02/08/2020

Julen MURGOITIO
San EzNazio eguna!

Udan udakoa. Pinudiak sutan. Normaltasun zaharra, baso antropikoak diren pinu-plantazioen udakoa. Baso asintomatikoak gero, transgenikoak diren horiek! Are eukaliptoenak! «Euskaliptoak Zutik!» esango luketela oasiko batzuek! Ama, ama! Bada bai, udan udakoa, San EzNazio eguna! Berriz ere, urtero legez aurten ere etorria, egutegiaren legeaz. Amen!

Eusko Alderdi Jaurlaritzaren eguna San EzNazio horrena. Aurten 125 urte! Lehengo jaungoikoaren eta haren lege zaharren lepokoan oraindik ere! 4.0. Politika! Harrapa ezak/n! Irak/n! Ez du ba esan horren presidente asmotsuak «Euskadi askatzeko sortu» zela alderdia «eta ahalegin horretan jarraituko dugu»… 125 urte eta gero hau! Ene, ene! Pazientzia behar gero! Planetako mugimendu askatzailerik zaharrena bilakatu da honezkero! Eta xelebreena, eurak enteratu ez! Kolpea gero! Askatu nahi eta errotonda kudeatzen jarraitu!

Tira, harira! «Ez, ezetz da!» genuen barneratuta. Bada, ofiziozko politikan «Ez eta ez, baietz da». Eta motiborik ez zaie falta, bi ezetz baietz bat delako. Beraz, ezetzen zenbakia bikoitia bada, ba horixe, baietza! Eta hau kolpea, gero! Bi baietzek baietz izaten segitzen dute! Zeinek ulertu? Total, azkenean monasterioko patioan argitu da misterioa, aurretik posta bidezko gutunekin arazoak izan eta gero. Argazkia lekuko. Nago ni gutunetan Ajuria Eneko maizterrari San Juani korintoarrekin gertatua gertatzen zaiola, Moncloako jabeak ez diola erantzuten. Hori bai, «Euskadi askatzeko sortuak!»… Euskaliptoa Zutik! eta ondorioz, zoru etikoa lehortuta!

Ene, ene! Abian da berriro txirrindularitza! Tourraren Giroa hartu du Bueltak! Borboien buelta, kasu honetan. Segizio eta guzti egin berri dute hemendik bira, pajeak eta bufoiak barne.

Zer oasi eta oasi oste da bere biodibertsitatearen parte marrazo jatorrak ez dituena!