Txurruka jatetxea Soraluzen, mahai onaren ikur Deba bailara osoan
Mende erdiko ibilbidearen ondoren, Soraluzeko Txurruka jatetxea mahai onaren erreferente bilakatu da Deba bailara osoan. Orain, bere sukaldeko janaria kalera gerturatzeko ahalegina egin dute, Gaztelupe taberna zabalduz. Ez dira garai onenak ostalarientzako, baina Iurdana eta Ikerne Laskurain Etxeberria ahizpei ez zaie ilusiorik falta, ezta lanerako gogorik ere.

Txurruka jatetxera iristeko 3 kilometroko bidea igo behar da Soraluzeko eliza atzetik abiatuta. Deba eta Urola bailarak banatzen dituen Irukurutzeta mendi lerroaren azpian, orain dela 50 urte hasi zen bazkariak ematen Iurdana eta Ikerneren amama Begoña Andoaga, bere senar Iñaki Etxeberriarekin batera. Beraiekin batera aritu ziren gero Mariaje ama eta Idoia izeba, eta duela 16 urte hasi ziren Iurdana eta Ikerne ahizpak, hirugarren belaunaldiko kideak, guztiak emakumeak. «Etxe honetan beti emakumeak eraman dugu jatetxea», dio Iurdanak harrotasunez.
Lehenbiziko hamarkadetan sukaldaritza tradizionala eskaintzen zuten eta, astelehenetik ostiralera, hiru plater eta postreko menua: «Astelehenetan adibidez, hasteko aukeran ematen genuen arrain-zopa edo entsalada, gero baba-zuriak edo porru patatak, eta, ondoren, legatz frijitua edo eskalopea».
Iurdanaren iritziz, ordea, eskaintza hori guztia gaur egun ez da bideragarria. «Amamarengatik mantendu genuen hasieran, baina gero hainbat aldaketa egin genituen, toke desberdina emateko. Hala eta guztiz ere, jarraitzen dugu betiko platerak prestatzen: baba gorriak txorizo eta odolostearekin, etxe honetako ikurra izan den legatz frijitua, bildotsa burruntzian… Gure izaera gordetzen duten platerak dira eta horregatik mantendu nahi izan ditugu».
Horrekin batera, Txurrukako berezitasuna parrilan erretako arrainak dira (erreboiloa, lupia, errapea, kokotea…), eta postreak ere bai (pantxineta, gazta-tarta, urra-suflea…), espresuki horretarako gozogile bat baitute.
Plater horiei esker, Txurruka jatetxea erreferente bilakatu da ez Soraluzen bakarrik, baita Deba bailara osoan ere. Horrela, bezero asko etortzen dira Eibar eta Elgoibartik, edota Bergara eta Arrasatetik, menu berezia edo karta dastatzera. «Hemen lan handiena asteburuan izaten dugu; ostiral, larunbat eta igandetan tope ibiltzen gara eta komeni da erreserba egitea», dio Iurdanak.
Astean zehar, eguneko menu berezia eskaintzen dute, eta inguruko enpresetako langileak etortzen dira bazkaltzera. «Hemen badaude enpresa batzuetako langileak egunero etortzen direnak joan deneko 30 urteetan». Astelehenean eta asteartean, hori bai, atsedena hartzen dute.
Proiektu berria kalean
Aurten, gainera, Txurrukako janaria kalera gerturatzeko ahalegina egin dute, Gaztelupe taberna zabalduz. Maiatzaz geroztik, beraz, plaentxiarrek igo beharrik ere ez dute Txurruka baserriraino bertako janariak dastatzeko eta tabernan bertan jan dezakete edo, nahi izanez gero, etxera eramateko eskatu.
Horretarako, eguneko menua eskaintzen dute astelehenetik ostiralera, baina baita errazioak, pintxoak, entsaladak, tostak, ogitartekoak eta hanburgesak ere, azken horiek asteburuetan. Gaztelupeko menua egunero igotzen dute sare sozialetara, eta orain arte jaso duten harrera oso ona izan dela diote.
Une zaila ostalarientzako
Gaztelupe tabernaren irekiera, hala ere, unerik txarrenean iritsi zaie, apirilean zabaltzeko asmoa zutelako, konfinamenduaren erdi-erdian. Azkenean, maiatzean ireki ahal izan zuten, hasieran etxera eramateko platerekin bakarrik, eta gero tabernan bertan jateko aukerarekin.
Jendearen erantzunarekin oso pozik badaude ere, Iurdana ez dago batere ados ostalaritzaren inguruan ematen den irudiarekin. «Hemen badirudi gu garela errudunak. Ez da normala birus kasu bat azaltzen denean komunikabideetan tabernaren izena azaltzea. Akaso taberna horretara birusa ekarri duen pertsona ez da pasa botikatik edo janari denda batetik? Edo pertsona horrek ez du lan egiten enpresa batean? Eta enpresa hori itxi al da? Ez, ixten dena taberna da», dio haserre.
Beraien jatetxea itxi ez, baina gehienez hamar pertsonako mahaietara egokitu behar izan dute. Ondorioz, pasa den asteburuan, bertan behera utzi zizkieten 20-25 pertsonako hainbat erreserba.
Asteburu honetan Soraluzeko jaiak ziren ospatzekoak. Iurdanak dioenez, «nahiz eta ezer antolatuta ez egon, baziren kuadrillak bazkariak eta afariak egiteko asmoa zutenak, baina asko erreserbak atzeratzen ari dira, errudun sentitzen direlako».
Udari begira, Txurrukak itxi egingo du abuztuan. «Badakigu inoiz baino jende gehiago ibiliko dela herrian, baina langileei oporrak eman behar dizkiegu eta itxi egingo dugu. Gainera, Eibar, Tolosan eta Zarautzen gertatu bezala edukiera %50era jaisten badute Soraluzen, nik itxi egin beharko nuke hurrengo egunean bertan», amaitu du.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
