Andoni ARABAOLAZA
TRAIL

Bederatzi lasterketezosatutako Munduko Kopa ez da jokatuko azkenean

Skyrunning World Series zirkuituko antolatzaileek azaldu dute osasun krisiak lehiaketa bertan beherauztera behartu dituela. Hitzorduetako bat Gorbeia Suzien zen; bizkaitarrek iraileko datari eusten diote.

ITRA, WMRA, Golden Series... eta orain Skyrunner World Series. Hots, trail munduko zirkuituak bata bestearen atzetik geratu dira bertan behera. Zehazki esanda, covid-19 gaitzak eragindako pandemiak utzi ditu bertan behera. Datozen hilabeteotan, proba ofizialen bat edo beste iragarri dute, baina, aldiz, ez da egongo hainbat hitzorduz osatutako zirkuiturik.

Skyrunner World Series zirkuituari Munduko Kopa deitzen zaio, eta joan den astean antolatzaileek behin betiko erabakiaren berri eman zuten: «Egungo egoeran, nazioarteko bidaiak bertan behera utzita edo mugatuta daudela, oso zaila da nazioarteko zirkuitu bat egitea. Litekeena da lasterketa batzuk egin ahal izatea, baina denboraldi oso bat aste gutxi batzuetan biltzea ez litzateke errespetuzkoa, ez korrikalarientzat ezta antolatzaileentzat ere».

Zirkuituak bederatzi hitzordu zituen 2020an, eta 52 aste zituzten antolatzaileek proba guztiak jokatzeko. Zirkuitua bertan behera uzteko erabaki ofiziala orain iritsi bada ere, lasterketetako askok aurretik ere aurtengo hitzorduak bertan behera utzi edo atzeratzeko erabakiak hartuta zituzten.

Gorbeia Suzien

Bederatzi hitzorduetatik bat Gorbeia Suzien zen. Zeanurin antolatzen duten euskal lehia erabat sendotu eta indartu da azken urteotan, eta horri esker Munduko Kopan sartzeko aukera izan du.

Skyrunner World Series zirkuituaren antolatzaileek hartutako erabakiaren inguruan, bizkaitarrek adierazi dute errespetatzen eta ulertzen dutela: «Jakin badakigu SkyMan kudeaketa taldeak hartu duen erabakia zaila dela oso. Alabaina, gure aldetik lanean jarraituko dugu, datorren irailaren 27an geure lasterketa egin ahal izateko itxaropenarekin. Jakina, osasun egoerak aukera ematen badu, eta korrikalarientzat, boluntarioentzat, babesleentzat, ikusleentzat eta antolatzaileentzat inolako arriskurik ez badago. Horretarako, osasun agintarien gomendioak kontuan hartuko ditugu une oro, eta beharrezko protokoloak indarrean jarriko ditugu».

Horrenbestez, Gorbeia Suzien ez da Munduko Kopan egongo, baina, pandemiak uzten badu, jokatu, jokatuko da. Gogora dezagun, azkenik, lasterketa Gorbeiako parke naturalean jokatzen dela, eta ibilbide zirkularra duela. Denera, 31 kilometro eta 2.400 metroko goranzko desnibela ditu probak.