Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Gauzen balioa

Feminizidioek bere horretan diraute. Baina lekutan da Brasil. Lekutan da Amazonas ere. Horregatik ez omen gara bertan jazotzen ari denaren jakitun. Suteek ez dute etenik eta halaxe erretzen ari da Amazonas. Suteek aurrera egin ahala, basoek propioak zituzten usainak desagertzen ari dira eta, agian, horregatik ez zaigu iristen bertako albisterik. Paperezko hedabide batean irakurri ditut hango berriak eta, usainekin batera, koloreak ere desagertzen ari direla leitu dut. Hegaztiek kokapenerako eta orientaziorako behar dituzten Amazonaseko koloreak desagertzear dira.

Pandemiak gauzen benetako balioaz jabetzeko balioko zuelakoan geunden, baina, oharkabean, koloreak ere galduko ditugu. Youtubeko bideo batek doktore-tesi baten balio bera duen garaiotan, balioen birkokapena egiteko balia genezake aukera hau.

Durango gurean da, gurea da. Pandemiak azokaren ateak ixtera behartu gaituenean, liburuek ireki ditzatela gure munduaren leihoak eta aireratu ditzagun etxeak, horretarako kea eta erre kiratsa arnastu behar baditugu ere.

Urte hasieratik gutxienez 53 lagun hil dira gurean lanean eta ehunka dira lan baldintza onartezinetan aritzen direnak. Berrikusi ditzagun gure balioak, egun euritsuak profitatuz. Bestela, ortzadarra desagertzeraino galduko ditugu koloreak, morearekin era gorriarekin jazotzen ari den lez.