arte».