Ane URKIRI ANSOLA
LAU ETA ERDIKOA

Bengoetxea bizirik iritsiko da ligaxkako azken partidara

BENGOETXEA VI 22

ELORDI 15


Partiduaren bigarren zati serio bati esker, Oinatz Bengoetxeak Aitor Elordi menderatu zuen atzo Bilbon, eta, beraz, Lau eta Erdiko Txapelketako final laurdenetako ligaxkako azken neurketara bizirik iritsiko da. Altuna III.a egungo txapelduna izango du arerio, baina leitzarra hauspotuta iritsiko da hitzordura.

«Oso pozik eta garaipenarekin erotzen» bukatu zuen partidua Bengoetxeak. Hemeretzigarren parte hartzea du kaiolako txapelketa nagusian eta estreinakoz ari den Elordiren aurka lehen zatian sufritzea tokatu bazitzaion ere, hamarnako berdinketaren ostean nagusi izan zen. Alde batetik bestera mugitu zuen mallabitarra, «eta frontoi honetan ezkerretik eskuinera aritzeak asko nekatzen du», azpimarratu zuen amaieran. Horixe izan zen giltzarria. 4-1eko partzialarekin errenta polita atera zuen eta Elordik amore eman ez bazuen ere, behin 18-12 aurreratuta, denbora kontua zen Bengoetxeak, bere esperientziarekin, neurketa borobiltzea.

Atzo «gustura» aritu zela aitortu eta hurrengo asteburuan Altuna III.aren aurka jokatzeko irrikatan azaldu zen Bengoetxea. Elordik, finalerdietan izateko aukerarik gabe, Pello Etxeberria izango du arerio.