GARA
LEHEN MAILA

Sari txikia, Realak eginiko ahalegin handiarentzat

Eraginkortasunak puntu bat eman zion Madrili eta sailkapenean aldeari eusten lagundu dio.

Bere lan handiak ez zuela merezitako saririk jaso; hori pentsatuz amaitu zuen atzoko partida Realak beste behin ere. Jokoa eta erritmoa inposatzen du, areara heltzen da baloia gustu onarekin mugituz, baina izugarri kostatzen zaio golak sartzea eta gabezia horren ondorioak sailkapenean ikus daitezke: bigarren itzuliaren hasiera honetan, talde onenetako txarrena da, horrelakorik esan badaiteke.

Beste behin, Realak zelaian utzi zuen sentsazioa ez zen hori izan, Madrilek baino itxura politagoa eman baitzuen. Baina asmo onen aurrean, kanpotarrek eraginkortasunaren bertutea baliatu zuten. Horregatik, partidako lehen aukera garbia eurena izan zen –Lucia Leonek zutoinera bidalitako burukada–, baita lehen gola ere: Sara Tuik lortu zuen korner bat buruz errematatuz. Lehen zatiko azken jokaldian lortu zuen markagailu bidegabe hori hobetzea Palaciosek, erremate gurutzatu bati esker.

Ez ziren konformatu etxekoak eta aldageletatik bueltan are gogotsuago ekin zioten beren helburuari. Gerturatu ere gerturatu ziren, batez ere Nahikariren jokaldi on batean eta Joycek ia bere atean sartu zuen Eizagirreren erdiraketa batekin. Baina aukerek hogei minuturen faltan ihes egin zieten, Mendozak bigarren txartel horia ikusi zuenean. Oraindik saiatu ziren donostiarrak, baina Madril ez zen deskuidatu eta etxera itzuli zen sailkapenean lau puntuko aldea mantenduz.

Unbe eta Lezama

Eibarrek Sevilla hartuko du gaur Unben (12.00, Gol). Mar Torras deialdira itzuli da eta Jimena Lopez etorri berria lehen aldiz deitu du Iker Dorronsorok.

Athleticek, bere aldetik, Espanyolen aurka jokatuko du Lezaman (12.00). Erika, Azkona, Jone Ibañez eta Morazaren bajak ditu Iraia Iturregik.