Itxialdiarekin batera «Leihotik mundura» begira jarri da Serge
«Leihotik mundura», izenburu hori jarri dio Sergio Ruiz Gonzalez de Txabarri, «Serge» (Zarautz, 1975), musikariak bere bigarren bakarkako diskoari. Pandemiak Eraso taldearekin zituen asmoak zapuztu eta bakardade horretan sortutako kantuak dira lan berrian jaso dituenak. Diskoaren sortze prozesuaz jardun da GARArekin, luze eta zabal.

Single moduan aukeratu zuen “Dena itzaliko bagenu” kantua Serge abeslari zarauztarrak, «irrati formuletarako-eta errazena» zelakoan. “Leihotik mundura” diskoa aurkezteko kantu hori eta “Maleta prest” abestia erabili ditu aurrerapen modura. Bideoklip bana dute, eta bietan minetik kantatzen du. Disko osoa konfinamenduan sortua da.
Sergek esan digunez, «‘Maleta prest’ kantuan benetan mina dago». Bere bikotekideak Aramaioko eguneko zentroan egiten du lan eta kontatu digu nola behin bertako egoiliar batek hau esan zion: «Nik horrela bizi behar badut, maleta prest dut». Sergek hori barneratu, eta «hori edukiko dudan seinale moduan hartu dut, 40 urte lehenago idatzitako kantua dela esan dezaket. Zentro horretakoek, gainera, gerraosteko miseria guztia ezagutu zutela ere gaineratu beharra dago. Izan ere, Durango eta Gernikaz gainera, Otxandio ere bonbardatu zuten eta Aramaiorekin muga egiten du», nabarmendu du Sergek.
Maleta prestatu zuen berak ere duela urte batzuk, Arrasatera joan zelako, eta bertan lauzpabost zarauztar bizi direla esan digu. «Baina, alderantziz, Arrasateko askok etxea du Zarautzen. Nire belaunaldiko askok herritik ihes egin behar izan du, herritik bidaltzen gaituzte. Gaur egungo politikek hori horrela izatea ekarri dute. Eta, esaten didatenean ‘zer dela-eta zaude hemen?’, erantzuna argia da: ‘zuek, arrasatearrok, etxea han erosten duzuelako’. Hori da errealitate gordina. Eta herrimina izaten dut, baina izan behar dela ere uste dut», dio Sergek.
Esan bezala, bideoklip bana egin du “Dena itzaliko bagenu” eta “Maleta prest” kantuekin. Bigarrenak, Sergeren aburuz, «bizipoza sortzen du, gertutasuna du eta irudiekin humanizatu egiten da kantuaren krudeltasuna. Beste bideoklipa, berriz, zarauztar batentzat berezia den une baten ikuspegitik dago eginda, hondartzan eta gauean». Eraso taldean lagun duen Nestor Urdanpilletak egin ditu bideoklipok. «Etxeko bideoak dira, gertukotasunari keinu bat izan dira. ‘Gauero faroari begira geratzen naizenean’ dio Gari Berasaluzek poesia batean eta hori da irudikatzen dena», azaldu du musikari zarauztarrak.
Baxua, bateria, gitarrak eta programazioak entzuten dira “Leihotik mundura” diskoan. Sergek azaldu digunez, gitarrak bakarrik dira instrumentu organikoak; gainerakoa programazio eta sintetizadoreekin grabatuta dago. «Mikel Albiztur izango da atmosfera hori zuzenera eramaten lagunduko didana. Diskorako Eñaut Gaztañagak esku berezia izan du eta berak jantzi ditu abestiak. Nik aurkeztutako kantuak, folk-pop ukituak dituztenak, abangoardiara eraman ditu, ñabardura askorekin. Esaterako, ‘Maleta prest’ kantuan gitarrarekin soilik egindako bertsioa nuen eta gerora beste bi ere sortu genituen. Lagunei erakutsi eta denek jantzitako abestia aukeratu zuten. Hortaz, hura sartu behar izan dut diskoan. Izan ere, musikariok gure lanaren inguruko objektibotasuna galdu egiten dugu batzuetan, freskotasun falta izaten dugu kantua behin sortu, grabatu eta hainbat aldiz entzundakoan. Nik lagunei kantua jartzean haien aurpegiak begiratzen ditut entzuten duten bitartean eta horrela aukeratzen dira singleak eta abar. Besteen iritziari ere garrantzia ematen diot», azpimarratu du zarauztarrak.
Mezu indartsuko kantuak
Akorde desberdinak erabiltzen ditu “Mezua” kantuan, «sekula ere erabili gabekoak. Eta eguzki izpiak aurpegian jotzen ari direla irudikatzen dut kantua. Konfinamendutik irten berritan mendi aldera joan eta zuhaitz artetik eguzkiak jotzen zidala gogoratzen dut, mugikorrean kantuen demoak entzuten nituen bitartean». Mezuaren garrantziaz dihardu abestiak eta mezu batek sufrimenduarekin bukatzen duela. Baina pozik emango lukeen mezua zein den galdetuta, zaila jarri diogula esan digu Sergek: «Oso bogakoa den mezua emango dut; musukoaren erabilera bukatu dela esango nuke pozarren. Baina baita beste mila mezu ere, disko kontzeptual bat osatzeraino».
