Xole ARAMENDI
DONOSTIA
Entrevue

«‘Algo más que morir’ egiteko izandako pasioa txundigarria da»

Amets “eroa” betetzea lortu zuten 2014an Jose Luis Murgak eta Oier Martinez de Santosek –lehenak idatzi zuen gidoia eta bigarrenak filmatu zuen –, Kuartango bailaran western bat filmatzea. Bizilagunak bidaide izan zituzten. Abentura hura gogoan, Maider Oleagak atzo bertan estreinatu zuen “Kuartk Valley” dokumentala.

Ez zen txantxetako kontua izan herritarrak lagun hartuta filma egitea. Ez hori bakarrik, westerna hartuko zuen «herrixka» ere eurek zerotik eraiki zuten, astebetean. Almeria, Kuartangon. «‘Hain da ideia zoroa, horregatik, lagundu egingo zaituztegula’, pentsatu zuten bizilagunek», gogoratu du Oleagak.

Martinez de Santosek denak autobusean sartu eta Almeriako bidea hartzea beste erremediorik ez zuen ikusten, baina Jose Luisek konbentzitu zuen «herrixka» bailaran bertan eraikitzeko, Kuartk Valley. Izena zizelkatuta duen xafla oraindik bertan aurki daiteke, egitasmo haren lekuko. Gainontzekoaren arrastorik ez da geratzen. «Pentsatu izan dut pena dela herrixka zutik zegoen bitartean ez iritsi izana, baina, bestetik, badu bere sinbologia, ametsekin gertatzen den bezala amestu ondoren oroitzapenak geratzen dira; polita da hori».

Dekoratuen faltan, “Algo más que morir” filmeko irudiak geratu dira amets haren lekuko. Zailtasun askori aurre egin behar izan zioten, tartean aktore protagonistak proiektua utzi zuenekoa, edo ziklogenesi leherkor batek Kuartk Valley bankua airean eraman zuenekoa.

Western klasikoak dituen elementu denak ditu “Algo más que morir” pelikulak: gizon zintzoa, gizon gaiztoa, neska liraina, tabernaria, sheriff ustela, apaiza, eta, nola ez, saloon-a. Topiko eta klixe denak.

Eta protagonista Murga bera da, Dick Murrayren larruan. Modu horretan bete zuen txikitatik amestu zuena, egun batez «bakero» sentitzea. Ondoan izan zituen antzezle lanetan Maite Marcos, Javier Salazar, Kepa Jimenez eta Laida Burguera. Bederatzi urte luzeko lana izan zen guztira, 2005etik 2014rakoa. Aipatzekoa da Almeria Western Film Festival zine jaialdian bi sari eskuratu zituela lanak, horietako bat publikoarena.

«Ni zinemagilea izanda filma aurrera ateratzeko izan zuten pasioa ikustea txundigarria da. Eta enpatia sentitu dut», aitortu du Oleagak. «Filma egiteko burugogorkeria, urteetan luzatu zen proiektua izanik, Jose eta Oierrena da; eta herritarrak ondoan izan zituzten», adierazi du.

Kuartango bailarako bizilagunak bai, proiektuaren parte izan ziren, baina handik kanpo oharkabean pasa zen. Maider Oleagak ere geroago izan zuen egitasmoaren berri, 2014. urtearen amaieran, proiekzio pribatu batean, lanak ez baitu banaketarik izan. «Hor bazegoela istorio bat kontatzeke pentsatu nuen orduan», gogoratu du.

Ondoren filma egiteko proposamena jaso zuen, 2015ean. Mario Madueño –Pantalla Partida ekoiztetxea– eta Luis Angel Ramirez –VD Films ekoiztetxea– izan ziren ideia luzatu ziotenak eta beraiek arduratu dira filmaren ekoizpenaz.

Kuartangon bertan ere, bizilagunen artean, ari zen egosten ordurako dokumentalaren asmoa. «Josek eta Oierrek egindakoa kontatzen zutenean jendea oso harrituta geratzen zen eta filma nola filmatu zen erakustera animatzen zituen», nabarmendu du Oleagak.

«Orduan hasi nintzen Kuartangora joaten, bertako jendea ezagutu eta proiektua abian jartzera. Oso polita izan da herritarrak ezagutzea. Filmaketaren garaia batean, gainera, Kuartangon bizi izan nintzen; oso gustura egon nintzen bertan. Kanpaleku batean bezala bizi ginen, gainera, filma egiten, guztioi asko gustatzen zaigun zerbait. Filmaketa egunak oso gozagarriak izan ziren denontzat», dio

Filmaketa zatika egin zuten, izan ere, ez zen batere erraza izan aktore lanetan aritu ziren herritarren agendak bateratzea. 2018ko udan hasi ziren, azaroan jarraitu zuten eta 2019ko abuztuan amaitu.

«Westerna oso genero garrantzitsua izan zen eta pertsona askok, gizonezkoek batez ere, euren burua islatuta ikusten zuten filmotan». Ez du urrutira joan beharrik, txikitan etxean bertan ikusi zuen hori. Aurreko belaunaldiei eginiko omenaldia da, aitonarenari eta aitarenari. «Westernak nire kultura zinematografikoaren parte izan ziren eta gustura asko... Txikitatik maite izan ditut eta gerora, batez ere ‘Kuartk Valley’ egiten ari nintzenean, berriro kusi ditut eta asko gozatu dut prozesu horretan, egia esan», kontatu du.

Oleagaren filmean makina bat keinu daude western klasikoei egindakoak. «Forma zinematografikoan hori lantzea oso polita izan da. Maialen Sarasuarekin batera egin dut muntaketa lana eta ‘usain’ hori eman nahi izan diogu».

2015ean hasitako lanak Zinemaldian ikusiko du argia, Zinemira sailean, sei urte geroago. Pozik ageri da Oleaga. «Joseren, Oierren eta nire asmoa beraien historia aditzera ematea zen, batez ere, Euskal Herrian. Inork ez daki hori gertatu zela Kuartangon. Eta Zinemaldia aproposa da horretarako eta oso zoriontsu gaude», aitortu du.