Foru Aldundiak 2022a baino lehen ezarriko du bidesaria Beasain-Bergara autobian
Beasain eta Bergara arteko A-636 autobia erabiltzeagatik ezarriko den kanona finkatzen duen foru arau proiektua onartu zuen asteartean Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak.

Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak asteartean hartutako erabakiaren ondoren, Beasain eta Bergara arteko A-636 autobia erabiltzeagatik ezarriko den kanona finkatzeko foru arauak Batzar Nagusien onespena behar du orain. Behin lortuta, ordainketa sistema bat ezarriko da ibilgailu guztientzat, motozikletentzat izan ezik. Deskargan bidesaria martxan jarriko duten data ez dute zehaztu, baina Gipuzkoako Aldundiak erabaki du 2022ko ekainaren 30a baino lehen jarriko duela indarrean.
Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek azaldu zuenez, free flow teknologia erabiliko du sistemak, N-1 eta A-15 errepideetako zenbait zatitan jada indarrean dagoena. «Bidesariak azpiegiturak eraiki, mantendu, artatu eta ustiatzeak sortzen dituen kostuak ikusaraziko ditu, azpiegituron erabiltzaileei kargatuz; lurraldearen barne orekarako faktoreak sartuko ditu; eta gure errepideek behar dituzten artapen eta kudeaketa lanen kostuak berreskuratzen lagundu».
Oiarbidek gogoratu zuenez, Gipuzkoako edukiera handiko errepide sarean badaude bidesariak egun, bai AP-8/AP-1 autobidean (ibilgailu guztientzat) bai A-15/N-1 lerroan (ibilgailu astunentzako), «eta koherentziagatik eta sarearen uniformetasunagatik, uste dugu neurri eraginkorrena, bidezkoena eta koherenteena dela erabileragatik ordaintzeko sistema bat ezartzea. Erabakia bat dator Batzar Nagusien gehiengoak onartutakoarekin zein Europako zuzentarauekin». Bidesariaren zenbatekoak lotura izango du «azpiegituraren eraikuntzarekin eta ustiaketarekin».
Bidesariaren zenbatekoa autobide zatiaren eta kilometroen araberakoa izango da. Asteartean zenbatekoen aurreikuspen bat eman zuten: beteko balitz, ibilgailu arinek 0,38 euro ordainduko lukete Beasain-Ormaiztegi tartean (2,8 kilometro); 0,74 Ormaiztegi-Zumarraga tartean (5,4 km); 1,41 Legazpi/Urretxu-Bergara tartean (7,3 km) eta 0,48 Legazpi/Urretxu-Antzuola tartean (2,5 km). Ibilgailu astunen kasuan, tasak garestiagoak izango lirateke.
Garraiolariak, kontra
Hiru sindikatua Aldundiak «inposatuko» bidesariaren kontra agertu da. Ohar batean salatu duenez, «bidesariak azpiegituren mantentze lana kudeatzen jakin ez duten politikarien porrota dira». Hiruren ustez, Aldundiak agerian utzi du «dirua biltzeko duen grina». Garraioak ez duela bidesaririk behar ere ohartarazi du Hiruk, «sektoreak bizi duen egoera kaskarretik ateratzeko politikak baizik».

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
