Joseba Garmendia
EHUko irakaslea
GAURKOA

Euskal arnasguneetan garapena

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen aspaldiko kezka izan da udalerri euskaldunen eta bereziki arnasgunetzat jotzen diren udalerrien iraunkortasuna eta garapena. UEMA eta beste eragile batzuen artean antolatutako “Lurraldea eta Hizkuntza” topaketetan 2014az geroztik kezka horren inguruko gaiak jorratu dira, hala nola, lurralde-antolakuntzaren eta hizkuntza-aldaketaren arteko harreman kezkagarria, Eragin Linguistikoaren Ebaluaziorako tresnak, eta lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak. Azken gai horretan sakontzeko datorren larunbatean Donostian V. Jardunaldiak egingo dira.

Euskara Gaitasunaren Indizean %70a gainditzen dutenak kontsideratzen dira udalerri euskaldunak; 160 herri Hego Euskal Herrian, 2016ko datuetan oinarrituta. Horien artean arnasgunetzat kontsidera daitezkeen udalerrien azpimultzoa 19 udalerriz osatua dago eta horietan euskararen ezagutzak eta erabilerak %80tik gora egiten du. Ezagutza eta erabilera langak %70era jaitsiko bagenitu 50 udalerri lirateke. Udalerri euskaldunen %75ek 2.000 biztanle baino gutxiago dute, eta erdiek, 733 biztanle baino gutxiago. Arnasguneetan, bestalde, udalerri handiena Goizueta da, 705 biztanlerekin. Udalerri txikiez ari gara, beraz.

Udalerri horiek zahartze indize, gazteen ordezkatze eta ugalkortasun tasa okerragoak erakusten dituzte. Hala ere, pentsa daitekeenaren aurka ehun produktiboaren egituran ezberdintasun azpimarragarriak ez dira antzematen udalerri euskaldun eta ez- euskaldunen artean, industria establezimenduen pisua %17,1-20,7 tartean kokatzen baita, Hego Euskal Herrian %12,4koa den bitartean. Hori bai, langabezia-tasa altuagoa da udalerri euskaldunetan. Biztanleen kopuru handiagoak norberaren udalerritik kanpo egiten du lan, orokorrean udalerri txikienetako fenomeno arrunta dena. Horixe kezkagarri da, arnasguneen iraunkortasunak populazio euskaldunaren mantentzea gutxienez eskatzen baitu.

Udalerri mota horiek dituzten hiru erronka nagusietatik erronka sozioekonomikoan arreta jarriz erantzun beharreko galdera da ea udalerri euskaldunetan, edo arnasguneetan bereziki, garapen ekonomikoa sustatzeko estrategia berezituak behar diren. Sustapen ekonomiko puruaren eta bideragarritasun sozioekonomiko hertsiaren ikuspegitik begiratuta, garapen ekonomikorako estrategiak diseinatzeko ez dago ezberdintasun definitoriorik udalerri euskaldunen eta problematika antzekoa (despopulazioa, biztanleriaren zahartzea, herri txikien ahultasunak, azpiegituren falta, bizitzeko erakargarritasunik eza…) izan dezaketen beste edozein herriren artean. Hau da, garapen ekonomikorako prozesuak eraikitzeko irizpideek eta gakoek berdin balio dute udalerria euskalduna izan edo ez.

Dena den, dimentsio soziolinguistikoak badu bere eragina. Erronka sozioekonomikoak eta gainerako beste bi erronkek, demolinguistikoak eta soziokulturalak, elkar baldintzatzen dute. Udalerri bat ekonomikoki bideraezina bada, nekez eutsiko dio erronka demografikoari. Bideragarritasun ekonomikoa kanpoko inbertsio eta enpresak erakartzen oinarritzen bada, dimentsio soziolinguistikoan kalteak sor ditzake, erdal immigrazio jasanezinaren iturri izan daitekeelako. Hiru erronken arteko menpekotasunak negatiboan hausnartu daitezke, baina positiboan ere bai. Adibidez, kohesio soziokulturalak eta identitate kolektibo sendoak lagungarriak dira garapen ekonomikoko estrategiak gauzatzeko orduan. Bilakaera demografiko iraunkorrak hainbat zerbitzu mantentzen laguntzen du eta herri biziaren oinarri izateaz gain, hizkuntzaren transmisioa ziurtatuz gero, kohesio kulturala eta soziala indartzen du.

Perspektiba global interkonektatua izateak ez du oztopatzen erronka bakoitza atalez atal landu ahal izatea. Hala ere, hiru erronken arteko orekarekin koherentea izango den garapen ekonomikorako proposamena garapen endogenoaren paradigma litzateke. Ekintzara orientatuta dagoen paradigma horrek baditu udalerri euskaldunen hiru erronken orekarako lagungarriak diren elementuak. Garapen endogenoaren paradigmaren arabera, kanpotik lortutako baliabideak edo inbertsioak baino, bertako baliabideak dira sustapen ekonomikoaren euskarri nagusiak; tokian tokiko gaitasunak indartzen ditu; garapen esperientzia bertako eragile ezberdinen arteko elkarrizketaz eta gobernantzaz eraikitzen da eta gizarte- eta kultura-kohesioari lagungarri zaio; lurralde-identitatea sendotzen du…

Izan ere, herri edo eskualde mailako garapen estrategia guztiak ez dira berdinak. Batzuek ikuspegi liberalagoa dute eta enpresa berrien erakarpenera eta azpiegituretan inbertitzera ia mugatzen dira. Beste batzuk lurraldeko baliabide eta indar endogenoak aktibatzean oinarritzen dira. Azken horiek, ahalduntzea plano mental, sozial eta materialean, identitate kolektiboak, harreman dentsitatea eta demokratizazio prozesuak elikatzen dituzte. Erronka demolinguistikoan eta erronka soziokulturalean jarduteko ere, tokiko garapen esperientziek eragin positiboak izan ohi dituzte jokabide kolektiboan hainbat faktore sendotuz. Adibidez, baikortasun antidistopikoa, lurraldearekiko ardura eta konpromisoa, pro-aktibitatea, inplikazio komunitarioa, berrikuntza soziala, auzolana/herrilana edota balio aurrerakoiak (elkartasuna, justizia, berdintasuna, zaintza, generoa, ingurumena...).