Testua: Joseba SALBADOR

udako kultur ekintzak euskal herriko txoko guztietara hedatu dira

Osasun egoerak okerrera egin duen arren, urte sasoi honetarako antolatutako kultur ekitaldiak Euskal Herria osora hedatzen hasi dira. Bizkaian benetan aipatzekoak dira karmenak eta madalenak ospatu behar zituzten herrietan antolatu dituzten kultur egitarau zabalak.

Bizkaiko herri asko dira karmenak ospatzen dituztenak, eta aurten bigarren urtez jairik ospatu gabe geratuko badira ere, denetan antolatu dituzte kultur egitarau zabalak. Hori bai, azken egunotan osasun egoerak okerrera egin duenez, batez ere gazteen artean, gaueko jende pilaketak ekiditeko dei berezia egin dute udalek.

Barakaldon, esaterako, “Udan bai” kanpaina prestatu dute. Guztira, kultur eta aisialdirako 150 proposamen bildu dituzte, adin guztietako herritarrei zuzenduta eta modu seguruan antolatuta. Formatu txikiko ekitaldiak izango dira eta herriko auzo guztietara iritsiko dira [Ikusi egitaraua 6. orrialdean]. Ekintza horietan parte hartzeko, beharrezkoa izango da gonbidapena jasotzea, Barakaldoko Udaleko web orrialdean (www.barakaldo.eus), kultur etxeetan edo gizarte etxeetan.

Santurtzin ere formatu txikiko hogei bat ekintza antolatu dituzte, baina horiek datorren asteburuan egingo dira, 16tik 18ra, “Karmen kulturala” izenburupean. Bertan parte hartuko duten talde asko herrikoak dira, Udalak bertako kultur taldeak bultzatu nahi izan dituelako. Ekintzen artean, aipatzekoak dira besteak beste kale-antzerkia, kontzertuak eta nekazari azoka.

Ekitaldietarako gonbidapenak zozketatu egingo dira eta izena emateko epea bihar bukatuko da. Zozketa astelehenean egingo da Bolintxis aretoan. Kultur ekitaldiez gain, gaurtik aurrera eta astebetez haurrentzako barrakak ere egongo dira portuko pasealekuan.

Zornotzan, 60 ekitaldi

Udako egitarau zabala prestatu duen beste herrietako bat Zornotza da. “Uda kultura martxan 2021” izenburupean, 60 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte uztail osoan zehar, horien artean aipagarrienak kontzertuak, antzerkiak, dantza emanaldiak eta haurrentzako ikuskizunak.

Musikari dagokionez, formatu txikiko hamabi kontzertu antolatu dituzte herriko auzoetan eta herriko taldeen eskutik, baina baita formatu handiko beste hamar kontzertu ere.

Horrez gain, bertsolarien saioa (gaur arratsaldean), Euskal Herriko Artzain Txakurren Txapelketa (uztailaren 17an) edota piraguen jaitsiera ere antolatu dituzte egitarauaren baitan.

Zornotzan ere sarrerak zozketatu egingo dituzte. Parte hartzeko eskaera sarean (www.zornotzaaretoa.eus) edota Zelaieta zentroan egin behar da. Zornotzako Gazteak-ek antolatutako ekitaldiei buruzko informazioa eta sarrerak, bestalde, Urtza tabernan daude eskuragarri.

Markina eta Arrigorriaga

Baina badira Bizkaian udako kultur ekitaldiak antolatu dituzten herri gehiago ere. Markina-Xemeinen, esaterako, 30 ekitaldiz osatutako egitarau zabala prestatu dute uztail osorako: musika, antzerkia, haurrentzako ikuskizunak, kirola, artisautza azoka, gastronomia... Gaur bertan Gatiburen kontzertu akustikoa izango da UNI frontoian.

Antolaketa lanetan Udalak eta herriko hainbat elkartek hartu dute parte eta sarrerak edo gonbidapenak emanaldien astean bertan jaso ahal izango dira udaletxeko kutxazainean.

Arrigorriagan, bestalde, “Ongi etorri uda” egitaraua prestatu dute uztailaren 1etik 25era. Guztira 40 ekitaldi baino gehiago izango dira, adin guztiei zuzenduta, eta bihar Demodé Quartet taldearen kontzertua izango da. Ekitaldietan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea (kulturakoinskripzioak@arrigorriaga.eus) eta, behar izanez gero, zozketa egingo da.

Beste herri batzuetan, Sopelan esaterako, ekainean hasitako ekitaldiek jarraipena izango dute asteburu honetan eta hurrengoan. Besteak beste, kontzertuak eta zinema, dantza eta magia emanaldiak izango dira.

Kultur egitarauak Antzuolan eta Mutrikun, eta sanferminen usainean Iruñean

Gipuzkoako hainbat herritan ere jaiak ospatu beharko lituzkete asteburu honetan, baina horien ordez kultur ekitaldiak antolatu dituzte. Antzuolan, esaterako, uztail osorako hamabost ekitaldi antolatu dituzte, bihar bertan hasita, tartean aipagarrienak musika kontzertuak, kale antzerkia, haurrentzako ikuskizunak, kirol ekitaldiak, tailerrak...

Ekitaldi guztiak dohainik izango dira, bihar arratsalderako iragarrita dagoen Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia salbu (3 euro). Hala ere, kontzertuetarako sarrerak aldez aurretik hartu beharko dira, Labur.eus/sarrerakantzuola webgunean edota herriko liburutegian.

Mutrikun, bestalde, “Bada posible” jaialdiaren bigarren edizioa antolatu dute. Egitaraua uztailaren 29an zabalduko dute Olatz Salvador musikariaren emanaldiarekin eta hurrengo hamar egunetan Oreka TX, Nogen edo Izaroren kontzertuak izango dira, besteak beste.

Jaialdia Mutrikuko institutuan kokatuko den 700 metro karratuko karpan izango da eta 200 lagunentzako edukiera izango du ikuskizun bakoitzak. Osasun larrialdi egoera dela eta egoten ari diren dekretu aldaketak medio, sarreren inguruko informazioa ondorengo egunetan zabalduko da jaialdiaren web orrialdean: www.badaposible.eus.

Nafarroan ere oraindik sanferminen usainean jarraitzen dute eta, horren erakusle, Iruñeko egitarauak martxa berezia hartuko du asteburu honetan Ziudadela parkean. Horrela, gaur bertan La M.O.D.A. orkestraren emanaldia izango da eta, bihar, Zea Mays taldearena. Musika banden egitarauan, igande arratsaldean Azagrako bandak saioa eskainiko du. Horrekin batera, Erraldoien Konpartsa ikusi nahi duenak Ziudadelako arma-gelara joan besterik ez du asteazkena bitartean.

Lesakan, jaien ordez Udako Zikloaren bigarren edizioa prestatu dute. Egitaraua datorren ostiralean, uztailak 16, hasiko da MICE abeslariaren kontzertuarekin. Irailaren 19ra bitartean beste hainbat ekitaldi ere izango dira.