“Keak iraun bitartean” kantuaren atzean sua dagoela kontatu digu eta dena ustelduta zegoela gaineratu. «Eusko Jaurlaritzak gaizki kudeatutako egoera batean bizi gara eta tenteltzat hartu gaituzte. Lainoa zela uste genuena kea zen benetan. Eta hobeto lelotzat hartu gaituztela esatea beste zerbait esatea baino», salatu du Sergek.
Testu guztiak berak idatziak diren arren, kantu bat osatzeko, “Amaitu gabeko puzzlea” kanturako, Gari Berasaluzeren testu bat erabili du Sergek: «‘Enarak itzuli dira’ diskoa eta liburua atera ziren garaian, nik irakurri gabe nuen poema pare bat sartu zituen liburuan Garik. Gero, zuzenekoak egiten genituenean, poesia eta kantuak uztartzen genituen; hark bi poesia, nik bi kantu, eta horrela osatzen zen emanaldia. Tartean hau ere errezitatzen zuen. Oñatin eman genuen bigarren kontzertua, eta hau irakurri zuenean publikoa asko hunkitu zen. Jendea negarrez zegoen. Izan ere, poesia honen atzean dagoen istorioa gogorra da. Igor Angulok preso zegoela astero etxera puzzleko piezak bidaltzen zituen, puzzlea bukatzean askatasuna lortuko zuelako. Bada, pieza gutxi falta zirela, ziegan urkatuta aurkitu zuten eta hori da kantuan kontatzen dena. Noski, hori jakinda, beste indar bat hartzen du kantuak. Beti saiatzen naiz kantuetan memoria historiko pixka bat behintzat sartzen. Gauza asko baititugu kontatzeko, eta horrelako kontuak gogoratzea ongi dator», aipatu du Sergek.
Bukaeraren hasiera
Lagunarteari eskainitako kantu batekin agurtu dugu elkarrizketa, “Bukaeraren hasiera” deitutako abestiarekin. Uda bukatzean bakoitzak bere bidea hartzean horrek sortzen duenaren inguruan idatzi du kantu horretan. «Aspalditik nuen ideia bueltaka eta konfinamenduan idatzi behar», aipatu digu umorez Sergek.
Eraso taldearekin ere mantentzen du bere jarduera Sergek, eta, 2020an, berez Erasorekin grabatu behar zuen diskoa; Serge gisa ez zuen aurreikusten lan berririk. «Baina elkarrekin entseatzeko modurik ez eta neure buruarekin geratzen nintzen entseatzeko, eta ez zidanez ezetzik esaten, Serge moduan sortu ditut kantuak eta diskoa kaleratu», aipatu digu zarauztarrak.
2021ean 25 urte betetzen ditu Eraso taldeak eta zerbait berezia egin nahi zuten, baina azken bi hilabeteetan ezin izan dute ostegunetako hitzordua bete. «Anplia piztu, gitarra entxufatu eta adrenalina soltatzeko falta badut, jakina. Gainera, Orozko Rock bertan behera geratu zen, Dimetalfesta... Beldur naiz haiengatik, ez ote den berriz ere atzeratuko. Herri txiki batek halako jaialdia antolatu eta pena litzateke berriz ere atzeratu behar izatea. Herri guztia dago proiektu horretan sartuta eta sekulako lana egiten dute», azpimarratu du Sergek.
Elkar diskoetxearekin
Gauzak horrela, Elkar diskoetxearekin atera du bakarkako bigarren disko hau: «Grabazioak egin eta gero, berez autoekoizpenerako bidea hartzera zihoan. Baina Elkarrera deitzea bururatu zitzaidan, ezezkoa aurretik baneukalako. Elkar-ekin sekula ezer egin gabea nintzen eta bertako arduradunarekin, Andres Kamio ‘Jitu’-rekin, pare bat aldiz diskoa entzun eta baiezkoa eman zidan. Eta ordurako irratian entzuten hasia zen, egia esan. 2020an grabatua nuen arren, 2021a arte itxaron nahi izan dut ‘Leihotik mundura’ kaleratzeko eta atzeratze horrek eman zidan aukera Elkar-ekin hitz egiteko».
Diskoaren azala alabak, Ingek, egina da. «Berez marrazkia luzeagoa da eta karratura moztu behar izan dugu halabeharrez. Irudi originalaren goiko ertzean ‘hiria’ dela idatzi zuen Ingek eta gero eraikinetako bat ‘ospitalea’ dela jartzen du, baina ez da Arrasateko ospitalea, nahiz eta hura ere koloretsua izan. Diskoaren atzeko azalerako ere alabaren beste marrazki lanetatik ateratako koloreak hartu ditu Nestor Urdanpilletak, hark maketatu baitu lana», azaldu digu Sergek. Kolorea alabak jarri die aitak zuri-beltzez idatzitako kantuei, beraz. Gainera, Ingek irudikatutako hirian ikusten diren leihoetatik sortzen da “Leihotik mundura” kontzeptua.
Diskoa Elkar dendetan, Bandcamp plataforman eta bulegoibiltaria@gmail.com helbidera idatzita eskura daiteke.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
