J.S.
ELGOIBAR

Ekitaldi gutxi batzuk Elgoibarren, jai egunak direla gogorarazteko

Elgoibarko San Bartolome jaiak ere bertan behera geratu dira. Hala ere, Udalak zenbait erakusketa eta ekitaldi sinboliko antolatu ditu egun seinalatuok gogorarazteko asmoz, guztiak ere indarrean dagoen osasun-araudiak ezartzen dituen irizpideetara egokituta. Horrela, igandean hiru erakusketa zabalduko dira eta astelehenean ez dira dultzainero eta txistularien dianak faltako. Pilota profesionaleko partidak ere izango dira ikastolako frontoian.

Euskal Herriko beste herrietan gertatu den bezala, covid-19aren pandemia dela eta, aurten Elgoibarren ere ez dira San Bartolome jaiak ospatuko, festetan egon ohi diren jende pilaketa handiak saihesteko helburuarekin. Hala ere, Elgoibarko Udalak zenbait erakusketa eta ekitaldi sinboliko antolatu ditu egun seinalatuok gogorarazteko asmoz.

Horrela, abuztuaren 23tik irailaren 7ra arte, Eduardo Arrillagaren “Photo kalean” erakusketa egongo da zabalik. Bertan, Arrillagak azken hamarkadetako sokamuturretan eta Txiki Egunetan egindako argazkiak bilduko dira. Irudiak formatu handikoak dira (2 m x 1 m), eta ateratako leku berean jarrita egongo dira.

Bigarren erakusketa erraldoi eta buruhandiei buruzkoa izango da eta abuztuaren 23tik 31ra bitartean egongo da zabalik Aita Agirre kulturgunean, 18.30etik 20.30era. Bertan, Basajaun, Basandere, Tartalo eta Mari bezalako buruhandiak izango dira ikusgai, baina baita 25 urtez kalean ibili ziren eta 2015ean agur esan zuten beste buruhandi batzuk ere.

Hirugarren erakusketak Kirol Argazkien XV. Lehiaketako lanak jasoko ditu, kultur etxean, abuztuaren 23tik 30era. Udalak jakinarazi duenez, aurten ez da sari banaketarik egingo San Bartolome jaietako programaren barruan, baina aurkeztu diren 52 lanak ikusgai egongo dira.

Jaiotako haurrei zapia

Bestalde, aurtengoan ezin izango da egin aurreko urtean Elgoibarren jaiotako haurrei jaietako zapiak emateko ohiko ekitaldia. Hala ere, Udalak jakinarazi du ez direla zapirik gabe geratuko, 2019an jaiotako haur guzti-guztiei euren etxeetara bidaliko baitizkiete zapiok.

Ekitaldi horiez gain, Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu egunotarako. Aipagarrienak, igande eguerdiko kanpai jotzea ermita guztietan, edota asteleheneko dianak herriko dultzainero eta txistulariekin.

Pilota profesionaleko partidak ere ez dira faltako ikastolako frontoian, lehenbizikoa igande arratsaldean, eta, bigarrena, astelehen arratsaldean. Sarrerak aurrez jarriko dira salgai Kaia tabernan.

EGITARAUA:

Abuztuak 23, igandea

• Eduardo Arrillaga argazkilariaren «Photo kalean» erakusketa herriguneko kaleetan.

Irailaren 7ra arte.

• Kanpai jotzea herriko ermita guztietan. Udaletxeko balkoia apaindu eta Elgoibarko bandera haga erdian jarriko da.

• 17:00: Pilota profesionaleko Masters CaixaBank Torneoko partida, ikastolako frontoian. JAKA-ALBISU VS ALTUNA III-IMAZ. Jaialdian zuzenean eskainiko du ETB1 kateak.

• 18:30etik 20:30era: Erraldoi eta buruhandien erakusketa Aita Agirre kulturgunean, abuztuaren 31ra arte.

• 18:30etik 20:30era: Kirol Argazkien XV. Lehiaketako lanen erakusketa, Kultur Etxeko erakusketa gelan. Abuztuaren 30era arte.

Abuztuak 24, astelehena

• O9:00: Herriko Dultzaineroen Diana.

• 09:45: Elgoibarko Udal Txistulari Bandaren Diana.

• 11:00: Meza nagusia: Ez da txistularirik egongo, ez eta Udalbatzaren kalejirarik ere.

• 18:00: Pilota profesionaleko Masters CaixaBank Torneoa, ikastolako frontoian.

EZKURDIA-ARANGUREN VS ELEZKANO II-ARETXABALETA.