Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Gaia aldatuta, txertoa autoan

Gomutan duzu normaltasun berri harena? Hainbeste normaltasun berri gora eta behera… zertan geratu zen zer hura pandemian aurrera egin ahala? Jainkoak berak ere baleki! Baina seguruenik ez du jakingo, golf zelaian egongo da! Eta ez caddie prezisamente! Tira, harira! Bada, beste gauza asko bezala kontzeptua zertan zen jakitera iritsi gabe da joana. Horren ustean nengoen ni sikiera. Baina hara! edo hona! Izan ere, gomutara etorri zait berriro egunotan itzuliarena entzun eta horrekin batera. Normaltasun berriaren itzulera? Bai zera, lerdo honelakoa, kirolen orrian neukan egunkaria zabalik. Ziklismoaz zen albistea! Ez neukan hartua albistearen gurpila!

Total, Itzulia itzuli da. Iaz itzuli ez zena aurten etorria da aurreko normaltasunera. Zaleek aukera izango dute Itzuliaren giroa bueltan ikusteko, euskal tourra bailitzan. Hori bai, 0 km-an ez, pantailatik baino. Gaitz erdi! Eta beste erdi? Tira, Euskal Herrikoa… ez da oraingoan izango, Euskaditik ez delako aterako. Gauzak horrela ez ninduke harrituko epe motzean Bilbon bertan izatea etapa guztiak, Diputazio Jauregitik Udaletxera, joan-etorrian. Bilboko Itzulia! Denbora testigu!

Gaiaz aldatu eta pandemiarena behingoz alboan utzita, enteratu ote? Txertoa autotik atera gabe jartzen dutela? Ama, ama! Orain arte pelikula bat ikusi ahal zenuen autotik atera gabe, betiere autoa krispetaz beteta edukita. Janari lasterra ere eskuratu ahal zenuen autotik atera gabe, nahikoa zen besoa bitan luzatzea, diru-txartela uzteko eta plastikozko poltsa jasotzeko. Bada, orain txertoa hartu ere, atera gabe. Nire amamak ikusi izan balu! Baina kontuz, seguru baten bat saiatzen dela bere autoan ilaran aurrea hartzen. Autoak horrela, birpentsatu egin behar da auto-determinazioarena, ez dadila politika-orubearen aparkaleku batean geratu. Osasunez.