GARA
BILBO

2022ko urtarrilera atzeratu dute Alonsotegiko obra faltsuen epaiketa

Alonsotegiko obra faltsuen inguruko epaiketa, azaroaren 4an egitekoa zena, 2022ko urtarrilaren 18ra atzeratu dute, bi akusaturen, zehazki, Alberto Zulueta arkitektoaren eta Jose Luis Erezuma EAJko alkate ohiaren, abokatuek eskatuta.

Horiei eta Juan Torrontegi aparejadoreari, Marta Novo orduko udal arkitektoari eta Laneder Construcciones Francisco Javier Bediaga eta Eduardo Ibarra enpresako administratzaileei prebarikazioa, agiri ofizialak faltsutzea eta administrazio publikoei iruzur egitea leporatzen diete. Bilboko egungo alkate eta garai hartan Bizkaiko Aldundiko lehendakaritzako diputatu zen Juan Mari Aburtok lekuko gisa deklaratu beharko du.

Alonsotegiko EH Bilduk bultzatutako herri akusazioak zortzi urteko kartzela-zigorra, 15 urteko erabateko desgaikuntza eta 10.800 euroko isunak eskatzen dituzte akusatuentzat. Bestalde, Alonsotegiko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia akusazio partikularra dira.

Errekurtsorik aurkeztu ezean, epaiketa urtarrilaren 18an izango da Bizkaiko auzitegian.