Joseba SALBADOR GOIKOETXEA
OTSAGABIA
Entrevue
RAKEL ZOKO
OTSAGABIKO TURISMO BULEGOA

«Furgoneta turismoa asko igo da Zaraitzun»

Aurtengo udan hiritar asko atera dira mendi aldera lasaitasun bila. Nafarroako Zaraitzu bailara –eta bertan, Iratiko oihana– izan da bisitari horietako asko jaso dituen tokietako bat. Aurtengo ezohiko uda honen xehetasunak ezagutzeko Otsagabiko Turismo Bulegoko Rakel Zokorengana jo dugu.

Otsagabiko Turismo Bulegoak bertatik pasatzen den bisitarien kontrola eramaten du. Zer berezitasun izan du aurtengo udak?

Beste urte batzuetan, uztail bukaeran eta abuztuan hasten ginen jende gehiago izaten. Aurten, berriz, ikusi dugu jendea ekain bukaeratik hasi dela etortzen. Hau da, konfinamenduaren ondoren ateratzen utzi gintuztenetik hasi zen jendea etortzen, eta horregatik uztailean beste urte batzuetan baino jende gehiago izan dugu. Hori bai, abuztuan jende gutxixeago ibili da.

Abuztuan jende gutxiago diozu?

Bai, zenbakiei begiratzen badiegu bai. Gauza da aurten ez dugula antolatutako talderik izan. Beste urte batzuetan autobus asko izaten genituen; kontuan hartuta ibilgailu bakoitzean 55 pertsona etortzen direla, zenbakiak asko igotzen dira. Aurten, ordea, ez dugu autobusik izan eta zenbakiak jaitsi egin dira, gutxi bada ere.

Horrek esan nahi du, orduan, antolatu gabeko bisitari gehiago etorri dela.

Bai, estatistikari begiratuta, familia, bikote edo lagun kuadrilla gehiago etorri direla esan dezakegu, hau da, partikularki datozenak eta ez antolatutako bidaietan. Zentzu horretan, bai nabaritu dugu furgoneta eta aurokarabana turismoa asko igo dela. Masifikazio pixka bat izan dela esango nuke. Gainera, gu ez gaude prestatuta kopuru handi horiek kudeatzeko. Badakigu Nafarroako beste eskualde batzuetan inprobisatu egin behar izan dituztela turismo mota horrentzako guneak, baina hemen ez da hori egin eta uda ahal izan dugun moduan pasatu dugu.

Bisitarien jatorriari buruz nabaritu al duzue aldaketarik?

Ez, alde horretatik ez dugu hainbesteko aldaketarik sumatu. Oro har, hona etortzen den jendea euskalduna da, eta, gero, hiri handietakoa: Bartzelona, Madril eta Valentzia. Aurten katalan gehixeago ibili dela esango genuke, agian Iberiar penintsulatik kanpo ez direlako atera.

Bisitarien etorrerak jende pilaketarik sortu al du?

Neurri batean bai. Gure sentsazioa da herrietan jende pilaketa dezente izan dela. Eskualdeko herri txikietan agian ez, baina Otsagabian bai. Hori ikusita, pentsatzen genuen estatistiketan isla izango zuela, baina azkenean ez da hala izan.

Eta zein izan daiteke horren arrazoia?

Bi arrazoi izan dira nagusiki: alde batetik, hemengo jendea ere beste urte batzuetan baino gehiago ibili da, oporretara ez delako joan; eta, bestetik, bigarren etxea hemen dutenek, asteburu-pasa etorri beharrean, uda osoa hemen pasa dute. Eta hori guztia nabaritu egin da herriko kaleetan.

Zaraitzura etortzen den turistak zer bilatu nahi du?

Batez ere lasaitasuna, natur ingurunean galtzea, eta, horretarako, aukera paregabea du Iratiko oihanean. Eta herri txikiak ikustea ere bai. Bestalde, jende askok Iparraldeko Kakuetako arroila eta Holtzarteko zubiari buruz galdetu digu, baina hor bai sortu direla jende pilaketak eta azkenean ixten bukatu dute. Aurtengo arazoa hori izan da, jende guztia lasaitasun bila atera dela. Azkenean, guztiok gauza bera nahi genuenez, zaila izan da lasaitasun hori aurkitzea.

Hala ere, Iratiko oihanean zaila izango da pilaketak sortzea...

Bai, baina jende askok galdetzen zigun ea Irati oso beteta egongo ote zen. Guk esaten dieguna da agian parkingean bai izan daitekeela pilaketaren bat, baina gero, oihanean, oso zaila dela hori gertatzea, sarrera eta ibilbide asko daudelako. Azken finean, 17.000 hektarea dira eta bakoitzak nahi duen aldera jotzen du.

Udazkenean ere jende asko espero duzue?

Bai, hemen udazkena ere fuertea izaten da, batez ere asteburuetan. Perretxiko bila jende asko etortzen da.