Maddi TXINTXURRETA
«

ZAINTZA, PERTSONAK «SUNTSITZEKO» PRESTATUTA DAUDEN KARTZELETAN

NEKANE TXAPARTEGI SUITZAN ERREFUXIATUTA DAGOEN PRESO OHIAK, ESTI AMENABARRO SENIDEAK ETA MAITE ARANALDE, KATIA REIMBERG ETA MAITE ORTIZ PRESO OHIEK EMAKUME MODUAN KARTZELAREKIN IZAN DUTEN HARREMANAREN INGURUAN HAUSNARTU ZUTEN ASTEAZKENEAN VILLABONAN.

Emakume presoek edo presoen senide emakumezkoek zaintza lanetan jarri duten esfortzu eskerga argia da, agerikoa den bezala zaintza hori behar bezala gauzatzeko kartzelak, edo sistemak, jartzen dituen oztopoak. “Emakumea*, espetxea, zaintza” mahai ingurua antolatu zuen asteazkenean Villabonan Lurgatz talde feministak eta kartzelarekin nolabaiteko harremana izan duten hizlariak gonbidatu zituzten Mintzolara.

Hizlari guztiek bat egin zuten esatean kartzela «miseria» dela, pertsonak «suntsitzeko» berariaz prestatuta dagoen instituzio bat. «Espetxea gertutik ezagutzen duen edonork badaki presoa birgizarteratzeko funtzioa ez dela erreala», agertu zuen irmo Esti Amenabarrok.

Kanpotik ezagutu du espetxea Amenabarrok, bikotea du barruan. Emakumezko senide bat espetxean dutenek argi ikusten dute, bere esanetan, sistema patriarkalak ez duela aurreikusten emakumeek ezer txarrik egin dezaketenik, beraz, kartzela gizonendako diseinatuta dagoela.

Moderatzaile lanak egin zituen Esti Amenabarrok, eta gogoz aurkeztu zuen Maite Ortiz, «preso ikusi genuen lehen emakumea, lehen ama» eta Lurgatz taldeko kidea. 1987an Carabanchelen sartu zuten, bere senarra erbesteratu egin zen, eta seme-alabek amonarekin geratu behar izan zuten. «Beldur nintzen nola eragingo zien egoerak».

Preso bezala Ortizek izan zuen esperientzia, onartu zuenez, ondoren kartzelatuko zituzten emakumeen oso bestelakoa izan zen. Dispertsioa ez zen oraindik martxan, eta preso politiko guztiek elkarren artean zaintzen zuten. «Atera nintzenean, dispertsioa hasi zen. Denok batera egotetik bananduta egotera igaro ziren».

Egun, kartzelan du semea. Galdetu ziotenenean zer sentitzen zuen lehenengo bera kartzelan egon eta orain semea preso izatean, «oso gogorra» dela besterik ezin izan zuen esan.

Elkartasuna

Preso egonda zainduta sentitzea beharrezkoa dela azpimarratu zuen Maite Aranalde preso ohiak. Ez soilik «kanpokoen» zaintza, bisitak eta telefono deiak jasotzea edo, euskal preso politikoen kasuan, «herriaren babesa» sentitzea. Beharrezkoa da, bere iritziz, espetxe barruko «elkartasuna», nahiz eta aparatu kartzelarioa hori «suntsitzen» saiatzen den.

«Desberdina da gizon edo emakume izatea kartzelan. Gizonak indartsuago atera daitezke espetxetik, gu ez, gu apurtuta ateratzen gara, are gehiago emakumea eta migrantea bazara. Espetxetik igarotzerakoan estereotipoak indartu egiten dira: latinoamerikarra bazara, drogarekin lotutako delitu bat egin duzu. Txantxetan, beti esaten dut: hurrengo egingo dudan delitua politikoa izango da!».

Katia Reimberg brasildarrak hartu zuen hitza. Martutenen egon zen preso, eta ongi ezagutu zuen zer den zaintzarik gabe, kanpoko zaintzarik gabe bederen, kartzelan bizirik irautea. Preso eman zuen denboran ez zuen bisitarik jaso. Gainera, bere «zigorra» bisean bisekoen gelak garbitzea izan zela salatu zuen. «Ahal duten min gehiena egiten dizute. Bisitarik ez nuenez, bisean bisekoak garbitu behar nituen. Kartzela zaindu behar duzu, babesten ez duzun sistema bat zaindu».

Hezi, ezlekuan

Zigortzeko asmoaz aparte, kartzelak emakumeak «hezteko» hartzen duen funtzioaz hitz egiten ari zenean Maite Aranalde, Nekane Txapartegik, preso ohia baita ere, eta Suitzan errefuxiatua egun, baietz egiten zuen buruarekin Mintzolan jarritako pantailatik. Emakumea otzan bihurtzen saiatzen dira kartzelan bien esanetan, esandakoari men egin dezan prestatzen, hori baita sistema heteropatriarkalak lege kultural gisa ezarri duena emakumeentzako.

«Zigortu eta hezi nahi gaituzte, gugandik espero ditugun rolak apurtu ditugulako. Suitzan, ama espetxean badago, segituan haurra ikusteko eskubidea kentzen dio Estatuak. Instituzioek ba omen dakite zer den ama ona eta zer ez», kontatu zuen Txapartegik.

1999an Soto del Realgo kartzelan egon zen, eta 2016an atzera ere preso sartu zuten, Suitzan. Bi esperientzien arteko desberdintasun behinena «isolamendua» izan zela nabarmendu zuen. «1999an, nahiz eta dispertsatua egon, euskal preso politikoekin batera nengoen, eta hori behar-beharrezkoa izan nuen komisarian bost egunez torturatua izan eta gero. 2016an gogorrena izan zen 23 ordu isolatua egoten nintzela, eta alabarengandik bananduta», kontatu zuen.

Suitzan, preso politikoa, emakumezkoa eta migrantea izateak «ezleku» batera eraman zuen Txapartegi. Azaldu zuen emakumeentzako modulurik ez dagoela, modulu berezietan sartzen dituztela, pertsona transexualekin eta arazo psikologikoak dituzten gizonekin. Hau da, «gizarte heteropatriarkalean funtzionatzen ez dutenak espetxearen barruan ere baztertzen dituzte».

Bizitako guztiak hainbat kezka sorrarazi zizkion: «Nola egin aurre honi bakarrik, 23 ordu isolatuta, asilo politiko eskaera eginda, torturak berriro kontatu beharrean? Zeri heldu? Debekatu egiten zidaten alaba besarkatzea, euskaraz ezin nuen hitz egin. Nola bizirik iraun subjektu politiko izaten jarraitzeko?»

Solasaldia amaitzear, egoera iraultzeko proposamenak bota zituzten gonbidatuek. Soluzioa ez da erraza: sistema kartzelarioarekin amaitzea eskatu zuten, eta zaintza egitura berriak sortzea. Izan zen, ordea, berehalako proposamenik, errazagoa, egoerak irauten duen bitartean: gutunak idaztea presoei. «Senti dezatela ez daudela bakarrik».

Tout sur «