Jon GARMENDIA
Idazlea

Bidasoko muga

Nekez ahantziko dut nola iragan nuen Bidasoa azken aldiz. Ez naiz detaileekin luzatuko, baina ezkutuan izan zen, urduri nintzen, atzean uzten nuenari buruz pentsatuz, aitzinean zer izanen nuen pentsatu nahian. Ondoen oroitzen dudana da alde batetik bestera igarotzean egindako arnasaldia. Poza, lasaitasuna. Hauxe bera ni baino lehenago zeharkatutako askori entzun diot gero; sentsazio eta sentimenduen antzekotasuna gertakarietan. Nola pasatu zituzten aurreko egunak, ibaia iragateko momentua nola izan zen, nondik, norekin, tira, zenbat historia, zenbat kontakizun sorterria utzita Bidasoa zeharkatu duen bakoitzarentzat. Hegoko eta iparreko euskal lurrak lotzen dituen korapiloak ez baitu askatzeko zailtasunik normaltasunean bizi denarentzat, hor ez da mugarik ikusten, Pausutik, Santiagoko zubitik edo Biriatuko bidesari nagusitik. Baina euskaltasunean min egiten digun hitza existitu egiten da, frontera. Espainia eta Frantzia bereizten dituena. Konkistatu gintuztenetik hala izan da, eta nik dakidala ofizialki ez dugu haren jabetzarik, sutan jartzen bainau mugarik ez dagoela dioen aipamen bakoitzak. Mahaia janariz beteta duenak ere ez du goserik ikusten. Marrak eta debekuak bistan daude, ordea, Bidasoa gordeka pasatu behar duenarentzat. Frontera hori ikusten zuelako ito da Boli Kostako gazte bat oraintxe, aurrez Eritreakoa. Jakin nahi nuke zenbat diren oharpenik izan ez dugularik. Konpontzeko, arazoa, ikusi egin behar da.