Mutriku, itsas tradizioa eta natur ondarea portu bakarrean

Euskal kostaldeak harribitxi ugari dituela ukaezina da. Kantauri itsasoak bustitako portu zaharrenetako bat da Mutrikukoa. Arno mendiaren magalean hainbeste eman dion itsasoari begira hazitako herrigunea dago. Nortasun horren lekuko diren eraikin eta arrastoekin batera, inguratzen duen natura ere erakargarri du; izan ere, Deba eta Zumaiarekin batera Geoparkeko parte da.

Orain dela zortzi mende, XIII. mendean, eratua Deba eta Artibai ibaien arteko gune labartsuan, flysch beltzaren higadurak sortutako portu naturalak bide eman zion Mutrikuko itsas bokazioaren garapenari. Baleazale, arrantzale eta kortsario, sona handiko itsasgizonen sorleku izan da, baita mendeetan itsasoa ogibide izan duten beste herritar anonimo askorena ere. Hala, mendeetan, arrantza nahiz handik eratorritako industriak herriaren sostengu izan dira.

Gune historikoa euskal kostaldean ongien mantendu direnetako bat da, 1995ean Monumentu Multzo izendatu zuten. Erdi Aroko trazatua nahiz harresi zaharren zenbait aztarna gordetzen ditu, baita XV-XVIII. mendeen arteko eraikuntza ederrak ere, aberastasun garaien erakusgarri. Besteak beste, kaiaren zaintza lanetarako baliatu ohi zuten Berriatua dorretxea eta barroko gipuzkoarreko Montalivet jauregia.

Ondare historikoan sakondu nahi duenak Arrietakua jauregira jo behar du. Antonio de Gaztañeta itsasgizonak aginduta eraikia, egun, Mutrikuko Kondearena da; aurretik, ordea, Kosme Damian Txurrukarena ere izan zen. Zientzia gizona eta Itsas Armadako brigadierra, Ingalaterraren aurkako Trafalgarreko itsas gudan kanoikada jasota hil zen, “San Juan Nepomuceno” itsasontziaren buru zela. Udaletxetik gertu, bere omenez izendatutako plazan, monumentu bat du, sorlekuko alkatea ere izan baitzen. Orduko hartan, Gipuzkoako arkitektura neoklasikoaren eredu den Andre Mari Jasokundearen elizako lehen harria jarri zuen.

Kaia, ardatz

Galtzada-harrizko bideetan gora eta behera eginda itsasoari lotutako arrastoak ageri dira. Horietako bat, Atxukale begiralekuan dagoen balea baten murala. Margoak Nafarroako erregeari, lehenik, eta Gaztelakoari ondoren, urtero ordaindu beharreko zerga gogorarazten du. Leku horretan elkartu ohi ziren arrantzaleak itsasoaren egoera ikusi eta ontzien joan-etorria zaintzeko. Portuaren ikuspegi paregabea Evaristo Txurrukaren begiradapean dago orain. Ingeniaria kaiaren handitze lanez arduratu zen, haren garapena ahalbidetzeko. Irudiaren ondoan, haizearen norabidea eta inguruko portuetarainoko distantzia adierazten duen iparrorratza du.

Bisitariarentzat ezinbesteko paseoa da kaikoa. Moilako arrapalatik gertu lonja zaharra edo Moilako dorretxea daude, eta bidean aurrera eginda, hondartza. Bertan bainua hartu, hondarretan etzan edo tabernan geldialdia egin daiteke. Aurrera egitekotan, bi aukera. Batetik, itsasontziei sarbide ziurra bermatzeko eraikitako kanpoko babes dikera igo daiteke; bertatik, herriaren nahiz kostaldearen zati handi bat begiztatzen da. Eraikinaren baitan bisita daitekeen zentral bat dago, olatuen mugimenduarekin argindarra ekoizten duena.

Bestetik, Ondarroa aldera eginda, itsasbeheran, Saturrarango hondartzara hel daiteke. 300 metro luzeko hareatza flysch beltza ikusteko gune aproposena da, kala txikiz osatutako marearteko zabalgunean. Labarrek 100 milioi urteko ammonite fosilak gordetzen dituzte eta haien berri izateko gunea Nautilus interpretazio zentroa da, Jesus Narvaezek hiru hamarkadatan jasotako laginak biltzen baititu.

Herrigunetik kanpo ere gauza erakargarriak baditu Mutrikuk. Laranga eta Galdonamendi auzoetatik mendi bista ederrak daude, eta Gipuzkoako itsasertz zati handi bat ikus daiteke. Olatzeko bailaran, berriz, haitzuloak eta karobiak daude bertako zelai eta basoetan; eta Astigarrabian, San Andres eliza, prerromaniko garaiko leiho ikusgarri bat duena.

Haurrekin edo gabe, gozatzeko bi bide

Mutrikuko sekretuak ezagutzera bertaratzen direnek naturaz gozatzeko aukera ugari dituzte: mendi irteerak, zaldi ibiliak, itsas kirolak... Baita haren erdian ostatu hartzekoa ere.

Lasaitasuna bilatzeko bideak askotarikoak dira eta batzuek nahiago izaten dute seme-alabengandik –eurenak edo besterenak– atseden hartzea. Haientzako leku aproposa da Arbe hotela, helduei bideratutakoa –12 urtetik gorako gazteei ere bai–. Laranga auzoak, Debarako bidean kokatuta, Kantauri itsasoaren ikuspegi bikaina du. Hiru izardun hotelak 2008an zabaldu zituen ateak eta 2015ean Turismo Saria jaso zuen.

Abangoardiako diseinua du eta bere 11 logelak girotzeko geotermia baliatzen du. «Hotel txikia da, baina hasieratik ahalegindu ginen berritzaile izaten», azaldu du Iñaki Arin jabeak. Hala, giltzarik ez dute erabiltzen, hatzarekin irekitzen baitira ateak. Ildo beretik, auto eta bizikleta elektrikoak kargatzeko gunea ere badute. Aipagarriak dira ere bertako produktuekin prestatutako gosari ekologiko oparoak. Igerilekua du itsasoari begira eta hondartza, kilometro eskasera. Pare bat egun pasatu ohi dute udatiarrek, nahiz eta batzuek egonaldi luzeagoak egin. Gainerakoan, profesionalak hartzen dituzte; horregatik, nahiko beltz ikusten du Arinek irailetik aurrerakoa.

Familian egotea nahiago dutenentzat aproposa da Galdona kanpina. Hondartzatik 15 bat minutura, Galdonamendi auzoan dago, mendiz inguratuta. Karabanentzako tokiaz gain, kanpatzeko gune zabal bat du. Bertako langile Miren Jone Kaltzakortaren esanetan, «oso lasaia da, umeentzako egokia, gaueko hamaiketan zaratarik ez dago, mundu guztia erdi lo dago... Gainera, parke txiki bat dute jolasteko».

Giro horretan atseden hartzera joan ohi dira bezeroak, «estres nahikoa izaten da-eta urte osoan lanean». Ohiko zerbitzuk ditu 3. kategoriako kanpinak, hala nola, barbakoa, denda eta jatetxea, eta maskotak ongietorriak dira, «baina lotuta». 360 laguntzentzako tokia badu ere, erdira mugatu behar izan dute edukiera koronabirusaren eraginez.