Iker GURRUTXAGA
DONOSTIA
Entrevue
HARITZ ARTOLA
MUSIKARIA

«Chill Mafiakoak errekete berri moduan ikusten ditut»

Unidad Alavesa lagunartean sortutako talde ataundarra da. 2017an atera zuten beren lehen lana eta bi urtean behin ari dira kaleratzen atzetik besteak. Aurten «Made in Germany» (Artza Records) izenekoa kaleratu dute.

Azken diskoko balada gozo bat entzunaz hasi genuen elkarrizketa Haritz Artola Unidad Alavesako kidearekin, NAIZ Irratiko “MusikHaria” saioan. Gozoak ote diren galdetu eta hala erantzun zuen: «Gu ere tarteka bagara gozoak, tipo normalak gara eta hori ez da gutxi. Nahiz eta gero eta difusoagoa den normaltasun kontzeptua bera».

“Nire Mauleko maitalea” du izena aipatu dugun balada horrek eta, izenburuari eta kanten hitzei jarraituz, Zuberoa exotikoa irudikatu dugu. «Exotikoa Maule ez, Iparralde osoa dela esan dezakegu. Nire inguruko asko Cadizen oporretan erosoago dago Baigorrin baino. Asimilazio hori pentsa nola dagoen, baina baita niretzat ere e? Arrakala hori larria dela iruditzen zait, propio barrutik sortzen den zerbait delako. Ez dut uste kontzientzia faltagatik soilik sortzen denik. Izan ere, dena da politikoa goizean jaikitzen zarenetik oheratzen zaren arte. Iker Sarriegik esaten zuen apolitikoa ezin dela izan, apartidista, akaso. Zuk goizetik gauera egiten duzun guztian ezingo duzu-eta politikarekin duzun loturatik ihes egin».

“Etsipenez” kantuak herri txikietatik handietara joateaz dihardu. «Gaur egun, modernitis edo halako gaixotasun batek eraginda, bere borondatez hirira joateko ohitura hartu du askok. Ni ez naiz joango, hiriek nazka ematen didatelako. Jendeak hiriaren gezurrezko aukerek liluratuta hara joateko hautua egiten du, dena garestiagoa denean eta bizitza duin bat izatea oso zaila denean. Pentsa, Donostian lan normal batekin ezin da bizi eta donostiarrak periferiara joaten dira. Baina Donostiara bere zeru partikular bila doanak, ez badu diru askorik, jai dauka. Kostatik barrura doanak, ordea, aukeraren bat izan dezake. Izan ere, gehiegizko saturazioa dagoen tokietan ezinezkoa da bizimodua aurrera ateratzea. Hori bai, askatasunaren izenean dena posible den honetan, bakoitzak egin dezala nahi duena», esan zuen ataundarrak.

Herri txiki bateko bizipenak

“Zegama” abestia single gisa aurkeztu zuten eta bideoklipa ere egin dute gero. Herri txiki batean sortu den abestiak beste herri txiki bat du protagonista. «Umetan askotan joaten nintzen asteburuetan, aita bertakoa dudalako. Abestia nostalgiatik idatzita dago, baina Zegamako herrian dena ez zen zoragarria, asperraldi asko pasatakoak gara. Ataunen aldean abantaila bat badute, ondo egindako igerileku bat dutela. Baina bertakoek orain esaten didatenean zeinen kantu polita den, esan beharra dago ez dela munduko tokirik onena e? Dena dela, oroitzapen on asko ditut barruan gordeak», kontatu zuen Artolak.

Iturri berezi bat ere badela aipatzen da kantuan eta Haritz Artolak bertako ura probatua du, onartu zuenez: «Aspaldian ez naiz bertan izan eta, aizue, gibelerako ona den zerbait gogokoa badut behintzat. Orain jendea bertara joaten hasten bada, Zegamako Udalari plus bat eskatu beharko diogu. Akaso, mendi korrikalariak ere gerturatuko dira horrela herrian kontsumitzera. Gorka Urbizuk eta Iñaki Urbizu Pelak abesten dute bertan, eta aspaldiko lagun onak diren arren, ez da hori berek bertan parte hartzeko arrazoia. Gurasoetakoren bat zegamarra dute bai batak bai besteak eta horregatik esan genien ea abestu nahi zuten, eta baiezkoa eman, eta zuzenean ere abestu dute aurkezpen kontzertuan».

Iñaki Urbizu Pela da diskoko kantu baten protagonista, “Pelaren itzala” deiturikoarena. «Orain dela 20 urtetik gora Gramones taldearen kontzertu bat ikustera joan ginen Mendozara eta ordutik hona laguna dugu. Bere kantatzeko era, jarrera, nolakoa den… dena gustatzen zaigu. Bere neska, Aran, ere ondo erortzen zaigu. Gurekin pazientzia eduki beharra duelako, baina ‘mekaguendios’ bat azkar botatzen duen horietakoa da. Txantxak txantxa, lagun handia eta erreferentea ere bada Pela».

Lehendabiziko single gisa “Arima zartatua” abestia kaleratu zuten Unidad Alavesakoek. Rock doinu azkarrekin agertu ziren, askok akaso bestelako zerbait espero izan arren. Mende berriarekin batera dena azkarrago doala salatzen dute, hein batean, kantu horretan.

Haritz Artolak horrela azaldu zigun abestiaren letra: «Etorri da eta ea ez den tsunamia bihurtzen mende honetako olatua. Elkarrizketa hau bera posible da orain teknologia berriei esker, baina nik aurrez aurrekoak nahiago ditut. Tradizionala bihurtu nahiz halabeharrez; nire burua ez dago diseinatuta mende honetan bizitzeko. Nire andreak esaten dit duela ehun urte jaio behar nuela, eta nik esaten diot lehen karlistadaren garaian biziko nintzatekeela pozik, bederatzi umeko familia batean jaiota. Izan ere, nire burua ikusten dut duela 200 urteko bizimoduan, baina ez hemendik 100 urte barru».

Kolaborazioak, grabaketa

Kantuak berek eginak dira orokorrean, baina “Nire Mauleko maitalea” Fredi Pelaezen izenean sinatua dago: «Estudiora sartu ginenean aldaketa handia eman zion Fredik eta halako eragin bereziak sartu nahi zizkiola esan zigun, Nina Simone eta abar. Guretzat eragin horiek oso urrunekoak dira eta kantua berriz entzutean ez genuenez ia gurekin identifikatzen, berak sinatzeko esan genion. Erregistroa, ordea, gure izenean egingo dugu e? Aberasten bagara ere, guk kobratzeko. Afariren bat ordainduko diogu eta aurrera», esan zuen.

Pelaezekin grabatu dute diskoa Beasaingo Pottoko estudioan. Letrak Artolak berak eginak dira eta haietako bat gazteleraz idatzia dago, “Gregorio XVII”. Haritz Artolak Mikel Gonzalezen laguntza izan du horretarako. «Futbolari ilustratua bera, Realean jokatu ostean orain Zipren dabilena. Disko bakoitzean abestiren bat idazten hartu du parte Mikelek. Hasierako audioa ‘El Palmar de Troya’ serietik aterata dago eta nik ez neukan, egia esan, ideiarik ere zer zen. Jesu Kristorengan sinistea legezkoa eta batzuentzat onuragarria dela iruditzen zait. Hori bai, niretzat gero Clementek eskubide bera du Aita Santu izateko Juan Pablo II.ak izan zuen bezalaxe. Hau da, sekta edo erlijio bakoitzak bere eskubideak dituela eta ez dela hobea edo okerragoa dituen jarraitzaile kopuruarengatik. Zeren, horrela balitz, Shakirak guk baino musika hobea egiten duela onartu beharko genuke», esan zuen umoretsu Artolak.

Diskoaren azaleko argazkiak lotura zuzena du “Made in Germany” izenburuarekin eta badu bere istorioa. «Lazkaoko taberna batean aterata dago, gure bi lagun eta Ataunen ‘Alemana’ deitzen zaion pertsonaia bat agertzen dira bertan. Goizeko 4etan edo ateratako argazkia da eta egin eta astebetera ikusi genuen. Orduan bertan erabaki genuen diskoko azalerako argazkia bageneukala eta horregatik darama izenburu hori».

XXI. mendeko negartiak

Nahikoa rockabilly estiloan egindako abestia da “Osaba Tomas”. Karlisten buruzagia izan dute gogoan, beste batzuen artean, abesti honetan. Karlismoaren gorazarrea eta Chill Mafia lotu ditugu guk, errekete berriak ote diren galdetuta eta ea karlismoaren alde ote dagoen esanda: «Alde ez, baina ez gaude karlismoaren kontra; gainera, intuizioz idazten ditut halako abestiak. Karlismoa oso tradizionalista, espainolista, jainkoaren aldekoa eta abar da, baina desobedientzia moduko bat zen garai hartan eta kontuan izan ez zegoela besterik. Chill Mafiakoak nik ere horrela ikusten ditut, errekete berri moduan, eta konbentzionalismotik atera nahi badugu, halako gehiago beharko ditugu gurean. Gu dagoeneko zaharrak gara; hortaz, har dezatela erreleboa. Zaharrak izan eta gazte itxura mantendu nahi izatea, naturalki ez bada egiten, patetikoa da. Gazte mantentzeko era bakarra lanera ez joatea da. Gurutzek, gure gitarra-jotzaileak, modu naturalean darama hartara gaztetasuna».

Gurutz “Oh cryer” unean ote dagoen galdetu genion segidan. Izan ere, musikatik bizi nahi eta fabrikako lana ezagutzen ez duten “musikari kexatiei” idatzitako kantua da: «Gurutz ez da cryer bat, ez da sekula ere kexu agertzen. Gurutz survivor bat da. Gurean asko ikusten ditut, ordea, cryer moduan. Ekoizten den bezainbeste jaso nahi da bueltan eta ezinezkoa da askotan. Jendeak ez badizu kasurik egiten batean edo bestean jota, ez da jendearen errua. Zenbat kobratu du hori dioenak? Itzul dezala dirua, ez bada ordezkatua sentitu edota jendeak kasurik egin ez badio. Bestela, ez dadila kexatu kobratu duena kobratu duelako. Ez du balio jende gutxi mugitu eta dirulaguntza publikoetatik bizi eta gero jotzeko aretorik ez dagoela esanez kexatzea. Hemen areto asko dago, baina asko kobratu nahi bada, dena ezin da. Guk ez dugu halakorik inoiz bilatu eta asumitu beharra dago euskaraz abestuta BBCtik ez digutela deituko. Hori nahi duenak ingelesez abestu dezala eta joan dadila Londresera bizitzera, egin dezala benetako apustua. Nagi handia ematen dit pesimismo-biktimismo horrek. Guk musika gozatzeko egiten dugu eta kito. Ez gara horretatik sekula ere bizi izan».